Joan Mari Torrealdai (1942 - 2020)

Torrealdairen enkarguak

Ezinari ekinez nola irabazi, lezio batzuk utzi zituen Joan Mari Torrealdaik bere azken elkarrizketetan. 60 urteko lan militante eta profesionalaren emaitza dira gogoeta hauek, bide erakusle.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel p ansa
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Pentsamenduaren alorreko langile askorekin gertatzen denez, Joan Mari Torrealdairen ekarpenetan ere obsesio batzuk ageri dira, eta hitzaren alderdirik positiboenean eta propositiboenean ulertu behar da kasu honetan obsesio: funtsezkoa delako tematu beharreko gaia. Hil aurretik enkargu argi bat utzi dio euskalgintzari: diagnostiko zorrotz bat egitea eta «akordio programatikoak» garatzea euskararen normalizazioan elkarlanean urrats sendoak egiteko. Eta bide hori nola ibili beharko litzatekeen erakutsi ere egin du Torrealdaik, bere etsenpluarekin: independentziaz, lanari tinko eutsiz etsi gabe, errespetuz, talde lanean, metodikoki... ezina ekinez egiteko, maiz errepikatzen zuenez.

Euskara irabazteko bidean libururako elkarrizketatu zuen Garikoitz Goikoetxea kazetariak 2016an. Osorik argitaratu gabea da elkarrizketa. Torrealdairen legatu gisa uler litezke orduan esandakoak. Goikoetxeari azaldu zion «bidegurutzean» ikusten zuela euskalgintza XXI. mende honetan: «Globalizazioaren aroan bete-betean kokatu behar du bere burua. Eta erabaki behar du aurreko tradizioetatik zer gorde eta zer baztertu. Eraberritu beharra du, diskurtsoa eta praxia, egoera berrietara egokitu beharra du». Elkarrizketa hartako pasarteak dira ondoren datozenak:

Euskalgintzaren «bi tradizio handiak»

Begirada luzea zuen Torrealdaik, etorkizunerako bezala iraganerako. Euskalgintzak «bi tradizio handi» izan dituela zeukan gogoan: «Batek 60 urte ditu. Herri ekimenean, militantzian, euskararen zentralitatean oinarritua izan da, frankismorik bizienean zaildu eta trebatua, ikastolari, kantuari, alfabetatzeari, euskara batuari... hasiera eta oinarri eman ziona. Beste tradizioa berriagoa da, 30 bat urte pasatxo, instituzionala da, instituzioetan kokatu da, Eusko Jaurlaritzan bereziki, irakaskuntza eta EITB lehenetsi dituena. Bakoitzak ditu bere indarguneak eta bere mugak».

Bi tradizio horiek «elkarri bizkarra emanda», elkarlan gutxirekin, mesfidantzaz, aritu dira urte askoan. Are gehiago, elkarri zangotrabaka ere bai zenbait kasutan. Horiek gainditzeko premia sumatzen zuen, baina belaunaldi berriei aitortzen zien bidea asmatzeko ardura, hori ere bai baita Torrealdairen marka bat: «Ohartzekoa da abiapuntu berri batean gaudela eta belaunaldi berriek asmatu behar dutela gizarte berriari eman beharreko mezua. Baina ez dadila katea eten, adamismoaren tentazioa gaindituz, eta tradizioaren depurazio edo destilazio prozesua eginez». Euskalgintzaren bi tradizio horiek emandako onena hartuz jarraitzeko dei bat, beraz; hutsetik ez hasteko dei bat.

Euskal mundua, «subsumitua»

Elkarrizketaren garai hartan, Torrealdaik «sakabanaturik» ikusten zuen euskalgintza. Barrura begira, eragin mugatuarekin; eta kanpora begira, are mugatuagoarekin: «Gizarteak ez du euskalgintzaren berri, ez informaziorik, ez interesik. Existitzen denik ere ez daki askotan. Erdaren bidez euskararen mundura jendea erakartzeko estrategiarik ez da jorratu. Euskalgintza isolaturik utzi dute. Unibertsoa izan nahiko luke, baina alor huts bat bilakatu da, de facto. Euskararen mundua eta gizartea ez daude elkarri bizkarra emanda, ez; euskalgintza subsumitua dago, erdararen barruan minorizatua». EITBk bi kate sortuta egindako bidea jarri zuen adibide gisa: «Lortu duena da bi errealitate paralelo gisa kontsideratzea, sekula bat egiteko modurik gabe».

«Kulturak alderdietatik aparte behar du»

Urte askoan pilatutako esperientziak eta disgustuak gogoan zituen Torrealdaik, ez debalde. Euskalgintza sozialak pilatutako zailtasunak. Eta horiei aurre egiteko, beti-beti defenditu zuen euskalgintzaren, kulturgintzaren, herrigintzaren autonomia, alderdi politikoetatik independente jokatzeko beharra. Euskalgintza haietatik aparteko mugimendu gisa artikulatzeko beharra aldeztu zuen azkeneraino: «Alderdi politikoengan eta erakundeetan eragina handitzeko modu bakarra dago: euskalgintzak bat egin dezala eta estrategia garbi batekin jo erakundeekin negoziatzera».

Askotan sakondu zuen ideia horietan: «Euskalgintza sozialaren kohesio eta nortasun faltak eta alderdien interes partidistek onura ez baina kalte egin diote euskararen munduari. Kultura eta politika bi dira, bai jomugetan, bai jokamoldeetan eta bai erritmotan. Bakoitzari aitortu behar zaio berea, bereizi egin behar dira. Eta kulturari, errespetua eta independentzia. Nahasketaren kasuan euskara eta kultura suertatu ohi dira sarriegi galtzaile, menpeko, zatituta. Kultura ez dago politikatik at, baina alderdietatik aparte behar du».

