Venezuela

Venezuelako Asanblea Nazionalak Parra izendatu du presidente, Guaidoren ordez

Guaido oposizioko buruak ez du parlamentura sartzerik izan, baina presidente karguan jarraitzeko asmoa du, 100 diputaturen babesa jaso baitu saio paralelo batean.

Guaido oposizioko burua parlamentura sartzen saiatu zen, burdin hesira igota. RAYNER PEñA / EFE
2020ko urtarrilaren 6a
11:41
Entzun

Beste haustura bat gertatu zen atzo Venezuelako politikan, Asanblea Nazionaleko presidentea aukeratzeko saioan. Nicolas Maduro herrialdeko presidentearen aldeko diputatuek Luis Parra izendatu zuten ganberako presidente, oposizioko disidente bat. Oposizioko zenbait kidek, ordea, ez zuten parlamentura sartzerik izan, eta ezohiko batzar bat egin dute bart El Nacional egunkariaren egoitzan, Juan Guaido Asanblea Nazionaleko presidente hautatzeko berriz. Hark adierazi du presidente izaten jarraituko duela, parlamentuan haren aurkako «estatu kolpea» egin duten arren.

Parrak 81 diputaturen babesa izan zuen Asanblea Nazionaleko bozketan. Henrique Capriles buru duen Primero Justicia alderdiko kide ohia da, eta PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren babesa izan zuen atzo. «Nahi dugu Hauteskunde Batzorde Nazionala Konstituzioaren arabera finkatzea. Ez dugu huts egingo», adierazi zuen. «Istiluekin amaitzeko beharra» nabarmendu zuen.

Guaido eta oposizioko gainontzeko kideak ez ziren parlamentuan izan bozketan. Haiek salatu dute poliziek kontroletan atxiki zituztela, eta ez zietela barrura sartzen utzi. Madurok esan du horiek «aitzakiak» direla: «Guaidok, porrot egin duen diputatuak, ez du sartu nahi izan, ez zuelako boto nahikorik. Ez da ausartuko egoerari aurre egitera». Presidentearentzat, atzoko saioan ez zen Guaidoren aurkako operaziorik egon: «Asanblea Nazionala elkartu da, eta diputatuek zuzendaritza berria aukeratu dute, besterik ez».

Asanblea Nazionalean gertatutakoa salatu zuten hainbat herrialdek, ordea. Amerikako hainbat estatuk osatzen duten Limako Taldeak bozketaren aurkako idatzi bat zabaldu zuen. Besteak beste, Boliviako, Brasilgo, Kanadako, Txileko, Kolonbiako eta Guatemalako gobernuek osatzen dute talde hori, eta aurretik ere Guaidori babesa adierazi izan diote hainbatetan. Guaidok bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen orain urtebete, eta mundu osoko 50 herrialde ingururen babesa izan du ordutik. Limako Taldeak adierazi zuen oposizioko diputatuek eskubidea zutela parlamentutik kanpora elkartu eta presidentea eta zuzendaritza berriz hautatzeko, eta hori bera egin dute Guaidoren aldekoek. 100 diputatuk babestu dute oposizioko burua.

Mike Pompeo AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak Guaidoren alde egin du, hura baita «Venezuelako herriak oparotasunaren eta demokraziaren alde egiten duen borrokaren» irudia Pompeorentzat. Venezuelako Gobernuak, berriz, AEBen «interbentzionismo baldarra» salatu du: «Ez dute ulertzen herrialde independente eta burujabe bat garenik», esan du Jorge Arreaza Atzerri ministroak. Harentzat, bigarren bozketa «zirku» bat izan da, eta agerian utzi du «2019ko estrategia kolpistaren erabateko porrota».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.