CAFek Europa zaharrean zabaltzen jarraitzen du, eta, oraingoan, Suediako enpresa bat erostea erabaki du mantentze alorrean aurrerapauso bat emateko. Beasaingo trengileak Euromaint erosi du, Suediako konpainia handi bat. Mila behargin aritzen dira harentzat gaur egun, eta, 2018. urtean, 150 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Hori da CAFek oso-osorik erosi duen enpresa, Suediako liderra bere sektorean.
Orlando Nordics ABko akzio pribatuen aholkularitzako funtsekin sinatutako akordioan, Euromainten balioa 80 milioi euro inguru da; baina amaierako balioa salmenta ixten denean zehaztuko da dagozkion doikuntzak egin ostean. Itxiera 2019ko uztailerako dago aurreikusita.
Bidaiarientzako trenetan, tren makinetan eta tren ibilgailu industrialetan mantentze lanak egiteko negozioan, merkatuko kuotarik handiena dauka bere herrialdean Euromaintek. Bere jarduera nagusiak dira, besteak beste, flota handien mantentze lanak lanak egitea eta Suediako operadore nagusiak hornitzea tren arloko osagaien gama zabalarekin. Euromaintek Europako iparraldeko herrialde osoan banatuta ditu 18 tailer, eta horietan egiten ditu lanak. Merkatuan hazteko aukera eta lidergo posizio argia eman dio sare horrek.
Negozio berrietarako atea
CAF taldeari eskarien zorroa are gehiago handitzea ekarriko dio erosketa horrek, eremu horretako posizionamendu sendoa dela-eta zorroa handitzeko aurreikuspenak dituelako enpresak. Begien bistakoa da operazio horrek sendotu egingo duela Europan CAFen posizioa, osagaien hornikuntzarekin eta mantentze lanekin lotutako jardueran. Negozio horretan enkarguak gauzatzeko batez besteko denbora handiagoa da, eta, horrenbestez, horrek epe ertainera eta luzera begira salmenten egonkortasun handiagoa izango du Beasaingo konpainiak.
Gainera, Euromainten bezero kopuru handiari esker, CAFek uste du aukera berriak sortuko zaizkiola Eskandinavian beste era bateko proiektuak garatu ahal izateko. Erosketen arloan eta tren arloko ekipamenduen eta osagaien fabrikazioan eta hornikuntzan sinergiak lortzeko aukera ikusi du, halaber, Beasaingo konpainiak.
Orain, konpainiaren negozio klasikoari lotutako erosteka egin du CAFek; trengintzari lotua, alegia. Aurreko urtean, berriz, Solaris erosi zuen, Poloniako autobus elektrikoen ataleko enpresa bat. Erosketa biak enpresaren 2020rako Plan Estrategikoarekin lerrokaturik daude. Beste hainbat helbururen artean, plan horrek apustu argia egiten du material gurpildunaren eta zerbitzuen negozioan hazteko.