Urkulluk lankidetza «horizontalagoa» nahi du; Txibitek, denek «erantzukizunak» onartzea

Urkullu kritiko agertu da Espainiako Gobernuak izaten ari den rolarekin, eta «erabakiak ez elkarbanatzea» lepratu dio. Txibite, aldiz, gustora agertu da Madrilek erkidegoen proposamenak entzun dituelako, besteak beste, Nafarroako Gobernuak «hezkuntza defizitak osatzeko» eginikoa.

Nafarroako presidente Maria Txibite. JESUS DIGES / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko apirilaren 12a
17:27
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak krisiaren kudeaketa beharrei erantzuteko elkarlana sustatzeko exijitu dio Espainiako presidente Pedro Sanchezi, eta gehitu du «erabakiak ez elkarbanatzeko» eginiko hautuak «desorientazioa» sortzen duela. Oso bestelakoa izan da Nafarroako presidente Maria Txibitek esanikoa. Hark Espainiako Gobernuak proposatutako «berreraikitze nazionalerako itunean» parte hartzeko asmoa adierazi du, eta eskerrak eman dizkio Sanchezi, erkidegoen proposamenak kontuan hartzeagatik. Espainiako presidentearen eta erkidegoetako presidenteen arteko bileraren ostean egin dituzte adierazpenak. Halako bosgarren bilera izan da, COVID-19ak eragindako osasun krisia hasi zenetik.

Urkulluk erkidegoek izan beharreko rolean jarri du fokua, eta adierazi du «gizarteari ziurtasunak eskaintzeko» beharrezkoa dela lan egiteko metodo «horizontalago» bat: «Lehenik, koordinazioa, eta gero, komunikazioa, ez alderantziz». Lehendakariak maskaren, testen eta gainerako osasun materialen inguruko informazio osoagoak eskatu ditu, eta gehitu Eusko Jaurlaritzak «hornidura gabeziak» izan dituztela, «egunez egun konpontzen» joan direnak.

Txibitek, aldiz, Madrilen rola babestu du, eta «kolaborazioa» eta «lankidetza» eskatu gainontzekoei. «Herritarrei esaten badiegu honetatik batera atera gaitezkeela, alde politikoak ere bere erantzukizuna onartu beharko du», nabarmendu du.

Beharrezkoak ez diren lan jardueren etena amaituta, asteartetik aurrera gerta daitekeenari begira jarri dira gobernuak. Txibitek aste berriarekin martxan jarriko diren lan jarduerei egin die erreferentzia. Langileen osasuna eta segurtasuna bermatu beharra azpimarratu ditu, eta Sanchez presidenteari galdetu dio ea zer gertatuko den maskarekin, Salvador Illa Osasun ministroak horien erabilera gomendatu ostean. Espainiako Gobernuak adierazi du garraio publikoaren geltokietan hasiko direla banatzen. Txibitek, ordea, farmazia sarearen bidez egitea proposatu du.

Urkulluk, berriz, hilaren 26ra bitarteko agertokia zein den galdetu dio Sanchezi, eta zein izango diren maiatzaren 10era arte ezarriko diren baldintza berriak. Bide horretan, Madrilen enplegu politikak eta bizitzeko gutxiengo diru-sarreren proposamen berria kritikatu ditu: «Ezin dugu astero ministro aginduaren zain egon, jakin gabe eskumenen arola errespetatzen den».

Ikasturte berrira begira

Aurtengo ikasturtea datorrenarekin lotzea proposatu dio Nafarroako Gobernuak Espainiako Hezkuntza Ministerioari, COVID-19aren ondorioz ikastetxeak ixteak eragin dituen «hezkuntza defizitak osatzeko». Nafarroako presidente Maria Txibitek eman ditu proposamenaren xehetasunak: «Sei hiruhileko eta bi urtetarako pentsatutako ikasketen banaketa bost hiruhilekoko jardueradun egutegira igaroko litzateke». Horri, «ezohiko hiruhileko hau» gehituko litzaioke. Proposamen horretan ez dira sartzen, ordea, DBH4 eta batxilergoko bigarren maila.

Txibiteren esanetan, aurkeztutako proposamenaren helburua hiruhileko honetan galdutako ikasketak hurrengo ikasturteko lehenengoan berreskuratzea da, «modu presentzialean». Era berean, Nafarroako presidenteak Espainiako presidente Pedro Sanchezik galdetu dio ea zer geratutako den bertan behera geratu diren epe administratiboekin —kontratuak eta matrikulak, besteak beste—: «Presazkoa da ziurtasun batzuk izatea, gai horiei erantzunak ematen joan behar gara eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.