Espainiako Estatuaren Abokatutzak bere jarrera finkatu du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiaren immunitateari buruz. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzitakoari jarraituz, uste du Junquerasek eurodiputatu akta jaso behar duela eta diputatu gisa jardun, Europako Parlamentuan hari zigorgabetasuna eteteko eskaria tramitatu arte. Hala, Estatuaren Abokatutzaren iritziz, Junquerasek aukera izan behar du Europako Parlamentuaren bilkuretan parte hartzeko.
Dena den, abokatutzak gaineratu du Junquerasen zigorgabetasunak ez duela legez kanpoko bihurtzen Espainiako Auzitegi Gorenak haren kontra eman zuen epaia. Adierazi du legearen arabera ezarri ziola 13 urteko espetxe zigorra Junquerasi. Urriaren 14an kondenatu zuen beste zortzi buruzagi independentistekin batera, EBko Justizia Auzitegia Junquerasen immunitatea aztertzen hasi baino bi egun lehenago.
Abokatutzak Gorenari proposatu dio har ditzala beharrezko neurriak Junquerasek ordezkari gisa dagokion funtzioa betetzeko, eta, aldi berean, haren kontrako epaia betetzen dela bermatzeko. Horrez gain, Gorenari eskatu dio "lehenbailehen" galde diezaiola Europako Parlamentuari Junquerasen zigorgabetasuna indargabetzea.
Bestelako irizpide bat defendatu du Fiskaltzak. Luxenburgoko auzitegiaren erabakia kaleratu eta gutxira, eskatu zuen Junquerasen inhabilitazioa gauzatzeko eta hari eurodiputatu akta jasotzea debekatzeko.
Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio erabakitzea zer ondorio zehatz izan behar dituen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Junquerasen immunitateari buruz eman zuen epaiak. Luxenburgok ebatzi zuen Kataluniako presidenteorde ohia eurodiputatua dela ekainaren 13tik, eta, beraz, zigorgabea dela ordutik —kondenatua izan baino lehenagotik—. Gorenak beren jarrera finkatzeko eskatu die auziko aldeei, eta urtarrilaren 2ra arteko epea eman zien. Abokatutzak gaur bidali dio bere idatzia auzitegiari.
Junquerasi eurodiputatu akta jasotzen uztearen alde agertu zen Espainiako Estatuaren Abokatutza joan den ekainean, ERCko presidenteak Europako bozetan hautatua izan ondotik horretarako baimena eskatu zuenean. Fiskaltza, berriz, kontra agertu zen.
Gorenak Estatuaren Abokatutzaren irizpideari jarraituko balio, Junquerasek Europako Parlamentuan parte hartu ahalko luke datozen hilabeteetan, auzitegiak parlamentuari Junquerasen immunitatea eteteko eskatu eta hark eskaria aztertu arte. Prozesu horrek hainbat hilabete iraungo luke. Lehenik, Gorenak eskaria aurkeztu behar du, eta eskari horri buruzko txosten bat osatu beharko luke parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak. Junquerasek bere burua defendatzeko aukera izango luke batzorde horretan. Auzia aztertu ondoren, batzordeak proposamen bat aurkeztuko lioke parlamentuari eta hark eztabaidatu eta bozkatuko luke.
Egutegiaren garrantzia
Egutegiak zeresan handia izan dezake. Izan ere, urtarrilaren 3an Quim Torra Kataluniako presidentea kargugabetu ala ez erabaki beharko du Espainiako Hauteskunde Batzordeak. Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientziagatik zigortu zuen, eta, horrenbestez, diputatu izaera kentzeko eskatu diote PPk eta Ciudadanosek batzordeari. Torraren kontrako epaia ez da irmoa —Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi behar du defentsaren helegitearen gainean—, baina Hauteskunde Batzordeak aurre har diezaioke azken epaiari eta Torra kargutik kentzea ebatzi. Hala ere, erabaki hori errekurritzeko aukera izango du Torrak Gorenean. Halaber, PPk eta Ciudadanosek Hauteskunde Batzordeari eskatu diote debekatu diezaiola Junquerasi eurodiputatu akta jasotzea.
Batzordearen erabakiak eragin zuzena izan dezake Kataluniako Gobernuaren osaketan. Torrari diputatu izaera kenduz gero ezin izango bailuke presidente izaten jarraitu. Hasiera batean, Pere Aragones presidenteordeak (ERC) hartuko luke haren lekua, zenbait funtzio mugatuta —ezingo luke gobernuaren osaketa aldatu, ezta hauteskundeetara deitu ere—. JxCeko hainbat ahotsek, ordea, adierazi dute bere taldeko diputatu batek hartu beharko lukeela presidentetza. ERCk balizko egoera horri elkarrekin nola erantzun adostera deitu du JxC.
Gobernuan bakarrik ez, Torraren kargugabetzeak PSOEren eta ERCren arteko negoziaketak ere trabatu ditzake. Independentistentzat zailagoa litzateke Sanchezi gobernatzen uzteko erabakia azaltzea, nahiz eta Hauteskunde Batzordeak gehiengo kontserbadorea duen, eta aztertuko dituen proposamenak PPk eta Ciudadanosek aurkeztutakoak izan.