Euskal Herrian milatik gora dira jada koronabirusak hildakoak. Otsailaren 28an izan zen lehen bi kasuen berri, eta hilabete eta erdira, Hego Euskal Herrian konfinamendua hasi zela lau aste bete badira ere, hildakoen kopuruak ez du etenik. Larunbatean beste 44 pertsona hil ziren, eta horiekin 1.038 dira jada, gutxienez, hildakoak guztira. Zenbaketa horretan Ipar Euskal Herrian ezagutzen diren bi heriotz kasu daude zenbatuta, baina gehiago ere izan litezke; ARS osasun agentziak Akitania Berriko datuak eguneratzen ditu, eta noizean behin Pirinio Atlantikoetako daturen batzuk ematen ditu, baina ez gehiago, eta ez dago jakiterik zehazki zenbat hil diren Ipar Euskal Herrian.
Heriotz gehien Bizkaian izan da orain arte. Euskal Herrian izan diren heriotzen laurden bat hor izan da: 414. Horren ondoren, Arabak du hildako kopuru handiena, 260; biztanlegoa aintzat hartuta, ordea, askoz ere gehiago dira proportzioan hil den arabar kopurua. Nafarroan 232 pertsona hil dira, Gipuzkoan 130, Lapurdin bat eta Zuberoan beste bat, BERRIAk jakin ahal izan duela.
Kutsatu kopuruari dagokionez, 409 izan ziren atzo diagnostikatutako positiboak. Nabarmena da Nafarroako kasua: Bizkaiaren biztanle kopuruaren erdia izan arren, positibo gehiago izan zituen atzo. Nafarroan 152 pertsonei diagnostikatu zioten atzo gaitza, Bizkaian 147ri, Gipuzkoan 81i eta Araban 29ri. Datu horiekin ia 15.000 dira kutsatuak Euskal Herrian: 14.766.
Ikusi beharko da kopuru horiei nola eragiten dien asteartetik aurrera funtsezkoak ez diren jarduerak ere lanean hasteak. Bihar jaieguna da Euskal Herri osoan, baina asteartean milaka herritar lantokira itzuliko dira bi astez etxean egon ondoren. Espainiako Gobernuak duela bi astea funtsezkoak ez diren jarduerak gerarazi zituen koronabirusa gehiago hedatzea saihesteko. Agindu hori, ordea, altxatu egin du.
LABek proposatu du nagusiek akordio bat egitea langileekin «abiatze plan» horretan segurtasun neurriak berma daitezen; ados jartzen ez badira, erabakia Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren esku geratzea proposatu du. Sindikatua kutsatze gehiagoren beldur da. Ohar batean, gogoratu du Lesakako Arcelor Mittalen lan egiten zuen langile bat hil dela, koronabirusagatik. Lantegiko jarduera eteteko eskatu du.