Plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Iruñean, Dora Salazarrek egindako Gogoan eskulturaren aldamenean. Elkarteak atzo salatu zuen monumentuaren aldamenean 1978ko sanferminetan Poliziak zauritutakoen omenez jarritako plaka desagertua zela, eta, gaurko agerraldia baliatuta, haren ordezko bat jarri dute behin-behinean.
Dozenaka izan dira 78ko Sanferminak Gogoan plataformaren deialdiari erantzunez Iruñeko Orreaga kalean bildu direnak. "Ez da kasualitate hutsa izan, eraso bat baizik. Bat gehiago, aurrez German Rodriguezen omenezko monolitoari egindakoak bezalakoa, azkena 2016ko ekainean. Herri oso baten memoriaren aurkako eraso bat da hau", salatu dute Ramon Contrerasek eta Josu Txueka, elkarteko kideek.
Plataformak salatu du gertatutakoari buruzko egia islatzen duten plakek jasan dituztela erasoak: "Isiltasuna eta ahanztura bultzatu nahi dute". Baina, uztailaren 19az geroztik, Nafarroako Memoria Historikoa islatzen duen guneetako bat da Gogoan monumentua, eta, beraz, instituzioei dagokie hura babestea. "Horrek esan nahi du erakundeei dagokiela gertatutakoa ikertu eta erasotzaileak identifikatzea".