Epaitegiak Iurramendi eta San Jose zahar etxeei eskatu die osasun neurriak bete ditzatela

Epaitegiak onartutako neurriak behartu egin ditu enpresak proba diagnostikoak egitera, langile guztiak arrisku esposizioko langile gisa sailkatzera eta langileak birusetatik babesteko babes jantzi homologatuez hornitzera. 

Tolosako Iurramendi egoitza. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 16a
13:11
Entzun

Donostiako Gizarte arloko 1. epaitegiak tramiterako onartu du ELA sindikatuak jarritako salaketa, eta  langileak babesteko segurtasun neurriak hartzera behartu ditu Tolosako Iurramendi eta Ordiziako San Jose zahar etxeak. 

ELA sindikatuak joan den astean aurkeztu zuen salaketa Zu eta Biok S.Coop, Gerozerlan eta Eulen Soziosanitario enpresen aurka, bai eta zerbitzuaren titularra den Gipuzkoako Aldundiaren aurka ere, langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzea egotzita. Tolosako Iurramendi eta Ordiziako San Jose egoitzez gain, Zumarragako Argixao kudeatzen duen enpresa ere salatu zuen sindikatuak. Azken salaketa horren erabakia oraindik ez da jakinarazi.

Epaitegiak onartutako neurriak, hain zuzen, enpresak behartu ditu proba diagnostikoak egitera, langile guztiak arrisku esposizioko langile gisa sailkatzera eta langile guztiak birusetik babesteko babes jantzi homologatuz hornitzera. Gainera, testak behar bezala egin ondotik, beharrezkoa balitz bakartzeko protokoloak ezartzera behartzen ditu enpresak, baita langileak informatzera ere birusa gelditzeko planen inguruan. 

Epaitegiak zehaztu du bi zahar etxeetan garbiketa zerbitzua indartu behar dela, eta langile batzordeari jakinarazi zaizkiola koronabirusak eragiten dituen bajak. Langileak trebatu behar direla nabarmendu du epaitegiak, bai koronabirusa prebenitzeko hartu beharreko neurrien inguruan, bai laneko estres egoeren inguruan ere.

ELA sindikatuak ohar bidez adierazi duenez, ebazpen judizialak abala ematen die egoitzetako langileen salaketei. Sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundia egin du egoeraren erantzule, eta enpresei eskatu die kasu egiteko zahar etxeetako langile, egoiliar eta senideen erranei. Gainera, ELAk adierazi du ebazpen judizialak "presako laguntza jasotzea" eskatzen dutela, eta, beraz, Osakidetzaren esku hartze "integrala" eskatu du sindikatuak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.