Itxaropentsu ageri zen Eratsu Muñoz epaitegiaren aurrean. «Ea behingoagatik soldatapeko gisa onartzen gaituzten. Gu, eta beste plataforma digital batzuetako langileak. Eta ez gu bakarrik, Glovo beste sektore batzuetan sartu da. Uber Work-en antzeko aplikazio bat atera du argiketariak kontratatzeko, muntatzaileak...». Baina nor dira «gu» horiek? Ryder-ak, janari banatzaileak, alegia. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen batean oinarrituta, Lan ministerioa plataforma horiek banatzaileekin duten harremana arautzen ari da, baina, bitartean, Gizarte Segurantzak Glovori jarritako salaketen epaiketak aurrera doaz. Atzo Bilbokoa izan zen, EAEko Auzitegi Nagusian. Gizarte Segurantzak Bizkaian Glovorentzat diharduten 288 banatzaileri autonomo faltsuak izatea egotzi die. Banatzaileen abokatuak pozik irten ziren aretotik.
Glovo salatu zuen Bizkaiko lehen banatzailea izan zen Muñoz, Gizarte Segurantzak egin aurretik. «Istripua izan nuen, eta kanpoan utzi ninduten. Ez nuen ezer galtzekorik, eta niregatik eta besteengatik egin nuen. Hasieran, gutxi ausartu ginen, baina, gero, autonomo kuoten ordainketak berreskura genitzakeela jakin zutenean, gehiago animatu ziren». Izan ere, hori da epaiketako gakoetako bat: bi aldeen artean lan harremana dagoen ala ez argitu behar da. Enplegatzaile eta enplegatu direla ebazten bada, Glovok azken lau urteetako autonomo kuoten eta BEZaren zenbatekoa itzuli beharko die hala eskatzen duten banatzaileei. Espainiako hainbat hiritan antzeko epaiketak egin dira, eta azken aldiko ebazpen guztiek lan harremana dagoela berretsi dute.
Bilboko epaiketan zortzi abokatuk babestu zituzten banatzaileak. Askok ez dute ordezkaritzarik hautatu, besteak beste, hainbatek lana utzi dutelako dagoeneko. Espainiako Lan Ikuskaritzak 2018. eta 2019. urteetan ryder askorekin izandako solasaldien ondorioetan oinarritu da Gizarte Segurantza salaketa egiteko. Babes bloke handienak ELA —53 banatzaile— eta LAB —35 banatzaile— sindikatuenak dira. Juan Carlos Mediavilla epaileak banatzaileen defentsaren froga gehienak onartu zituen, baina ez haren lekukoak. Ziurtzat jo zuen akusazioaren jarrera berretsiko zutela.
Horiek horrela, arreta gune nagusia Glovoren defentsaren argudioetan egon zen. Abokatuak azaldu zuen Glovo bitartekari hutsa dela jatetxeen eta bezeroaren artean, eta «partziala» dela lan ikuskarien txostenetako kontakizuna. Era berean, esan zuen banatzaileak ez dituztela behartzen eskariak onartzera, haiek aukeratzen dutela ordutegia, eta «erabateko autonomia» dutela.
Enpresak auzipeturiko 288 banatzaileetako bat deitu zuen lekuko gisa. Santurtzi (Bizkaia) inguruan dihardu, eta epaileak onartu zuen haren hitza. Glovoren abokatuaren galderei erantzunez, haren tesia berretsi zuen. Besteak beste, nabarmendu zuen borondatezkoa dela enpresaren logodun saskia eramatea.
Sindikatuen abokatuen galderekin, ordea, kontraesan gehiago izan zituen. Esan zuen lanean hasi zenean Glovoren formakuntza saio bat jaso zuela, eta han lan egiteko eman zuela izena autonomoen erregistroan, «hasi baino egun bat lehenago». Gainera, azaldu zuen fakturak ez zituela berak egiten, Glovok baizik, eta bezeroen puntuazio sistemak eragina duela ordutegien aukeraketan: gero eta altuagoa izan, lehentasuna zuela «eskaera handiko» ordutegietan izena emateko. Era berean, azaldu zuen sakelako telefonoren GPSa piztuta eraman behar zuela beti aplikazioak haren kokapena jakiteko.
Helegiteak, ziur
Irati Diaz ELAko abokatua zorrotz ibili zen galdetegian, eta «baikor» amaitu zuen saioa: «Lekukoari galderak egin dizkiogunean garbi ikusi da zein den langile hauen errealitatea». Defentsa horretan zegoen Diego Gonzalez LABeko abokatua ere: «Sentipen onarekin amaitu dugu. Iruditzen zait litekeena dela epaileak lan harremana berrestea, aplikazioaren kontrola duena Glovo delako, eta hark banatzen duelako lana». Gonzalezek gehitu zuen ez dela erraza banatzaileak salaketa jartzera ausartzea, asko «zehar-kalteen beldur» direlako.
LABek, halaber, bere balorazioa egin zuen. Euskal alderdiei eskatu zien erregularizazioren alde lan egin eta «aplikazioaren menpe dauden langile guztiei laguntzeko». Espainiako Gobernuari kritika egin zion iazko udan hasi zuelako banatzaileen lan estatusa arautzeko bidea eta oraindik ez duelako amaitu.
Epaiketari dagokionez, aldeek apirilaren 9tik aurrera aurkeztu ditzakete ondorioak. Galtzen duenaren helegitea ziurtzat jotzen da. Hala, oso litekeena da lan arauaren aldaketa azken ebazpenaren aurretik iristea.
Lan gatazka
Ryderrak: duintasunerantz pedalei eragiten
Glovo janari-banaketa enpresaren eta haren 288 banatzaileen aurkako Bilboko epaiketak itxaropentsu utzi ditu langileen abokatuak. Uste dute bi aldeen arteko lan harremana agerikoa dela. Glovok deituriko lekuko batek aitortu du enpresak formakuntza eman ziola eta fakturak eginda jasotzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu