Atzo beste egun beltz bat izan zen Hegoaldean koronabirusak hildakoen kopuruari dagokionez. Gutxienez —arratsaldeko 20:00ak arte— 59 pertsona hil ziren gaitzaren ondorioz. Horrek baieztatzen du aurreko egunetan izan diren jaitsierak zerra baten beheko hortzak direla, ez joera bat, eta goiko hortzak iristen direla ondoren. Batzuekin eta besteekin, 1.433 dira hildakoak Euskal Herrian, otsailaren amaieran lehen kasuak diagnostikatu zirenetik.
Positibo berrien kopuruak, berriz, 300 baino gutxiago dira, martxoaren 18tik bigarren aldiz. 291 positibo berri atzeman zituzten atzo. Azken hilabetean soilik apirilaren 14an izan zen horren kopuru txikia; orduko horretan, 265 kasu izan ziren.
Herrialdez herrialde, Bizkaia da kutsatu gehien izan dituena. 7.010 positibo diagnostikatu dira herrialde horretan, eta horietatik 612 ospitaleratuta daude. 538 pertsona hil dira Bizkaian koronabirusak jota.
Nafarroan 77 izan dira positibo berriak, eta horiekin 4.656 dira herrialde horretan orain arte kutsatutakoak. Orain 3.295 gaixo daude, eta hamarretik ia bederatzi etxean daude, sintoma arinekin. Ospitaleratutakoen kopuruak behera egin zuen atzo, gainera. Apirilaren 3an 711 pertsona egon ziren ospitaleratuta, eta harrezkero beherakoa da joera. Orain, 422 dira.
Nafarroan, 369 hildakoetatik 276 ospitaleetan hil dira, tartean zahar etxeetatik iritsitakoak, eta beste 93 ospitaleetatik kanpo. Batez besteko adina 82 urtekoa da.
Araban izan ziren lehen kasuak, eta orain arte 3.231 diagnostikatu dira. 166 gaixo daude ospitalean. 315 pertsona hil dira Araban. Gipuzkoa da, berriz, orain arte gaitza gutxien hedatu den Hegoaldeko herrialdea: 2.328 kasu diagnostikatu dira, eta 221 pertsona daude ospitalean. 209 pertsona hil dira Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritzak gaur nabarmendu du atzo 3.481 test egin zirela eta %5ek eman dutela positibo.