Moriako errefuxiatuen kanpamentuan joan den astean detektaturiko lehen koronabirus kasuak alarma piztu du Lesbos uhartean. Greziako osasun zerbitzu publikoak ostegunetik hona esparruko biztanleen artean egin dituen PCR testekin beste hamabost kasu identifikatu dituzte dagoeneko, eta, orain, ikusteko dago zein izango den birusaren bilakaera Europako errefuxiatuen kanpamenturik handienean.
Dena den, argi dagoena da Moria ez dagoela prest halako egoera larri bati aurre egiteko: gainpopulazioa, ilara luzeak, ur iturrien falta, hondakinen pilaketa, osasun zerbitzuetarako heltze mugatua... Eta, hori gutxi balitz bezala, kanpamentuan bizi diren ia 13.000 pertsonak gainean sekulako karga daramatela iritsi dira une zail honetara, besteak beste, martxoaren 22tik hona luzatu den berrogeialdi amaigabe baten ondorioak jasaten ari direlako.