Murga: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso egoera onean gaude»

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du terrazetako atzoko irudiek haurrak irten ziren lehen eguna gogoratu diotela: «Ezin dugu konfinamendua betiko mantendu; mugikortasunean eta harremanetan aurrera egin beharra dago».

Erizain talde bat iluntzeko txaloak lehiotik egiten atzo, Donostiako Ospitalean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 12a
14:07
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ostean agerraldia egin dute Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Arantxa Tapia Ekonomia eta Azpiegitura sailburuak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Murgak han aurkeztu ditu eguneko datuak, eta analisi baikorra egin du: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oso egoera onean daude, eta horregatik has gaitezke etxetik kanpoko jarduerak areagotzen». 

Atzo, Hego Euskal Herrian, beste bederatzi hildako eta PCR bidez baieztatutako beste 27 koronabirus kasu erregistratu zituzten osasun zerbitzuek. Beraz, horiek kontuan hartuta, 1.932 lagun hil dira Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz. Kutsatutakoak, berriz, 25.477 dira Hegoaldean, test azkarren bidez antzemandakoak ere kontuan hartuz gero. Atzo 293 lagunek eman zuten positibo test serologikoetan; proba horrek, ordea, gaixotasuna izan dutela soilik baieztatzen du, ez gaur egun birusa dutela. Azkenik, ospitaleratuta jarraitzen dute 575 lagunek, eta horietako 96 daude zaintza intentsiboetako unitateetan.

Datuak aztertzeko, atzokoak duela hilabete jasotakoekin alderatu ditu Murgak. Nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan apirilaren 12an koronabirusa antzemandakoen %45,2 soilik zeudela sendatuta, eta orain, berriz, «ia bikoitza» (%83,6). Ez hori bakarrik: «Duela hilabete, egunean 300 positibo inguru baieztatzen genituen, eta gaur 11 izan dira; konfinamenduari esker lortu ditugu datuok». Dena den, zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko ere eskatu du Osasun sailburuak, ospitaleetakoez gain oraindik 600 lagun inguruk etxean bakartuta jarraitzen baitute. 

Murgaren ustez, «datuek euren kabuz hitz egiten dute», eta horregatik hasi zinen atzo «mugikortasuna eta harremanak berreskuratzen». Ildo horretan, atzo hainbat terrazatan ikusitako irudiez galdetu diote kazetariek. Hori gertatu izanaren alde ona azpimarratu du sailburuak: «Atzokoak haurrak irten ziren lehen eguna gogorarazten dit; orokorrean, hausnarketa indibidual eta kolektiborako balioko digula uste dut, beti egongo baitira arauak hausten dituzten pertsonak».

Egoera orokorraz ere hitz egin du, azaldu duenez ezin baitute konfinamendua «betiko» mantendu: «Orain badakigu txertoa iristeko hilabeteak falta direla; badakigu pandemiak berriz jo dezakeela; baina aurrera egiten saiatu behar dugu mugikortasunean eta harremanetan».

Gurutzetako oihuak

Hala, galdetu diote ea nola den posible terrazetan hamar lagun bildu ahal izatea baina etxeetan ez. Murgaren arabera, hori da eurek egin duten legediaren interpretazioa, eta aitortu du agian «edalontzia erdi hutsik» ikusi dutela —araudiaren irakurketa zorrotza egin dutela azaltzeko erabili du esamolde hori—. Eremu publikoan elkartzea segurtasunagatik dela esan du, hala «aire zabalean eta zaintzapean» egiten baitira bilkura horiek.

Azkenik, kazetariek atzo Gurutzeko ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) Murgaren beraren eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aurka egindako protestaz galdetu diote. Sailburuak esan du errespetatzen dituela sindikatuak eta haien aldarrikapenak, baina ez formak: «Espero dut jendeak ulertzea nire eginbeharra dela osasun zentroetara joatea, pandemiari emandako erantzuna ondo ezagutzeko. Egin genuena arrazoituta dagoela uste dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.