Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Donostian sexu abusuak eta lesioak egotzita

Eraso matxistak salatu, eta elkarretaratzea egin du udalak eguerdian, Alderdi Ederren.

Sexu erasoen aurka joan den astean Donostian egindako elkarretaratzea. GORKA RUBIO, FOKU
2019ko abuztuaren 14a
18:41
Entzun

37 urteko gizon bat eta 40ko beste bat atxilotu ditu Ertzaintzak Donostian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Donostiako erdigunean izan da erasoa, gaur goizaldeko bostak inguruan. Ertzaintzaren lehen ikerketaren arabera, bi gizonek ukituak egin dizkiote emakume bati lagun batzuekin etxerantz zihoala, eta jo ere egin dute. Lurrera bota ondoren ere ukituak egiten jarraitu dute. Haren lagun bat laguntzera joan denean, lagun hura ere jo dute bi gizonek.

Goizean, adierazpen instituzional bat atera du gaur Donostiako Udalak, "azken orduetan" gertatutako eraso matxistak gaitzesteko. "Hirian gaitzespena adierazteko egiten diren deialdiekin" bat egingo dutela adierazi dute, eta elkarretaratzea egin dute 12:00etan, udaletxe aurrean. "Udalak babesa eta elkartasuna adierazi nahi die eraso tamalgarri hau jasan duten emakumezkoei, bai eta haien familia eta hurbileko ingurukoei ere".

Gogorarazi dute udalaren arreta zerbitzuak haien esku jarri dituztela, eta ohartarazi dute "gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak" direla halakoak: "Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartearekin eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.