Errepideak

Kamioientzako N-1eko eta A-15eko bidesariak indargabetu egin ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko du Gipuzkoako Aldundiak. Hark erabaki bitartean, bidesariak indarrean jarraitzen duela dio Oiarbidek.

Andoaingo arkua. JON URBE, FOKU
2018ko apirilaren 13a
08:48
Entzun

Gaur jakinarazitako epaian, auzitegiak aintzat hartu du 2017ko urtarrilaren 12an Espainiako CNTC garraio enpresen erakundeak aurkeztu zuen helegitea. Bidesaria "baztertzailea" dela eta Europako araudia urratzen duela dio epaiak. "Erabat desados" dago Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, eta bidesariak Europako Batasunaren onespena zuela gogorarazi du.

Garraiolariek emandako argudioekin bat egin du auzitegiak. "Zeharkako bazterketa" eragiten zuen bidesarien sistemak. Eta horrek urratu egiten du Europako araudian indarrean dagoen diskriminaziorik ezaren printzipioa, auzitegiaren arabera. Gipuzkoan abiapuntua edo helmuga duten bidaiek eta gainerakoen tratu desberdina dutela ebatzi du.

Argudio nagusia da bidesariek Gipuzkoatik kanpoko garraiolariei kalte egiten ziela, haiek gehien erabiltzen dituzten N1eko eta A15eko zatietan daudelako bidesariak, eta ez, ordea, gipuzkoarrek erabilitakoetan. Bidesariak kobratzen dituzten arku automatikoak Gipuzkoaren hegoaldeko eta iparraldeko muturretan daude (Etzegaraten eta Irunen, hurrenez hurren), eta, ondorioz, lurraldea zeharkatzen duten ibilgailu astunek haietatik pasatu behar dute. «Ibilbide osoa [Gipuzkoa zeharkatzea] egiten dutenak hiru ordainlekuetatik igarotzen dira, eta kanon osoa ordaintzen dute; baina Gipuzkoatik atera den garraioa eta lurralde horretara doanak gehienez ordainsari bakar bat ordainduko du, soilik Andoaindik igarotzen bada».

Helegiteak nabarmendu zuenez, ez dago ordaintzeko arkurik Idiazabaldik Andoainera dauden ia 53 kilometroak, eta horiek dira, hain zuzen ere, Gipuzkoako garraiolariek gehien erabilitakoak.  

FENADISMERek salatu zuenez, Espainiako bidesarien batez besteko prezioaren oso gainetik jarri zuen ordainsariaren prezioa Gipuzkoako Diputazioak, eta, gainera, errepideak ez ditu betetzen autobideen kalitate baldintzak. Elkarteak salatu zuen bidaia luzeetako garraioari kalte egiten ziola bidesariak batik bat.

Aldundiak joan den urtarrilaren 9an jarri zuen indarrean kamioientzako bidesaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.