OROIMEN HISTORIKOA

Nafarroako Gobernuak hogei desobiratze egin nahi ditu aurten

Nafarroako Memoriaren Institutuak plan berria aurkeztu du 1936ko gerran eta frankismoan fusilatutakoak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko

Aranzadi elkarteko boluntarioak Ollakarizketan (Nafarroa), frankismoko biktimen hezurrak hobitik ateratzen. NAFARROAKO GOBERNUA
Ion Orzaiz.
2020ko urtarrilaren 16a
09:29
Entzun

Oroimenaren bideari eutsiko dio Nafarroako Gobernuak aurten ere. 2015ean akordio programatiko bat izenpetu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, eta orduan agerian geratu zen memoria historikoak hartuko zuen garrantzia. Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatuta, frankismoko biktimen hobiak aurkitu eta gorpuzkiak identifikatzeko prozesua abiarazi zuten. Orain, plan horri eusteko eta, are, egitasmoa indartzeko asmoa iragarri du Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiak. Gaur aurkeztu dute 2020 urterako bide orria.

Nafarroako Memoriaren Institutuak, esate baterako, hogei bat desobiratze eginen ditu datozen hilabeteetan, «1936ko kolpe militarrak eragindako biktimak aurkitzen eta identifikatzen jarraitzeko». Lan arkeologiko batzuei ekin diete dagoeneko; besteak beste, Eloko hobiaren prospekzioari.
Horrez gain, segida eman nahi diete aurretik abiatutako identifikazio prozesuei; besteak beste, Iruñeko atxiloketa zentroetatik atera eta fusilatutako herritarrena, Ezkaba mendiko Alfontso XII gotorlekutik ihes egindakoena —43 presoren gorpuzkiak atera dituzte lurpetik orain arte— edota Bidankozen eta Goldaratzen hobiratutako gerrillari antifrankistena.

109 gorpu aurkitu dituzte

Nafarroako Gobernuak aurreko legealdian abiatu zuen frankismoko hobiratze guneak aurkitzeko eta biktimak identifikatzeko protokoloa, Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatuta. Senideen elkarteekin ere lankidetzan aritu dira ordutik. Elkarlan horri esker, errepresio frankistaren 109 biktimaren gorpuak atera dituzte hobitik.

Guztira, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadik 57 gunetan egin dituzte indusketak: horietatik, 23tan aurkitu dituzte hobiratzeak, eta gainerakoetan ez dute arrastorik topatu. Gorpuzkiei dagokionez, 23 pertsonarenak identifikatu ahal izan dituzte, Nasertic enpresa publikoak kudeatutako DNA bankuari esker. Senideei itzuli dizkiete identifikatutako biktimen hezurrak. Aurreko legealdian, lurpetik ateratako dozenaka biktimaren arrastoak modu duinean hobiratu zituzten Iruñeko hilerrian, gerrako biktimen omenezko panteoian. «Batzuek esaten dute ekitaldiok zauriak berriz irekitzen dituztela, baina egiazki zauriak ixten laguntzen dute», adierazi zuen Ana Ollo kontseilariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.