*/?>
Modako kontzeptuak dira egunotan askoren ahoetan "oroimena" eta "justizia". Hitzetik hortzera erabiltzen dituzte, batzuen kasuan sinesgarritasun handirik gabe.
GAL 30 urte multimedia-k gure herriak, azken hamarkadotan, bizi izan duen garairik ilunenetako baten kronika izan nahi du. Oroimena etengabe aipatzen ari garenez, GALen ekintza eta, garrantzitsuagoa dena, ardura gorenak argitu gabe daudela gogorarazteko.
Lehenagotik batean eta bestean argitaratuta dagoena jaso eta ordenatzeaz gain, orduko lekukotasunak bildu nahi izan ditugu lan honetan; biktimenak, biktimen senideenak eta protagonistenak.
Lan hau ezinezkoa zatekeen garai zail haietan, polizien eta epaile askoren pasibotasuna ikusita, ikerketak egitera ausartu ziren kazetari, abokatu eta historialarien ekarpena gabe.
Webgunea taxutzeko, BERRIAko 40 kazetari eta teknikarik hartu dute parte, inoiz gure etxean egin den kazetaritza lan mardulena osatuz. Eskerrik asko denoi. Baita ere orduko dokumentazioa eta argazkiak eskuratu dizkigutenei.
Eta zuri, erabiltzaile, desio bat eta eskaera bat.
Desioa, balia dezazula lan hau orduan gertatu zenera hurbildu eta jabetzeko.
Eskaera, daturen bat oker edo gehitu beharrekoa ikusten baduzu, edo material grafikoa baldin badaukazu, erabili [email protected] guri helarazteko. Denon artean hobetuko dugu lan hau.
Martxelo Otamendi