Asteon lehen aldiz, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Nekane Murga Osasun sailburuak hitz egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren eguneroko agerraldian. Lehendakariak LABI Larrialdiei Aurre Egiteko Bidearekin izandako bileraren ostean eman du egoeraren berri. Egungo egoera hobetzeko eman beharreko pausoez ez ezik, etorkizunari buruz ere jardun du, normaltasunera itzultzeko osatzen ari diren planari buruz. Horretaz gain, aste honetan hainbat langile enpresetara itzuli izanaren balorazio positiboa ere egin du: «Erakutsi dugu osasuna eta lana bateragarriak direla».
Lehenik, lehentasunetan egin du azpimarra Urkulluk; nagusia «osasun zerbitzuak mantentzea» da: «Osasun langileak segurtasuna bermatzeko beharrezkoa den materialez hornitzeko konpromisoa dugu». Beste lehentasuna testetan jarri du Urkulluk, eta iragarri du kopuru hori handitzen jarraituko dutela. Atzo, beste behin, egun bakarrean egindako test kopurua gainditu zuen Jaurlaritzak.
Jarraian, normaltasunera itzultzeko planaz jardun du lehendakariak. Prozesu hori «pixkanaka» egin beharko dela errepikatu du behin eta berriz, beheranzko joera «luzera begira» mantendu behar baita. Horregatik, Urkulluren arabera, datozen hilabeteetan ohikoa bilakatuko da maskaren erabilera, baita bilkura handirik ez egitea eta higienean eta garbiketan arreta berezia jartzea ere. Maskarei dagokienez, hitzeman du «ahalegin guztiak» egingo dituztela behar adina eskuratzeko.
Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin izango duen hurrengo bileran proposatuko dituen «deskonpresiorako neurri ekonomiko eta sozialak» ere zerrendatu ditu Urkulluk. Bost dira nagusiak: haurrak eta behar bereziak dituztenak kalera irten ahal izatea; saltokiek eta negozio txikiek, mugatuta, ateak ireki ahal izatea; jarduera fisikoa egiteko baimenak eman ahal izatea; hezkuntzarako «berariazko protokolo bat» osatzea; eta administrazio publikoan normaltasuna berreskuratzea.
Lehen proposamenari dagokionez, gaztetxoek «modu kontrolatuan, mugatuan eta tartea aintzat hartuta» etxetik ateratzeko aukera eduki dezaten eskatu dio Eusko Legebiltzarrak, gaur, Jaurlaritzari. Elkarrekin Podemosek aurkeztu du eskaera, eta emendakin bat sinatu du EAJrekin eta PSErekin. EH Bilduk alde bozkatu du, eta PP abstenitu egin da.
Urkulluk aste honetan hainbat langile lanera itzuli izanaren balorazio bat eginez amaitu du bere hitzartzea. Orokorrean, astea «ezustekorik gabe» igaro dela esan du, eta erakutsi dutela «lana eta osasuna bateragarriak» direla. Hartutako neurriek «enpleguaren egungo eta etorkizuneko egoera hobetzen» lagunduko dutela gehitu du: «Datozen hilabeteetan ohitu egin beharko dugu segurtasuna babesteko neurriekin lan egitera».
Garapen «ona»
Azken datuen berri Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du. Azpimarra egin du zahar etxeen egoeran: «Zahar etxeetako egoera kontrolatzea lehentasunezkoa da gure eguneroko balorazioetarako». Han, testak egiten ari dira langile eta paziente guztiei, «haiek babesteko». Ildo horretan, testen datua eman du Murgak: atzo, herenegun ezarritako testen errekorra gainditu zuten —2.971 test egin zituzten orduan, eta, atzo, 3.212—. Horietatik, %10ek eman zuten positibo.
Hala, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erregistratutakoak batuta, 384 kasu berri atzeman ziren atzo Euskal Herrian, eta 16.522 dira guztira Hego Euskal Herrian baieztatutako koronabirus kasuak. Hildakoak, berriz, beste 44 dira; guztira, 1.340.
Etengabe gora egiten ari da sendagiria jaso dutenen kopurua ere, eta atzo 378 lagunek jaso zuten —7.036k pandemia hasi zenetik—. Ildo horri eutsi dio Murgak bere agerraldian, eta, haren arabera, «ospitaleratuta daudenen garapenak ona izaten jarraitzen du». Apirilaren 1ekoekin alderatu ditu atzoko datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 763 ospitaleratu gutxiago daude, eta koronabirusaren proban positibo ematen dutenen ehunekoa %30etik %10era murriztu da.
Azkenik, krisiaren hasieran pandemiaren epizentro izan zen Txagorritxuko ospitaleko egoeraren berri eman du sailburuak: «Azken egunetan gehiago dira bestelako arrazoiengatik ospitaleratutakoak, COVID-19arekin ospitaleratutakoak baino».