Jaurlaritzak 43,5 milioi jarriko ditu herritarren oinarrizko premietarako

Lanbidek Bilbon duen buego bat, aurreko astean. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 7a
13:25
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 43,5 milioi jarriko ditu gizarte larrialdietarako laguntzetarako, eta 76 milioi, berriz, autonomoentzat eta kontziliazio neurrietarako. Orain arte, Jaurlaritzak 1.025 milioiko diru funts bat sortu du COVID-19aren ondorioei aurre egiteko, eta horien barruan daude diru sail horiek.

Gaurko bileran, Gobernu Kontseiluak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren hainbat egitasmo onartu ditu. Oniritzia eman dio gizarte larrialdietarako laguntzetarako zuzkiduran 16 milioi euro handitzeari: aurretik 27,5 milioi zeuden jasota, eta 43,5 milioira igoko dute. «COVID-19ak erasandako familia askori bizi baldintzak hobetzeko modua emango die horrek», azpimarratu du Urkulluk.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, laguntza horiek oinarrizko premiei erantzuteko dira, hala nola behar besteko diru sarrerarik ez duten familientzat edo pertsonentzako jantzien, hezkuntzaren, prestakuntzaren eta osasun arretaren oinarrizko beharretan ezohiko gastuak ordaintzeko. Ez du eman zehaztasunik, baina azaldu du laguntza eta programa horiek hainbat erakunderekin batera garatuko dituztela: udaletako gizarte zerbitzuekin bereziki, eta gobernuz kanpoko erakundeekin.

Horrekin batera, Jaurlaritzak 76 milioi euro jarri ditu Lanbideren bitartez langile autonomoak laguntzeko, Gazteen Bermerako sistemarako eta kontziliaziorako. Halaber, bazterkeria eta pobrezia egoerei aurre egiteko, beste 10 milioi euroko funts bat sortuko du gobernuak.

Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritzaren laguntzek hiru lehentasun dituztela: osasun arretarako baliabideak eta bitartekoak jartzea; laguntza ematea sektore ekonomikoei, merkataritzari, autonomoei eta enpresei, enplegua eta jarduera sostengatzeko; eta babesa ematea pertsonarik ahulenei eta osasun larrialdiak gehien eragindako kolektiboei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.