Klima larrialdia

Klima larrialdiari aurre egiteko, Larreko Mahaia taldea sortu dute Gipuzkoan

Gizartearen erabakimena aldarrikatu dute, “ordezkaritza politikoaren mende egon gabe”. Hondakinen auzia jarri dute adibide gisa, eta Zubietako erraustegia eteteko eskatu dute.

Larreko Mahaia plataforma berria aurkeztu dute gaur Donostian. JON URBE / FOKU
2019ko urriaren 28a
17:37
Entzun

Gipuzkoako eragile ekologista, sozial eta sindikal zenbait elkartu egin dira klima larrialdiari aurre egiteko, eta Larreko Mahaia taldea osatu dute. Klima larrialdiaren inguruko kontzientzia zabaltzea eta alternatibak proposatzea dute helburu, besteak beste. “Ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen eredu aldaketarantz herritarrak aktibatzeko eta presioa egiteko jaio gara”, adierazi dute gaur goizean Donostian egin duten agerraldian. Hondakinen inguruan lurraldean dagoen borroka historikoa hartu dute adibide gisa: azpiegitura bertan behera uztea galdegin dute, larrialdi ekologikoan "zuzeneko eragina" duelako.

Ingurumen krisia kudeatzean gizarteak erabakimena izan behar duela aldarrikatu du talde berriak: “Gizartea izan dadila larrialdi hau kudeatuko duena, erabakitzeko eta kontrolatzeko ahalmen osoarekin, ordezkaritza politikoaren menpe izan gabe”. Borroken eta belaunaldien arteko uztarketaren alde egin dute apustu: “Gipuzkoan denbora luzez lanean aritu diren kolektiboen eta gazte indarrez sortutako mugimenduen arteko lana sustatuz, baita eragile sozial eta sindikalen arteko elkarlana sustatuz ere”.

Izan ere, askotariko eragileek osatu dute plataforma berria: talde ekologistek (Greenpeace, Eguzki, Extinction Rebellion), Zubietako errauste plantaren aurka sortutakoek (Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS), sindikatuek (LAB, CCOO, Steilas, EHNE), gazte erakundeek (Ernai)... Partaide berriak jasotzeko prest daudela nabarmendu dute.

Helburuen artean aipatu dituzte herritarren lidergoa sustatzea; kontsumoa murriztea eta “tokiko harreman justu eta gertukoagoak” garatzea; mugikortasuna birplanteatzea; eta energiaren produkzioa eta erabiltzea aldatzea. Klima larrialdia globala den arren, eremu lokala aktibatzea ezinbestekotzat jo dute, eta munduan sortzen ari den sentsibilizazioa Gipuzkoara eramatea ere ezarri dute xedeen artean. 

Ildo horretan jarri dute adibide gisa erraustegiaren aurkako borroka. Hondakinen kudeaketak larrialdi ekologikoan "eragin zuzena" duela nabarmendu dute: “Ez dugu onartzen errausketa bidez hondakinen arazoari irteera faltsua ematea; ezin dugu onartu klima aldaketa eragiten duten gasak isuriko dituen instalazio bat”. Hartara, diskurtsoetatik harago, neurri zehatzak eskatu dizkiete erakundeei, eta lehen pausoa Gipuzkoako Aldundiari galdegin diote: “Zubietako erraustegia martxan jartzeko plana bertan behera uztea, eta eragile sozialekin elkarrizketa bermatzeko mahai bat sortzea hondakinen arazoari denen artean irtenbide ahalik eta egokiena bilatu ahal izateko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.