Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak batera antolatu ohi dute Rikardo Arregi Saria, euskarazko kazetaritza lanik esanguratsuenak nabarmentzeko asmoz. Gaur Donostian egin dute bi erakundeek hurrengo edizioa aurkezteko agerraldia. 31.a izango da, eta "berrikuntzaz" betera helduko da. Esaterako, bi sari emango dira: Kazetaritza eta Komunikazioa. Edizio honetan, halaber, finalistak izendatzen hasiko dira: lau Kazetaritza Sarirako eta beste lau Komunikazio Sarirako, gehienez ere.
Gaur saria aurkezteko egindako agerraldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi Ainara Rodriguez Zalakain eta Udaleko Euskara teknikaria: Patxi Baztarrika. Euskarazko kazetaritza lanen garrantzia agerian utzi dute: "Euskararen normalizazioak ezinbestean behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua".
Saridun izateko hautagaitzak irailaren 15era bitartean aurkez daitezke. Finalista edo sariduna izateko, hala ere, ez da ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea: epaimahaiak aukera osoa dauka bere proposamen propioak eztabaidatzeko. Finalistak zeintzuk diren azaroaren hasieran jakinaraziko du epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren amaieran izango da.