Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izurria kontrolatzeko prebentzio neurriak ezartzen dituen batzordeak, Labik, esana utzi zuen Aste Santuaren aurretik gaur berrituko zuela kasuen intzidentzia tasa handiarengatik itxi beharreko tokien zerrenda, eta zehaztu du zein diren toki horiek; guztira 26 udalerri itxi beharko dituzte. Besteak beste, Araba eta Gasteiz sartu dira eremu gorrian, eta bietan itxialdi perimetrala indarrean sartuko da bihartik aurrera.
Laurehun kasuko intzidentzia tasa gainditzen duten tokietan ezartzen ditu aparteko neurriak Labik. Toki horietatik ezin da atera aparteko baimenik gabe, eta ostatuek barruko jarduera mugatua dute ordu jakin batzuetara: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara bakarrik zabal ditzakete barruko aldeak bezeroentzat.
Aste osoan egon beharko dute horrela, zerrenda datorren astean berrituko baita. Gasteiz da eremu gorrian dagoen hiriburu bakarra. Araban, Eltziego, Iruña Oka, Bastida eta Legutio ere itxiko dituzte. Bizkaian, Berriatua, Berriz, Ermua, Ondarroa eta Zaldibar daude egoera horretan. Gipuzkoan, berriz, Arrasate, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Ormaiztegi, Oñati, Segura, Tolosa, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarraga.