Katalunia

Junquerasek immunitatea zuen europarlamentari aukeratu zutenetik

Epaiaren arabera, aukeratua izan zenean indargabetu behar zituzten haren aurkako behin-behineko zigorrak. Espainiako Fiskaltzak erantzun du Junqueras kartzelatik ateratzearen aurka dagoela.

Oriol Junqueras, epaiketan deklaratzen. EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 19a
13:26
Entzun

Europako Justizia Auzitegiak erantzun dio Espainiako Gorenaren galderari. Epaiaren arabera, Oriol Junqueras maiatzeko bozetan eurodiputatu aldarrikatu zuten unetik beretik sartu zen indarrean haren lege babesa, eta, beraz, indargabetuta geratuko lirateke haren aurkako behin-behineko zigor neurriak. Hori bete izan balitz, Junquerasek eurodiputatu akta hartu ahal izango zukeen, baina, haren aurkako epaia irmoa denez, epaiak ez du eraginik.

Ebazpenaren arabera, pertsona bat Europako Parlamenturako kide aukeratzen duten unetik beretik sartzen dira indarrean haren lege babesak, karguaren zina egin edo akta jaso beharrik gabe. «Mugimendurako immunitateak indargabetu egiten ditu hari ezarritako behin-behineko zigor neurriak, Europako Parlamentura joateko askatasuna izan dezan. Beraz, haren estatuko epaitegiek irizten badiote beharrezkoa dela behin-behineko neurriei eustea, immunitatea kentzeko eskatu beharko diote Europako Parlamentuari". 

Europako Justiziak erabakiaren berri eman bezain laster heldu da Generalitatearen erantzuna. Pere Aragones presidenteordeak hartu du hitza Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran, Quim Torra presidentea aldamenean zuela. Hark gogorarazi du Europako Justiziaren epaiak ere bete beharrekoak direla: «Oriol Junquerasek aske gertu behar du berehala, eta haren eskubide guztiak bermatu behar dituzte. Etxera itzultzea nahi dugu, eta Europako Parlamentuan ikusi nahi dugu. Arraroa litzateke Espainiako Gobernuak Europako Justiziari entzungor egitea».

Buruzagi subiranistaren aurkako erabakia indargabetzeko eskatuko dutela ere iragarri du Aragonesek. «Justizia berandu dator, baina heldu da azkenean. Estatuaren joko zikinak ezingo du saihestu Europako Parlamenturako aukeratuak izan direnek han hitz egin ahal izatea. Junqueras berehala aske uzteko eskatuko dugu».

Espainiako Fiskaltza, ordea, Europako Justizia Auzitegiaren epaiaren aurka agertu da. Bost egun zituen erantzun bat emateko, baina ordu gutxian erabaki du: Junqueras kartzelatik ateratzearen aurka dago, eta eskatu du eurodiputatu kargutik berehala inhabilitatzeko. Argudiatu du Junquerasen aurkako epaia irmoa dela, eta ezin dela kartzelatik atera.

ERCko kideek Twitter bidez erantzun diote epaiari, buruzagi independentisten aurkako epaiketa indargabetzeko eskatuz.

 

 

Kataluniako Parlamentuan, Ruben Wagensbergen diputatuak gogorarazi du gaur immunitatea berretsi diotela duela bi urtetik Espainiak kolpistatzat duen buruzagi berari: «Justizia heldu da. Orain, utz dezatela aske». Bide beretik jo du Carles Puigdemontek ere, eta Europako demokrazia «aldarazten» saiatu izana egotzi die Espainiako epaitegiei eta Europako Parlamentuari. 

Erabakiarekin, Junqueras doktrina aipatu du Andreu Van den Eynde abokatuak. «Europako hautesleen eskubideen babeserako erreferente bilakatuko da hau. Orain nire itxaropena da Junquerasi buruzko epaiak behar dituen ondorioak izatea; alegia, hura laster familiarekin ikusi ahal izatea», nabarmendu du haren abokatuak.

Oztopo gutxiago besteentzat

Junquerasi baino gehiago, erabakiak Carles Puigdemonti eta Toni Comini eragiten die. Bi buruzagiak erbestean daude, eta Europako Parlamenturako hautatuak izan ziren maiatzeko bozetan. Gainera, egun ez dago haien aurkako epai irmorik, eta, beraz, Justizia Auzitegiaren iritzia aintzat hartuta, euren aktaren bila askatasunez joan ahalko lukete biek Bruselara.

Biek dagoeneko helegiteak aurkeztu dituzte Europako Justizia Auzitegian; izan ere, haien egoerari buruzko epaia eman beharko luke hark biek Europako Parlamentura joan ahal izateko. Gaurko sententziari jarraikiz, oso litekeena da bi buruzagi independentisten kasuan ere epaitegiek aldeko erabakia hartzea.

Maiatzaren 26an egin ziren Europako Parlamenturako hauteskundeetan, eurodiputatu aukeratu zuten Junqueras. Orduan behin-behineko atxiloaldian zegoen politikari katalana, haren aurkako epaiketa egin eta epaia ematen zuten artean. Hori bera argudiatuta, Auzitegi Gorenak ez zion baimenik eman Espainiako Kongresura joan eta eurodiputatu akta jasotzeko, eta, beraz, ezin izan zuen karguaren zina egin.

Defentsak, ordea, eskatu zion Gorenari argi zezala noiz sartzen den indarrean eurodiputatu baten immunitatea, hautatua den unean edo karguaren zina egiten duenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.