Donostiako Udalak Wavegarden enpresarekin batera hirian eraiki nahi duen olatu artifizialen parkearen aurka agertu dira hainbat elkarte. Diotenez, kezka handiz hartu dute udalak iragarritako proiektua, eta beren ardura ingurumena babestea dela adierazi dute. «Are gehiago bizi dugun klima larrialdian». Hain zuzen, salatu dute parkea kostaldetik lau kilometrora eraikitzea dela asmoa. «Parketik oso gertu surfa modu natural eta iraunkorrean egin daiteke», gogoratu dute.
Surf parkeak berdegune baten artifizializazioa ekarriko duela azpimarratu dute kolektiboaren sustatzaileek: «Horrek eragin nabarmena izango du ingurumenean, eta, neurri handi batean, komunitate surflariaren balioen aurkakoa da». Hala, surf parkea eraikitzeko proiektuaren aurka egiteko parkeak bederatzi hektareako lurzoru naturala artifizializatu, espezie askoren habitata degradatu, surfa artifizializatu, lurzoru publiko asko urbanizatu, baliabide asko kontsumitu eta «zalantzazko beharra» duen azpiegitura bat eraikiko dela argudiatu dute, besteak beste.
Bultzatzaile ezagunak
Hain zuzen, Surfrider Foundation Europe, Eguzki talde ekologista, Fridays for Future klima aldaketaren aurkako mugimendua, Haritzalde eta Parkea Bizirik elkarteak, Itsas Enara elkarte ornitologikoa eta Bizilagunekin plataforma dira kolektiboa osatzen duten zazpi taldeak. Horrez gain, Greenpeace, Surf & Nature Alliance eta SEO-Birdlife taldeen babesa eta laguntza ere jaso dute.
Donibane Lohizunen duela pare bat hilabete lortu zuten antzeko proiektu bat geldiaraztea, eta, orain, Donostian ere lortu nahi dute. Antondegi Gaina gune natural gisa defendatzea eta olatu artifizialaren proiektua edo ingurune hori mehatxatuko duen beste edozein egitasmo geldiaraztea da Antondegi Berdea–Olatuak Itsasoan kolektiboaren helburu nagusia.