AEBek txertoei patentea kentzea babestu dute

Joe Biden presidentearen gobernuak iritziz aldatu duela jakinarazi du, «salbuespenezko egoerak salbuespenezko neurriak» eskatzen dituela argudiatuta.

Herritar bat Pfizerren txertoa hartzen, Rio de Janeiron, Brasilen. ANDRE COELHO / EFE
Berria
2021eko maiatzaren 5a
22:40
Entzun

Orain arte uzkur agertu da, baina AEBetako Gobernuak COVID-19aren aurkako txertoei egile eskubideak behin-behinean kentzea babestu du. Indian eta Hego Amerikan, kutsatze kopuruak nabarmen egin du gora, eta, mundu mailako txertaketa prozesua azkartu asmoz, Bidenen administrazioak patenteak liberalizatzearen aldeko komunikatua plazaratu du gaur.

Katherine Taik MME Munduko Merkataritza Erakundeko ordezkari estatubatuarrak azpimarratu du AEBetako Gobernuak «tinko» sinesten duela patenteetan, baina egungoa egoera berezia dela: «Osasun krisi orokor batean gaude. Pandemiaren salbuespenezko egoerak salbuespenezko neurriak eskatzen ditu». Taik adierazi du AEBetako txertaketa «ziurtatuta» dagoela eta ahaleginak ugarituko dituztela txertoen produkzioa eta hornidura handitzeko. Burtsan, farmazia enpresen akzioek behera egin dute.

Indiak eta Hegoafrikak iazko urrian hasi zuten MMEn txertoaren patentea liberalizatzeko ekinaldia, eta Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako dozenaka herrialdek bat egin dute haiekin. Txertoak eskuratzeko herrialde aberatsenek baino baliabide urriagoak dituztenak dira, nagusiki.

MME Indiak eta Hegoafrikak elkarrekin aurkeztu dioten azken proposamena aztertzen ari da orain, Keith Rockwell nazioarteko erakundeko bozeramaileak gaur eman duen prentsaurreko batean azaldu duenez. Eskaera horren eduki zehatza ez dute jakinarazi, baina Rockwellek esan du proposamenen artean dagoela patenteak epe jakin batean askatzea, gero berriro ezartzeko horien gaineko egile eskubideak. MMEk ekainean egitekoa du Hegoafrikaren eta Indiaren eskaera aztertzeko bilkura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.