Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du 15,4 milioi euro jartzea enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileen soldatak osatzeko: hilean 150 euro gehienez. Uztailaren 1etik irailaren 30era arteko erregulazioei eragingo die. Osagarri horren helburua da aldi baterako erregulazioek eragindako errenten murrizketa «arintzea», egoera horretan egon aurretik langileek zuten «bizi mailari eusten laguntzeko».
Ekainaren 18an adostu zuten osagarri hori Jaurlaritzak, patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian —ELAk eta LABek ez parte hartzea erabaki zuten—.
40.000 pertsonari baino gehiagori eragingo die neurriak. Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek. %50etik beherako lanaldia duten langileek 100 euro jasoko dituzte, eta % 50etik gorako lanaldia dutenek, 150. Tarte horiek berdin mantenduko dira aipatutako kotizazio oinarritik beherako soldata duten guztientzat.