Macronen eta Merkelen planak ez ditu konbentzitu

Europako Batzordearen laguntzak maileguen bidez banatzea defendatu dute Herbehereek, Austriak, Suediak eta Danimarkak. Eta gehienez bi urterako izatea. Horren trukean doikuntzak eta erreformak eskatu dituzte.

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa, Sebastian Kurz Austriako kantzilerra eta Angela Merkel Alemaniakoa, Europako Batzordeak otsailean eginiko bileran. OLIVIER HOSLET (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 23a
18:11
Entzun

Milimetro bakar bat ere ez dira mugitu Herbehereak, Austria, Suedia eta Danimarka. Hasierako jarrerari eutsi diote; Frantziak eta Alemaniak aurreko astean egindako proposamenetik oso urrun, beraz. Macronek eta Merkelek bilioi erdi euroko funts bat sortzea proposatu dute, transferentzien bidez banatzeko, eta ez maileguen bidez. Lau herrialde horiek uste dute hori «dohaintza» bat dela, trukean estatuek ez dutelako «ezer itzuliko».

Laukoak koronabirusaren osteko berreskuratze funtserako proposamena egin du: Efe berri agentziak jakinarazi duenez, laguntzak aldi baterako izatea nahi dute —gehienez ere bi urtez eska daitezkeenak— , eta diru hori herrialdeen artean banatzea maileguen bidez. Era berean, ez dute zorra mutualizatu nahi, ezta herrialdeek Europako diru kutxari egin behar dioten ekarpena igotzea ere —estatu bakoitzaren Errenta Nazional Gordinaren% 1,16 da gaur egun—.

«Ezin dugu onartu zorra mutualizatzeko tresnarik edo neurririk, ezta EBren aurrekontuan igoera esanguratsurik ere. Estatu kide guztiok aurrez sekula izan gabeko uzkurdura ekonomikoa jasango dugu 2020an, eta 2021ean suspertze partziala izango dugu», dio dokumentuak.

Europako Batzordeak asteazken honetan aurkeztekoa du bere plana, datozen zazpi urterako aurrekontu egitasmoarekin batera. Batzuen eta besteen jarrerak ikusita, luze jo dezakete negoziazioek.

Batzordeak hainbat laguntza onartu ditu jada —750.000 milioi guztira, maileguen bidez— , horiek eta berreskuratze funtsekoak 2021-2027rako aurrekontuari gehitzearekin ados dago laukoa.

Mesfidantzak

Dena den, euren egitasmoak ez du diru kopuru zehatzik aipatzen, Frantzia eta Alemaniarenak ez bezala. Proposatu dute Europako Batzordeak finantza susperraldirako herrialde bakoitzak zenbat diru behar duen zehaztu arte itxarotea.

Laukoak uste du laguntzak jasotzen dituztenek errekuperazio plan propioa egin behar dutela, «beharren ebaluazio zehatza eginez», eta erreformak egiteko konpromisoa hartuz. Eta azpimarratu du horien helburua izan behar dela «merkatu bakarra indartzea». Laguntzak jasotzen dituzten estatuek diru horrekin egin dezaketen «iruzur posibleez» ohartarazi du.

«Babesak ziurtatu behar du estatu kide guztiak hobeto prestatuta egongo direla hurrengo krisialdirako. Erreformekin eta zerga esparruarekin konpromiso sendoa izatea funtsezkoa da hazkunde potentziala sustatzeko».

Maileguen inguruan, defendatu dute «baldintza onuragarrietan» ematea, baina ohartarazi dute horrek ezin duela «arriskurik» suposatu gainerako kideentzat.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea maileguen eta transferentzien arteko «oreka» baten alde agertu da. Dena den, Batzordeak argi du aurrekontua nabarmen handitu beharko duela. Valdis Dombrovskis presidenteorde ekonomikoak esana du egungoaren halako bi izan daitekeela, eta horretarako estatuek kutxa komunari egiten dioten ekarpena handitu beharko dutela.

Europako Parlamentuak «gehienbat» itzuli behar ez diren transferentzien alde egin du. Hegoaldeko herrialdeek —haiek jasango dituzte ondorio latzenak— eta bereziki Italiak eta Espainiak saihestu nahi dituzte maileguak, euren zor ratioak eta arrisku sariak gehiago igo ez daitezen eta Europako Iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko arrakala ekonomikoa gehiago zabal ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.