Sud Ouest egunkariaren arabera, Baionako herriko etxeko zentro teknikoa hetsi dute, langile bati koronabirusa atzeman diotelako. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) polizia etxeko bi kasuekin lotura izan du emakumeak, eta positibo agertu da PCR proban. Zentroa hetsirik egonen da gaur, eta protokolo sanitarioa aplikatuko dute gunea desinfektatzeko. Beste hamabost langile bakartu dituzte, emakumearekin harremana izan dutelakoan, eta datozen egunetan egin beharko dute PCR proba.
Orotara, 250 langile ari dira zentro teknikoan; ez dute lanera joan beharko protokolo sanitarioa bete arte.
Ipar Euskal Herrian ere, gaitza hedatzen ari da, eta azken egunotan zenbait kasu agertu dira Baigorrin (Nafarroa Beherea). Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera «goizegi» da agerraldi bat den jakiteko, baina BERRIAri baieztatu dio kate epidemiologikoa ikertzen ari dela.
Bestalde, Eskualdeko Osasun Agentziak Ziburun (Lapurdi) izandako agerraldiarekin 14 pertsona lotu ditu dagoeneko, guztiek PCR proban positibo eman ondotik. Iragan astean, agentziak hamahiru kasu atzeman zituen agerraldiarekin lotuta. Horietatik hamar euskal herritarrak dira. Itsasontzi batean eginiko festa pribatu batean du jatorria agerraldiak, eta iragan astelehenean Ortzaizen (Nafarroa Beherea) atzeman ziren hiru kasuak ere agerraldi horrekin lotuta bide daude.