Azken egunetan baino hildako gutxiago eragin ditu koronabirusak Euskal Herrian azken orduetan. Denera 34 pertsona zendu dira azken orduetan koronabirusean positibo eman ondotik. Krisia hasi zenetik, berriz, 1376 pertsona zendu dira.
Atzo zortziak arteko datuak eman dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Atzemandako kutsatu berrien kopurua pixka bat igo da bezperako datuekin alderatuta: denera 412 kutsatu berri izan dira, bezperan baino 21 gehiago. Guztira 16.962 pertsonari atzeman diete koronabirusa.
Datuetan, ordea, nabarmen eragiten du bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak egiten dituzten testen kopuruak. Atzo ere probak egiten jarraitu zutela azaldu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak: 2.999 proba egin zituzten, eta horietatik %9k eman zuten positibo. Orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan den positibo kopururik txikiena da. Lurraldeka, Bizkaian erregistratu da kasu berri gehien: 201. Araban, 38 izan dira positibo eman dutenak, eta Gipuzkoan, 27. Nafarroan, berriz, 146 kasu berri baieztatu dira.
Ospitaleratutako gaixoen kopurua ere behera ari da egiten pixkanaka. Hego Euskal Herrian, denera 1.513 lagun daude ospitaleratuta; bezperako datuekin alderatuta, 67 gutxiago. Nafarroan bezperan baino hiru pertsona gehigo daude ZIU unitatetan ospitaleratuta.
«Normaltasunera» itzultzeko plana
Nekane Murgak azpimarratu du Osakidetza pixkanaka «normaltasunera» itzultzeko plan bat prestatzen hasiko dela. Orain arte koronabirusa artatzeko prestatutako guneak berriz ere paziente arruntak hartzeko egokitu direla nabarmendu du Murgak. Aurretiaz programatutako proba eta ebakuntza larrienak egiten hasiko dira lehenik, eta pixkanaka joango dira bertzelako kontsulta arruntak ere egiten.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzako profesional guztiei egingo dizkie test azkarrak. Antigorputzak zenbat profesionalek sortu dituzten identifikatu eta, horrela, euren eta pazienteen segurtasuna indartu nahi dutela azaldu du Murgak. Test azkarrak lehenbizi arrisku berezia duten kolektiboei egingo zaizkie, hau da, ZIUetako eta larrialdietako pertsonalari eta gaitza duten pazienteak artatzen aritu direnei. Kirurgietako taldeei eta paziente onkohematologikoak artatzen dituzten unitateetako langileei ere egingo zaizkie testak. Ondoren joango dira Osakidetzako gainerako profesionalei testa egiten; orora, 35.000 pertsonari egin nahi dizkiete testak.