Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioak iragarri ditu ekainaren 19rako

Herritarrak aktibatzea ezinbestekotzat jotzen dute, «aurreko krisien ondoren gertatutakoa» errepika ez dadin. Datozen egunetan emango dituzte zehaztapen gehiago mobilizazioaren inguruan. Hiriburuetan izango dira.

Eskubide Sozialen Gutunak deituta, gaur Iruñean eginko bizikleta martxa. JAGOBA MANTEROLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 29a
11:27
Entzun

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragile sozial eta sindikatuek mobilizazioak antolatu dituzte ekainaren 19rako, Etxean geratu naiz, orain kalera aterako gara lelopean. Aurreratu dute hiriburuetan izango direla mobilizazioak, baina ez dute zehaztasun gehiago eman.

Manifestu labur bat kaleratu dute, «dozenaka eragilek» babestutakoa. Horren arabera, herritarrak aktibatzea ezinbestekotzat jotzen dute, COVID-19ak eragin dezakeen krisi ekonomiko eta sozialari erantzuteko. «Ezin da errepikatu aurreko krisien ondoren gertatutakoa, eta, konfinamenduaren gogorrena igaro ondoren, kalea berreskuratuko dugu».

«Normaltasunera» itzultzea ezinezkotzat jotzen dute, eta azpimarratu dute aurrera begira hartu beharko diren neurrietan «pertsonak» lehenetsi beharko direla. «Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!»

Aurreko asteetan ere mobilizatu dira Gutun Sozialeko Eskubide Sozialen Gutuneko eragileak. Gaur, bizikleta martxa bat egin dute Iruñean, erakundeetako egoitzetan euren aldarrikapenak zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.