AB Transitio enpresak CAFi eman dio Suediako eskualdeko trenen hornikuntzaren kontratua. Horren bitartez, lau kotxeko hogei unitate elektriko (EMU), hiru kotxeko zortzi tren biodiesel-elektriko (BMU) eta power car bat egingo ditu Beasaingo enpresak. Horien truke, 250 milioi euro baino gehiago jasoko ditu CAFek, baina kontratuak aukerak ematen ditu eskaerak handitzeko. Zehazki, beste hemeretzi EMU eta zazpi BMU gehiago erosteko aukera izango du AB Transitiok. Horiek gauzatuko balira, hasierako kopurua ia bikoiztu egingo litzateke.
Transitio AB da kontratua sinatu duen enpresa, eta hura izango da trenen jabea. Gero, ordea, Suediako lau eskualdetako garraio agintaritza publikoei alokatuko dizkie. Izan ere, kontratua CAFek eta Suediako enpresa publikoak trenak erosteko 2014. urtean sinatu zuen esparru-akordioa du oinarri.
Lehen unitateak 2023. urtearen amaierarako entregatzea hizartu dute.
CAFek diseinatutako trenak Civity Nordic plataformakoak dira eta muturreko klima egoeretan (-40 C eta +40 C artean) zerbitzua eskaintzeko prest daude. Joonkooping, Kalmar, Kronoberg eta Blekinge konterrietan emango dute zerbitzua. Hasieran, tren berriek Kroosataagen eta Kustpileneko lineetan zirkulatuko dute, eta, azken horretan linea elektrifikatzeko plana dagoenez, BMU unitate bimodalak erostea erabaki dute.
CAFek nabarmendu du Eskandinaviaren aldeko apustu egin duela azken urteetan. Horrela, 2019an Suediako EuroMaint enpresa erosi zuen. Trenen mantentze lanak egiten dituen enpresa bat da, sektore horretako enpresarik handiena Suedian, eta Eskandinaviako beste herrialdeetan ere presentzia handia duena.
Beasaingo trengileak uste du EuroMainten bitartez aukera handiagoak dituela Europa iparraldean kontratuak lortzeko. Gogorarazi duenez, Eskandinavian trenak hornitzeko hainbat lehiaketa publiko izango dira hurrengo urteetan..
Gaur egun baditu hainbat proiektu Eskandinavian: Norvegiarako abiadura handiko unitateen hornikuntza, Helsinkirako metro unitateen fabrikazioa, Suediako Stockholm eta Lund hirietan tranbien flotak operazioan jartzea, eta ondoko herrialde Norvegiako hiriburu Oslorako tranbia flotak abian jartzea.