Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak gaurko agerraldian eman du laguntzen berri. Haren hitzetan, gobernuak badaki «COVID-19 osteko egoera oso gogorra» izango dela, batez ere krisi honen aurretik jada egoera zail eta egongaitzean zeuden kolektibo ahulenen artean. «Jada pizten ari dira alarma batzuk, eta, joan den astean, ezohiko laguntzak prestatu genituen elikadura beharrak dituzten 8.000 sendirentzat», adierazi du Maeztuk.
Hala, Andres Carbonero Gizarte Babeserako zuzendari nagusiak eta Maeztuk 7,95 milioi euroren laguntzen berri eman dute gaur. Udalentzat eta gizarte erakundeentzat antolatutako deialdien bidez banatuko dira laguntzak, batik bat. Aurreko urteetatik jada bazeuden deialdiok, baina aurtengoan egungo egoerara egokitu dira. COVID-19aren transmisioaren ondorioz, epeak, metodologia eta edukiak aldatu ditu, eta diru gehiago bideratuko da, halaber. Deialdiak jada kaleratu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Maeztuk gomendatu die udalei eta gizarte erakundeei euren proiektuak aurkez ditzatela, administrazio publikoa egitasmo horiek aztertzen has dadin.
Udalen deialdiak
Bi deialdi nagusiek 6,6 milioi euroren laguntza sorta nagusia jasoko dute. 2015etik hona, 3,2 milioi euro handitu da neurrion finantzaketa, eta kolektibo zaurgarrientzat da. Lehenik, oinarrizko gizarte zerbitzuak bere gain dituzten udalentzat, 5,2 milioi euroko deialdia antolatu du gobernuak. Iaz, kasurako, 45 udalek parte hartu zuten, eta 692 lagun kontratatu zituzten, horietatik %62 emakumezkoak. Halaber, kontratutakoen artean %42 etorkinak ziren. Datuok erreferentzia gisa eman ditu gobernuak.
Aurtengo deialdiko berritasunen artean dago babes teknikoa ematen duten profesionalen kontratazioa ez dela jasoko, sailak zuzenean finantzatuko baitu hori. Udalek lehentasuna izango dute lanpostu normalizatu bat izateko arazoak dituztenen artean errenta bermatuaren onuradunak kontratatzeko. Adjudikatutako proiektuek sei hilabete iraungo dute gutxienez. Aurten, COVID-19ak eragindako jardueretarako kontratazioak sustatuko dituzte. Europako Batasunaren Gizarte Funtsak parte hartuko du deialdi honen finantzaketan.
Beste deialdi nagusiak 1,4 milioi euroko finantzaketa du, eta gizarte arloko erakundeentzat pentsatuta dago. Lehenik eta behin, 700.000 euro inguru bideratuko dira enplegu eta formakuntza arloko baliabideak izateko zailtasunak eta gabeziak dituzten pertsonentzat, lana lortu aurreko prozesuari begira. Bestalde, errenta bermatua jasotzen duten langabeen eta 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko da, 700.000 euroko finantzaketaren bidez. Lanbide arteko gutxieneko soldataren %140 finantzatuko da, eta kontratuek gutxienez sei hilabete iraungo dute.
Horrekin batera, 798.000 euroko beste neurri sorta berezi bat onartu du gobernuak: 27.000 euro bideratuko dira bazterketa arriskuan diren pertsonak gizarteratzeko zentro berezian parte har dezaten; 100.000 euro inbertituko dira bazterketa arriskuan diren pertsonei bizitoki bat errazeko, eta beste 105.000 jantoki sozialen beharretarako; 115.000 gizarte laguntza espezializaturako, eta 295.000 ijito gazte eta emakumezkoren sustapenerako eta eskolaz gaindiko jardueretarako. Presoentzat eta buruko gaixotasunen bat duten pertsonentzat hainbat ekintza kontuan izan dituzte, gainera, eta 160.000 eta 72.000 euroko finantzaketa jaso dute, hurrenez hurren.
Azkenik, hainbat neurri jaso dituzte egoera zailean diren kolektiboei etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Adibidez, laguntzak onartu dira logelak alokatzen dituzten familientzat. 200.000 euroko finantzaketa izango du.