Eusko Jaurlaritzak «ez du zalantzarik izango» COVID-19ren izurriaren hazkundea eteteko «beharrezko neurriak» hartzeko. Hala adierazi du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Urkulluren esanetan, datu epidemiologikoek adierazten dute pandemia «etengabe hazten» ari dela egunotan, eta, beraz, kezka azaldu du joera hori eta neurri murriztaileen betetze maila dela eta.
Urkulluk azaldu du hartutako neurriak «soilik osasun irizpideetan oinarrituta» daudela, baina «arriskuak hartu» dituztela, oreka bat lortzeko «osasunaren, arlo emozionalaren eta ekonomikoaren artean».
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 12.278 PCR proba eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 809 positibo atzeman zituzten, herenegun baino hamabost gehiago. Positiboen joerak, beraz, martxoaren 11n hasi zen goranzko joerari eusten dio. Positiboen portzentajea, berriz, %6,59 da.
Hori ikusirik, Urkulluk esan du izurriaren bilakaeraren adierazle guztiak «egunero» aztertzen ari direla.