COVID-19aren bi agerraldi izan dira Nafarroan azken orduetan. Santos Indurain Nafarroako Gobernuaren Osasun kontseilariak jakinarazi du Tuterako agerraldian 23 pertsonak positibo eman dutela, eta Iruñekoan, bostek. Indurainek nabarmendu du egoera aztertzen ari direla ikusteko zein neurri har daitezkeen.
Tuterako agerraldiari dagokionez, Indurainek adierazi du bi kasu detektatu zituztela aurreko egunetan. Horiek «ezkontza batean» kutsatu ziren. Beraz, atzo PCR proba egin zieten 34 pertsonari, eta guztira 23 dira agerraldi horrekin lotuta atzemandako positiboak. Horietako bat ospitaleratu egin dute. Iruñeko agerraldiaz esan du bazekitela bi pertsona kutsatuta zeudela, PCR probak egin dizkietela ingurukoei, eta beste hiruk eman dutela positibo. «Familia baten barruan gertatu da».
Indurainen esanetan, bazekiten udan agerraldiak egongo zirela. «Eta aurrerantzean ere agerraldiak izango ditugu». Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendariak ere nabarmendu du agerraldiak egongo direla, eta iruditzen zaio «inportanteena» dela horiek nola kudeatzen diren. Detekzioan eta kutsatutakoen zein kutsatutakoen «gertuko pertsonen» bakartzeetan jarri du azpimarra.
Gaitza azkar detektatzea da Nafarroako Gobernuaren «helburua», eta herritarrei esan die sintomarik baldin badute osasun etxeekin jar daitezela harremanetan. «Ondoren, 24 orduren buruan jakingo dute sintoma horiek gaitzarenak ote diren».
Duela hiru bat aste Sunbillan eta Iruñerrian izandako agerraldiak ere izan ditu hizpide, eta esan du kontrolpean daudela, nahiz eta ez dauden «guztiz itxita». Iruñerrikoan 14 pertsonak eman zuten positibo, eta Sunbillakoan, 21ek.
Maskarak, «nahitaez»
Ez da agindu bat, baina Artundok esan du maskarak «nahitaez» erabili behar direla, izan «barruko espazioetan, izan kanpokoetan». Gaineratu du segurtasun distantzia mantendu behar dela pertsonen artean, higiene neurriak hartu behar direla, eta toki itxietako aireztapena «oso inportantea» dela.
Bestetik, Nafarroako Ospitalean «ez dago nobedaderik» COVID-19agatik ospitaleratutakoei dagokienez. 17 pertsona daude ospitaleratuta; horietako bat dago ZIU zainketa intentsiboen unitatean.