Nafarroan debekatu egin dute gastronomia elkarteetan biltzea

Nafarroako Gobernuak atzera egin du, «etxe askotako jendea» elkartzen delako han. Salbuespena dira 500 biztanle baino gutxiago dituzten eta tabernarik ez duten herriak, herritarrak elkartzeko leku bakarra baldin badira.

Iruñeko kaleak, maiatzaren 12an, konfinamendua arintzeko 1. fasean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2020ko maiatzaren 16a
17:12
Entzun

Nafarroako Osasun Sailak herritarrei debekatu egin die gastronomia elkarteetan eta aisialdi lokaletan elkartzea. Eremu pribatuko espazioak diren arren, «ezin dira etxeen parekotzat hartu», sailak ohar batean azaldu duenez, taldean erabiltzen direlako. Elkarteetara joatea baimenduta egon da aste honetan, gehienez hamar laguneko taldeentzat, baina Nafarroako Gobernuak atzera egitea erabaki du.

Maiatzaren 15eko 21/2020 Foru Aginduan azaldu dute jendea elkartzeko leku horietan pertsona asko ibiltzen direla joan-etorrian, eta askotan familia ezberdinetakoak izaten direla; hortaz, bereizi egin dituzte konfinamendua arintzeko egungo fasean onartuta dauden bileretatik.

Debekua Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Institutuaren txosten teknikoarekin osatu dute. Baditu salbuespen batzuk: ez dute aintzat hartuko 500 biztanle baino gutxiago dituzten tabernarik, jatetxerik eta elkargunerik gabeko herrietan, elkarte horiek liratekeelako jendea elkartzeko toki bakarra. Kasu horietan, herriko alkateak baimena izango du leku horiei terraza jartzen uzteko, eta barruko lekua erabiltzeko ere bai, baldintza egokiak betetzeko aukerarik baldin badago.

Testu horretan bertan adierazi dute udalen esku dagoela hilerriak irekitzea, eta «gomendagarria» dela herritarrek lehenbailehen izatea hara joateko aukera, prebentzio neurriekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.