Eguberri bezperetan, langileen oporrak tarteko, Arcelor-Mittalek Agurainen duen lantegiko zuzendaritzak joan den abenduaren 17an deitu zituen bilerara langileen ordezkariak, aurretik azalpenik eman gabe. «Historia errepikatu da», azaldu dute beharginek ELA sindikatuak zabaldutako agiri batean. Logistika planta itxi egingo dela jakinarazi diete, eta historia errepikatu da: orain bost urte ere eguberrien aurretik iritsi zen kolpea. 2014ko abenduaren 19an, lantegiaren itxiera iragarri zieten 60 langile ingururi.
Orduko hartan, negoziazio gogorrei eta mobilizazioei esker, langileek lortu zuten lantegia ez ixtea, eta hemeretzi lanpostu Agurainen mantentzea. Lortu zuten ere hainbat langile Euskal Herriko beste lantegietara aldatzea, eta beste zenbaitek borondatez uztea lanpostua baina kalte ordainak jasota. Baina langileek salatu dutenez, behin gatazka amaituta, enpresak «heriotza gozo batera» kondenatu zuen Aguraingo planta, «inbertsiorik gabe, etorkizunerako plangintzarik gabe...».
Eta orain, berriz ere, itxiera iragarri diete. Beharginen arabera, erabakia aurretik zegoen hartuta, baina enpresak data hauek nahi izan ditu baliatu itxiera jakinarazteko. ELAren agirian azaldu dutenez, langileak ez daude erabakiarekin ados, lan karga badutelako, eta itxierak hamabost lagun bidaliko dituelako langabeziara. «Langile taldeak enplegua mantentzeko borroka egingo du, eta plana ixten bada, guztiontzako irteera duin bat lortzeko». Herritarrei eskatu diete babesa emateko egingo dituzten mobilizazioetan.