Koronabirusak eragindako zauriak ixteko legegintzaldia izango da hurrengoa. Hala adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Argitzeko dago oraindik uztaileko bigarren edo hirugarren igandean egingo diren bozak, berak nahi bezala, baina, orduan izan ala udazkenean izan, hauteskundeen ondorenean jarria du burua. Haren ustez, hurrengo legegintzaldi osoa beharko da koronabirusaren krisiaren aurreko egoerara itzultzeko.
Lehendakariak azpimarratu duenez, «eusteko garaia» da, «behar handiena duten familiei laguntzekoa, eta ahalik eta enplegu gehien mantentzen saiatzekoa». Utzitako bideari «berriz ekiteko» eta azken asteetako joera «iraultzeko», uste du beharrezkoa izango dela «batasuna» izatea eragile ekonomikoen artean eta «egonkortasuna» erakundeetan, ekonomia eta enplegua «bermeekin» suspertu ahal izateko «hurrengo legegintzaldi osoan». Hala, eragile horiei proposatu die enplegu eta suspertze ekonomikorako plan bat egitea, «momentura egokitua eta etorkizunera bideratua» izango dena.
EAEko Mahai Sozioekonomikoaren bileran egin ditu adierazpenok lehendakariak. Han izan dira zenbait sailburu eta hiru foru aldundietako ordezkariak, sindikatuetakoak, patronaletakoak, merkataritza ganberetakoak eta Mondragon Taldekoak, besteak beste.
Lehendakariaren ustez, latza izango koronabirusaren krisiak ekonomian utziko duen arrastoa. Espero du urtebeteko epean jarduera pandemiaren aurreko mailara itzultzea, baina ohartarazi du horrez gain beste bi urte beharko direla galdutako enplegua berreskuratzeko eta langabezia tasa %10etik behera kokatzeko.
Urkulluk epe motz-ertainari begirako aurreikuspen ezkorra egin du. Azpimarratu du «oso litekeena» dela hurrengo bi hiruhilekoetan galtzea «azkenengo zazpi urteetan irabazitakoa». 2013ko martxoan, Lanbiden 179.000 pertsona baino gehiago zeuden langabezian (%15), eta, azkenengo datuen arabera, 138.000 daude (%13) —2019 amaieran, %9,6—. Lanik gabe daudenen artean, 21.404k (%15) lanpostua galdu dute azkenengo sei asteetan. «Espero zen datua da hori, baina, edonola ere, negatiboa da», adierazi du.
Giharra eta beharrak
Urkulluk uste du euskal erakundeak 2008ko krisian baino egoera hobean daudela, kontuak «onbideratuta» dauzkatela, eta hiru lurraldeek oinarri industrialeko ekonomia sare lehiakorra dutela. Horrek «giharra eta krisiari aurre egiteko gaitasuna» eskaintzen duela adierazi du, baina ohartarazi du susperraldiaren bidea «zailtasunez beteta» egongo dela. Hala, lehendakariaren arabera, etorkizunera begirako «trantsizioa» hiru sektoretan oinarritu beharko litzateke: teknologiko-digitalean, energia berdean, eta gizarte eta osasun arloetan.
Horri begira eta beharrezkoak izango diren beste inbertsio batzuei aurre egin ahal izateko, baina erakundeen defizit eta zor baldintzak malgutzea ezinbestekoa izango dela uste du Urkulluk. Horiek Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharko ditu berriz Jaurlaritzak; bozen ondoren osatuko den gobernuak, alegia.
Egun, 10.000 milioi euro ingurukoa da Jaurlaritzaren zorra —%12,6ko pisua du hiru lurraldeen BPGan—. Espainiako Gobernuarekin adostuta zeukan %11,8 ez gainditzea aurten, baina Madrilek derrigor handitu beharko ditu zor eta defizit mugak, koronabirusaren krisiak eraginda. Jaurlaritzaren helburua zen defizitik gabe amaitzea aurten eta horren bidez koska bat jatea zorrari. Baina, oraingoz, aurreikusi baino 800 milioi gehiago erabili behar izan ditu osasun gastuetarako eta bestelako laguntzetarako. Horri gehitu behar zaio krisia dela-eta zerga bidez jasotzeari utziko diona: 2.000 milioi euro inguru.
Sindikatuen kritikak
Lehendakariarekin izandako bileratik zalantza ugarirekin irten dira sindikatuak, eta haren jarrera kritikatu dute; salatu dute aurrez komunikabideen bidez jakinarazitako asmoak azaltzera mugatu dela, eta ez diela erantzun haiek eginiko proposamenei. Besteak beste, eskatu dute langileen osasuna bermatzeko, zerbitzu publikoetan murrizketarik ez egiteko, gizarte laguntzen sistema zabal bat ezartzeko, eta herritarren osasunarekin eta zaintzarekin lotutako jarduera batzuen pribatizazioa eteteko eta horiek publiko egiteko.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk esan du «elkarrizketarako eta negoziaziorako prest» dagoela, baina eduki «errealen» inguruan aritzeko, eta horiek finantzatuko dituen konpromisoarekin. LABen arabera, bileran argi geratu da Jaurlaritzak ez duela plan bat partekatu nahi, eta enpresarien elkarteen neurriak «inposatu» nahi dituela. CCOOk «luzera begirako eztabaidak» hasteko beharra nabarmendu du. UGT izan da Urkulluk aipatutako enplegu plan berriari buruz mintzatu den sindikatu bakarra: elkarrizketak «berehala» abiatzeko prest azaldu da.