Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 495 COVID-19 kasu gehiago baieztatu dituzte Euskal Herrian: 82 Araban, 158 Bizkaian, 40 Gipuzkoan eta 215 Nafarroan. Horiek kontuan izanik, Euskal Herrian atzemandako kasuak 25.000 baino gehiago dira: 25.658, zehazki. Hildakoak, berriz, 1.900 dira. Atzo hamasei gehiago zenbatu zituzten; horietatik hamabi, Bizkaian. Gipuzkoan herritar bat hil zen atzo koronabirusaren ondorioz, eta Nafarroan, hiru. Araban, berriz, ez dute heriotzarik zenbatu, bigarren egunez jarraian.
Eusko Jaurlaritzak emaniko datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 4.964 PCR test egin zituzten atzo, eta 4.482 test azkar. Nafarroan, berriz, 1.116 PCR test eta 2.097 test azkar egin zituzten.
Koronabirusaren eraginez ospitaleratutako herritar kopuruak behera egin du Hego Euskal Herriko lurralde guztietan, Araban izan ezik. Uneotan, 104 lagun daude ospitaleratuta han, atzo baino bi gehiago. Bizkaian 287 (-14) lagun daude ospitaleratuta; Gipuzkoan, 86 (-4); eta Nafarroan, 126 (-3), gaur argitaratutako datuen arabera. Horietatik 105 zainketa intentsiboetako unitateetan daude.
Sendagiria jaso dutenak, berriz, 16.976 dira Euskal Herrian. Jaurlaritzak adierazi du 445 lagun gehiago sendatu zirela atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazi du lurralde hartako ospitaleetan beste 90 alta eman direla. Ipar Euskal Herriko datuak eskuratzea zailagoa da. Halere, apirilaren 28ra bitartean 74 lagunek jaso zuten sendagiria Baionako ospitalean.