Atxilotu, otsailaren 4an atxilotu zuten. 1981. urtea zen. Madrildik iritsi zen albistea: ustezko bi etakide atxilotu zituztela. Lehen bi egunetan, ordea, ez zuten atxilotutakoen izenik eman. Gero esan zuten Isidro Etxabe eta Joxe Arregi zirela atxilotutakoak. Beste hamazazpi lagun atxilotu zituzten gero, eta horiei esker atera zen ziegatik Arregiren testigantza sinple bezain beldurgarria: "Oso latza izan da". Izan ere, Arregi ez zen Espainiako Poliziaren ziega haietatik bizirik atera. Atxilotu eta bederatzi egunera hil zen, torturen ondorioz. Harrezkero, otsailaren 13a da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna.
Euskal Memoriak, txosten batean, dokumentatuak ditu 5.657 tortura kasu. 1947ko eta 1950eko hamarkadako gertaera bakanen batzuk landuak dituen arren, txostena, batik bat, 1960tik aurrerakoa da. Hain justu, 2014ko ekainera artekoa, ordukoa baita azkeneko tortura salaketa: Tomas Madinarena. Orain arte euskal herritarren atxiloketetako 7.582 kasu aztertu ditu, eta, idatzian dioenez, %74,61etan egiaztatu ahal izan du polizia indarren torturak gertatu zirela. Lanean jarraitzen du, torturak eragiten duen "drama humanoa eta soziala behin betiko argitzeko". Euskal Herriko gatazka politikoaren kontakizuna osatu nahi du modu horretara.
Gaurko egunaren harira, Sortuk deituta elkarretaratzeak egin zituzten igandean Ertzaintzaren polizia etxeen aurrean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Izan ere, alderdiko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek azpimarratu zuen Ertzaintzari egozten zaizkiola kasu horietatik 407; "kasu dokumentatuak eta frogatuak dira". Iruñean ere egin zuten elkarretaratzea.
Bestalde, Sandra Barrenetxearen tortura salaketen epaiketa egingo dute Bilboko Epaitegian. Lau guardia zibil epaituko dituzte, eta litekeena da torturen aurkako azken epaiketa izatea.