Emaitzak

Euskaltelek ia 63 milioi euro irabazi ditu, %26 gehiago

Derioko konpainiaren negozioa %10,7 hazi da 2018an, 674 milioi euroren salmentak izateraino.

Euskalteleko lehendakari Alberto Garcia Erauzkin, artxiboko argazki batean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
xabier martin
2019ko otsailaren 28a
12:49
Entzun

Euskaltelek nabarmendu du Ebitda marjina portzentajeko 42 puntu igo dela azken urtean, eta emaitzak izan duen hazkundea loturik dagoela konpainiak bere produktuak sorta moduan saltzeko hartu duen erabakiarekin. Euskaltelen bezero bakoitzak, batez beste, 3,6 produktu kontratu ditu 2018an. Horiek horrela, 62,8 milioi euroren mozkinak lortu ditu, %26.6 gehiago.

Akzio bakoitzeko 0,31 euroko dibidendua proposatu du zuzendaritzak, CNMVri jakinarazitako emaitza horiek kontuan hartuta. Akziodunen batzarrak onartu beharko du dibidendu horren banaketa. Bestalde, 74,4 milioi euro txikiagoa da zorra, azken urtean egindako ahalegina tarteko, eta haren ratioa da 4,4 aldiz Ebitda.

Kutxaren bolumena ia 183 milioi euro da, diru sarreren marjina %26 igo ondoren. Etxeetan egindako salmentak 64.000 produktu gehiagorenak izan dira 2018an, eta, guztira, 2,4 milioi produkturen salmentak egin ditu Euskaltelek. Enpresen alorrean, %3,5 hazi da negozioa azken urtean, eta urte horretako azken hiruhilekoan joera positiboagoa erakutsi du.

Hazkundea produktu guzietan

Sakelako telefonian, 43.300 linea berri kontratu ditu konpainia laranjak 2018an, eta jada 958.000 linea kontratuak ditu; telebista zerbitzuari dagokionez, 23.000 bezero gehiago ditu, eta jadanik 417.000 dira telebistaren kontratuak. Banda zabalean, berriz, 8.500 kontratu gehiago egin ditu 2018an, eta 497.000 kontratu ditu orotara.

Euskaltelek hedapen prozesu sendo bat abiarazi du, eta 2019an hainbat lurraldetara iritsiko da: kasurako, Kantabriara, Leonera, Errioxara eta Kataluniara, eta Nafarroan zabaltzen jarraituko du.

Euskaltelen lema eskuz alda daitekeelako albisteak bata bestearen atzetik iritsi dira urte hasieran, batik bat Zegona funtsaren asmoei loturik. Erresuma Batuko funts horrek berretsi egin du Euskaltelen akzioak erosiko dituela merkatuan, akziodun handien bihurtzeko, eta horrek zuzendaritza aldaketa eragin lezake. Euskaltelen erabakigunea Euskal Herritik aldentzeko arriskua badago, beraz, eta konpainiaren euskal jatorria sendotzeko  Eusko Jaurlaritzak ez du baztertu Euskaltelen akzioak erostea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak BERRIAri esan zionez orain aste batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.