Espainiako Gobernuak beste hilabetez luzatu nahi du alarma egoera

Babesa eskatuko dio Kongresuari asteazkenean. Pedro Sanchezek iragarri du azken luzapena izango dela.

Pedro Sanchez, asteazkenean, Kongresura bidean. BALLESTEROS, EFE
Jon Ordoñez Garmendia - Andoni Imaz
2020ko maiatzaren 16a
13:54
Entzun

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri duenez, gobernuak alarma egoera beste hilabete batez luzatzeko eskatuko du Kongresuan. Azken luzapena izango dela iragarri du; izan ere, iragarri du Espainiaren zati handi batek bukatua izango duela uda amaierarako alarma egoeratik ateratzeko prozesua.

Sanchezen arabera, alarma egoerak emaitza onak eman ditu ezarri zenetik, «bai kutsatu asko izan dituzten lurraldeetan, baita gutxi izan dituztenetan ere». Zuhurtzia eta segurtasun neurriak defendatu ditu horregatik. «Jarraitzen ari garen bidea da bakarra». Murrizketen bide hori hartu izan ez balitz, talde immunitatea lortu nahi izan duten zenbait herrialdek egin duten bezala, kutsatuak 30 milioi izatera iritsiko zirela esan du, eta hildakoak, 300.000.

Gaur Moncloan eman duen agerraldian, azaldu du alarma egoeraren hurrengo luzapenean —Espainiako Kongresuak datorren asteazkenean onartuz gero—, instituzioak ere hasiko direla euren jarduna aldatzen, eta agintari bakar batek hartu duela orain arte zenbait ordezkariren artean banatu duten lana: Salvador Illa Osasun ministroak.

Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu du Illak ezarriko duela konfinamendua arintzeko «erritmoa». Aurrerantzean ere lurralde bakoitzak bere bidea egingo du: «Espainiako Gobernuak ikusten baldin badu hilabete igaro aurretik alarma egoera bertan behera utz daitekeela lurralde osoan ala zatiren batean, egin egingo dugu», esan du.

«Alarma egoera da gobernuak epidemiari aurre egiteko daukan tresna bakarra, eta ondo funtzionatu du», adierazi du. Dena dela, alarma egoera bukatzen denean ez da guztia bukatuko: Espainiako Gobenruak eta PSOEk Espainiako Kongresuko taldeekin hitz egingo dute ondoren epidemia nola «gobernatu» erabakitzeko. Sanchezek esan du litekeena dela joan-etorriak mugatzea ordutik aurrera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.