Unai Beroiz argazkilari iruindarrak argazki batean eta bost hitzetan laburbildu du itxialdia. Argazkian, kristal bat da bi munduren, bi pertsonaren arteko muga: aurrez aurre, kristalaren alde batean, bizimina darion gizon edadetu baten aurpegia, begirada zuzen, natural eta gardenarekin, kristala desagerrarazteraino; kristalaren beste aldean, itzal bat, maskara aurpegian eta argazki kamera eskuan. Eta kristalean bat eginda, bi esku: bata biluzia; bestea beltza, biniloz, latexez edo auskalo zerez jantzia, iluna eta aseptikoa. Bost hitz: Aitona. Tan lejos, tan cerca (Aitona. Hain gertu, hain urrun).
Argazkikoak aitona-ilobak baitira. Unai Beroiz eta Miguel. Apirilaren 1a zen. Beroiz, freelance argazkilaria eta Noticias de Navarra egunkariko kolaboratzailea, Uharte inguruan (Nafarroa) izan zen lanean, eta han bizi den aitonari deitu zion. Ezkaratzera jaisteko eskatu zion, agurtzeko eta zer moduz zegoen ikusteko.
Han sortu zen argazkia. «Eskua kristalean jarrita agurtu ginen, eta argazkia sortu egin zen», azaldu du Beroizek. Argazki kamera, nola ez, eskuan baitzeraman.
Argazki indartsua da: Miguelen begiradagatik eta aurpegieragatik, eskuengatik, kristalaren islarekin jokatzeagatik... «Izugarri gustatzen zaizkit kristalak eta islak dituzten argazkiak». Horren erakusgarri, Burlatako (Nafarroa) kutxa automatikoen gela batean bizi den Anjel Ramosi egunotan ateratakoa. Facebooken dauka ikusgai.
Beroizi gustatu egin zitzaion aitonari ateratako argazkia, «oso ondo erakusten baitu gaur egungo egoera». Gustatu bai, baina argazki intimoa zen, eta beretzat eta ingurukoentzat gorde nahi zuen, Extremadurako (Espainia) senideei aitona zer moduz zegoen erakusteko.
Sare sozialetatik mundura
Gauean, ordea, berriro ikusi zuenean, sare sozialetan zabaltzea erabaki zuen. Biharamunean, esnatzean, komentario eta erreakzio olatu batek astindu zuen. Nazioarteko hainbat komunikabidek erabili zuten, The Guardian-ek, esaterako.
Uste du argazkiak oihartzun handia izan duela, besteak beste, aitonaren aurpegiaren indarragatik —hunkitu egin zela esan zion— eta «jende askok bere burua islatuta ikusi duelako». «Bai ezin dituztelako senideak ikusi», zehaztu du, «bai edadetuak direlako gehien sufritzen ari direnak».
Beroizen aitona Miguel sufritzen ari da. 90 urte ditu, eta sasoiko ditu «bai gorputza, bai burua». COVID-19ari aurre egiteko itxialdia ezarri aurretik, astean lautan joaten zen gimnasiora, eta egunero etxe ondoko baratzera. Ingurukoak ere ari dira sufritzen: «Ez dakizu zenbat kostatzen ari zaigun aitonari etxean eusten», azaldu du Beroizek, arduratuta, baina baita aitonaren biziminak poztuta ere. Aitona krisi honetatik onik ateratzea du lehentasun.
Sortzez Extremadurakoa da Miguel, eta Frantziara jo zuen lanera. Han hainbat urte egin eta gero, Frantziatik bueltan, Uharten geratu zen bizitzen, gaur egun bizileku duen etxean. Garabi enpresa batean lan egin zuen. Uhartera bildu ziren haren senideak ere.
Itxialdia eta pandemia dira Beroizen langai bakarra egunotan. «Erronka» gisa hartu du izurritea, «istorioak topatzeko»: «Kazetari eta argazkilari asko ari dira baimenak eskatzen ospitaleetan etazainketa intentsiboetako unitateetan sartzeko. Ondo dago, baina hori erraza da. Bestelako erreportajeak aurkitu behar direla uste dut; hori da gure erronka».
Berak egitasmo eta «omenaldi» xume bat abiatu du sare sozialetan. Lanean ari direnen argazki bat jartzen saiatzen da egunero. Kaparik gabeko heroiak deitzen die: denda txikietako saltzaileak, garbitzaileak, farmazialariak... «Lanean ari dira guri ezer ez faltatzeko, beren osasuna arriskuan jarrita. Merezi dute gu guztion aitortza. Espero dut hau guztia bukatutakoan jendeak memoria izango duela, haiek baitira gure hirietako taupadak».
Itxialdia parez pare
Mundu guztian zabaldu da Unai Beroiz argazkilari iruindarrak aitonari etxeko ezkaratzean ateratako argazkia, itxialdiaren gordintasuna irudi bakarrean bildu duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu