Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak duela hiru urte egin zuen lehen aldiz Mugak Zabalduz karabana. Europako Batasunaren migrazio politikak salatzeko asmoz, 2016ko udan Greziara egin zuen lehen bidaia; hurrengo urtean, Melillan (Espainia) izan zen; eta iaz, Italian. Uztailean, Espainiako Estatuaren hegoaldeko mugetara itzuliko da.
Karabanako kideak uztailaren 12an abiatuko dira Euskal Herritik Andaluziara, eta egun berean Granadara iritsiko dira; han bilduko dira nazioartetik joandako beste taldeekin: besteak beste, Granadan, Motrilen, Tarifan, Ceutan, Algecirasen, Jerezen, Sevillan, Lepen eta Huelvan izango dira, han dauden migratzaileen eta haiekin lanean ari diren erakunde eta taldeen egoera gertutik ezagutzeko, eta Europako Batasunari beste migrazio politika bat eskatzeko. Euskal Herritik abiatuko den taldean joango dira Italiako Carovane Migrantiko kide batzuk ere.
Iaz, Euskal Herrian ere egin zuten bira bat, eta hainbat "gune gatazkatsutan" izan ziren: Bilboko portuan eta Hendaiako atxikitze (Lapurdi) zentroan, besteak beste. Aurten ez dute halakorik egingo.
Nazioarteko eragileekin harremanak saretzeko helburuarekin batera, antolatzaileek azpimarratu dute aurtengo edizioan aurrekoetan baino "leku handiagoa" izango dutela lekuan bertan eginiko sentsibilizazio, prestakuntza, gogoeta eta eztabaidarako edukiek, eta iragarri dute horiek uztartuko dituztela askotariko salaketa eta mobilizazio ekintzekin.
Iaz atera zituzten ondorioetan oinarrituta, halaber, gazteen parte hartzea sustatu nahi dute, eta belaunaldien arteko harremanean sakondu. "Aurten, gure nahia da karabana inoiz baino gazteagoa, feministagoa, arrazismoaren kontra irmoagoa, ekologistagoa eta antifaxistagoa izatea", azaldu du karabanako kide Cristina Garcia de Andoinek
Zergatik Andaluzia
Aurtengo karabana Andaluzian egiteari buruzko azalpenak eman dituzte antolatzaileek. Gogoratu dute Europako eskualdeetatik Andaluziara iritsi zela migratzaile gehien iaz (58.000 inguru), eta horietatik 1.064 hil zirela hango kostaldean. "Harrera sistema instituzionalaren gabezia larriak azaleratu ditu horrek, eta [Espainiako] Gobernuaren migrazio politiketan inboluzioa gertatu da".
Andaluziako erkidegoko hauteskundeetan gertatutakoa gogoratu dute; azpimarratu dute agintean dauden alderdiek —PP eta Ciudadanosek, Voxen babesarekin— migratzaileak "erabili" dituztela jarrera "erreakzionarioak" hauspotuz boterera heltzeko.
Horiek hala, eta "egungo ikuspegi soziopolitikoak aintzat hartuta", ohartarazi dute Andaluzian eta Europa osoan oro har "ahalegin bikoitza" egin beharko dela giza eskubideei eta immigrazioari buruzko nazioarteko akordioak bete daitezen exijitzeko eta herritarrak engaiatzeko.