Emaitzak

Brasilgo zigorra jaso arren, CAFek beltzez margotu ditu zenbaki gorriak

Hirugarren hiruhileko arte 39 milioi euroko irabazia luke, baina 39 milioiko hornidura egin behar izan duenez, apenas duen irabazirik

Andres Arizkorreta CAFeko presidentea, artxiboko argazki baten. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2019ko azaroaren 12a
20:04
Entzun

Brasilgo CADE lehiaren agintaritzak hartutako erabaki batek CAF konpainiaren 2019ko emaitzak zapuztu zituen bigarren hiruhilekoan, eta urte osokoak zamatuko dituela argi geratu da hirugarrenean. Izan ere, Beasaingo (Gipuzkoa) trengileak 39 milioi euroko hornidura berezia egin behar izan zuen uda hasieran, lehia agintaritza horrek beste hainbesteko zigorra ezarri diolako kartel bat osatu duelakoan Alstomekin, Bombardierrekin eta beste hainbatekin batera.

Baina CAFek helegitea jarri du, eta ikusteko dago zertan geratuko den auzia azkenean. Momentuz, 39 milioi euroko mozkinak islatu behar zituen CAFek urteko hirugarren hiruhilekoan, %30eko hazkundearekin, baina 500.000 eurokoak idatzi behar izan ditu, bi digituko hazkundea behar zuena ezerezean utzita. Bigarren hiruhilekoaren zenbaki gorriak beltzez margotu ditu, dena den, autobus negozioaren ekarpenak bultzaturik

Gainera, Brasilgo auzi horrek ez du estaltzen CAFen gorakada emaitzen alor guztietan. Hasteko, 1.863 milioi euroko salmentak egin ditu irailera arte, %36 gehiago 2018ko epe bereko emaitzen aldean, eta 171 milioi euroko ebitda luke Brasilgo aldagaia kontuan hartu gabe, %26 hobea.Ebitda marjina, era berean, %9,2 litzateke. CAFek dio «arrazoizkoa» dela pentsatzea Brasilgo isunaren kopurua «murriztuko dela» edota «erabat baliogabeturik» utziko dutela prozesu judizialaren amaieran, baina «urte asko» iraungo duela seguruenera.

Eskaera-poltsa

Horrez gain, Gipuzkoako enpresa handienak ia 3.000 milioi euroko kontratazioak egin ditu irailera arte nazioarteko merkatuetan; bizi duen aro emankorra garbi utzi du erakusle horrek ere. Eta CAFen altxor preziatuenak balioa galdu gabe jarraitzen du: eskaera-poltsa 9.111 milioi eurokoa zen irailaren 30ean, eta inoizko marka hoberena ezarri du.

Izan ere, konpainiak dio luze gabe beste 800 milioi gehituko dituela poltsa horretara, hainbat kontratu sinatu ondoren; adibidez, gehitzeko daude SCNF frantziarrarekin egindako akordioa eta Birminghameko tranbien eskaera. Beraz, 10.000 milioi euroko langa eskura izango du trengileak 2020. urtean. Andres Arizkorretak gidatzen duen konpainiak berretsi du poltsa hori beteta edukitzeko helburua duela, kontratazioa «etengabea» dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.