Asian kezka hedatu da izurria berriz zabaltzen ari delako

Hego Korean atzera egiten ari dira, eta tabernak ixten, Seulen birusa berriz hedatzen ari delako. Txinako Wuhan hirian ere, kasuak atzeman dituzte azken orduotan, hilabete bat garbi igaro ondoren

Osasun langileak institutu bat garbitzen, Seulen, gaur. Asteazkenean berriz ireki asmo dituzte eskolak. JEON HEON-KYUN / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 11
09:34
Entzun

Koronabirusa kontrolatzeko borrokaren eredutzat jarri izan dute Hego Korea, test ugari eginda egin ziotelako aurre izurriari. Epidemia gainditta zutelakoan, azken orduetan beste agerraldi bat egin du birusak.

Seulgo bost tabernatan zabaldu da. Horietan egondako 5.517 pertsona aurkitzeko ahaleginetan dabiltza agintariak, tabernetako bisita erregistroak baliatuta. Derrigorrezkoa da izena eta telefonoa ematea horietan Hego Korean. Halere, zailtasunak dituzte osasun agintariek, tabernetako asko LGTB komunitatearekin lotuta daudelako, eta herrialdean haien kontra dagoen diskriminazioa dela-eta kide askok datu faltsuak ematen dituztelako erregistroetan. Oraingoz bakarrik 2.405 aurkitu ahal izan dituzte, azterketa egiteko eta bakartu daitezen agintzeko. Beste 1.982 pertsonak datu faltsuak eman dituztela uste dute agintariek.

Hiriburuko tabernak eta klubak berriz itxi dituzte, eta SMS mezu bat bidali diete herritar guztiei, bost taberna horietan egon zirenei eskatzeko PCR testak egiteko, eta negatiboa emanda ere hamalau egunez etxean bakartzeko.

Wuhan, berriz
Hego Koreako hiriburuaz gain, kezkatzeko moduko datuak heldu dira azken orduetan pandemiaren abiapuntutik: beste bost kasu atzeman dituzte Txinako Wuhan hirian. Atzo iragarri zuten lehena, hiriak hilabete bat baino gehiago zeramala positiborik gabe: 35 egun, hain zuzen ere. Txinan, denera, hamazazpi kasu atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta horietako hamar bertan kutsaturikoak dira. Bi hilabetez egon zen hiria konfinamenduan, urtarrilaren amaieratik.

Txinako Osasun Batzorde Nazionalak eman du kasuen berri gaur. Haien arabera, positibo eman dutenek ez zuten sintomarik.

Wuhango bost horiez gain, Jiolin, Liaoning eta Heilongjiang eskualdeetan atzeman dituzte positiboetako hiru. Hamazapi kasuetatik zazpi baino ez dira atzerritik heldutakoak.

Une honetan, Txinan, 141 pertsona daude diagnostikatuta. Horietako bederatzi daude larri, eta lehen aldiz jaitsi da zenbakia hamarretik. Denera 4.633 pertsona hil ditu gaitzak Txinan, zenbaki ofizialen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.