Kritikoa zen administrazio publikoek urteotan eratu duten diru laguntza sistemarekin, «morrontza» sustatzen duela eta euskalgintza lehian jarri duela iritzita. «Diru laguntzen sistemak eta horien maneiuak sekulako dependentzia eta taldekeria ekarri du euskalgintzara: epe luzerako proiekturik ezin egin, urtero bizitzeko elikadura erakundeetatik behar. Ondorioz, euskalgintzako eragileak biziraupena lortzeko ahaleginean elkar hartuta indartu partez, elkarren lehian bezala jardun dira, elkarren etsai balira bezala, bakoitzak bere biziraupena segurtatu nahita. Sos batzuen truke autonomia galdu du euskalgintzaren zati batek».

Autokritika ere eskatzen zuen: «Euskalgintzak autokritika aldi bat ireki behar du, eta aitortu zergatik erori den amarru honetan eta zergatik ez duen jakin lehia eta etsaigoa bereizten, eta elkar hartuta jardutea baino nahiago izan duen askotan kapillismoan tematu. Guztion kalterako». Euskalgintzako arlo askotan dagoen prekaritatea ere horrekin lotzen zuen: «Berezkoaz gainera, induzitua ere izan da prekaritate hori. Prekaritatearen lehen ondorio gaiztoa, are, perbertsoa, dependentzia da, dependentzia instituzionala, morrontza».

Elkarrizketa horiek eginez geroztik, sortu dira euskalgintza sozialaren eta instituzioetako euskalgintzaren arteko elkarlan zubiak. Berrikusten ari dira diru laguntza sistema batzuk, hitzarmenetara jotzeko. Eta Euskaraldiaren gisako ekinaldi sozial bat sortu dute elkarlanean. «Bi tradizio handiek» elkar ulertzeko eta elkarrekin lanean hasteko keinu bat baino gehiago egin dituzte. Torrealdairen itzala ere sumatzen da giro berri horretan.

Metodo zientifikoa: horraino, diagnostikoaren partea. Ezinak.

Helburua, bidea, urratsak, metodoa

Hortik aurrera, zer egin beharko litzatekeen ere oso argi zuen, ordea, hiru urrats argitan zehaztuta: «Lehenengo eta behin, euskalgintzak jarrera proaktibo bat hartu behar du: hau da, etorkizuna bere esku hartu, erakundeei begira gelditu gabe alde bakarreko jardunbidea landu, helburu argiekin: batasun estrategikoa behar du bere baitan, hizkuntza normalizazioari buruz akordio programatikoak adostu behar ditu elkarrekin, diagnosia eta aurrerabideko urratsak argitu ostean. Bigarrenik, adostasun programatikoa eskuetan, eragile politiko eta instituzionaletara jo behar du hitzartzera, mesfidantzak, liskar historikoak alde batera utzi eta konplizitatearen eta hitzarmen bidezko elkarlanaren bila. Epe luzerako. Eta hirugarren, gizartean akordio zabal bat lortu behar du, euskaraz bizi ahal izatearen alde, elebitasun formalaren mugak gaindituz».

Eta hor dago metodoa: ekina.

Lau lezio

Eta metodoak baditu bere gakoak, Torrealdairen arabera. 60 urteko jarduneko eskarmentuan ikasitako lehen lezioa: talde lana. Lan kolektiboa pizteko zuen gaitasuna goretsi dute, egunotan, ezagutu zutenek. Aitortza pertsonaletatik harago, maite zuen elkarrekin egindako lanaren balioa. Bazekien pertsonen ekarpenak ez direla hutsetik sortzen. Hala ikasi zuen bere belaunaldiak frankismoko urteetan, eta hala erakutsi zuen 2016an Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa-ren ekitaldian hitza hartu zuenean, Donostian: «Aitzindarien lan erraldoi horiek [Etxepare eta Larramendi aipatu zituen] lan kolektibo bihurtzen dira gure belaunaldian, XX. mendearen erditik aurrera. Aurrerantzean talde-lana da nagusi eta ez pertsonaia jakin batzuen lan erraldoia. Gure belaunaldiak, gerraosteko lehen belaunaldiak, kolektiboki jokatu du, elkarlanean, talde-lanean, bai herrigintzan eta bai kulturgintzan edo euskalgintzan». Eta, horri lotuta, kolektiboa edo banakakoa izan, bigarren lezioa: lana.

Itsu sinisten zuen herri mugimenduen ekarpenean. Kudeaketa zorrotz batekin, hori bai; ez boluntarismo hutsarekin. Maiz nabarmendu zuen lan profesionala eta militantea bateratzearen garrantzia. Ez alferrik, horrela ikusi zituen sortzen helduak alfabetatzeko sareak, ikastolak, euskal kantagintza berria, editorialak, Euskaldunon Egunkaria bera...

Donostiako hitzaldian ere nabarmendu zuen lezio hori: «Bi kasu enblematiko horietan [ikastolak eta Egunkaria], eta askoz gehiagotan, mugimendu kolektibo eta herrikoiak izan zuen protagonismoa; eta erantzukizuna hizkuntza komunitateak bere gain hartu zuen. Hau da ikasi dudan hirugarren lezioa: herri ekimenak ikaragarri dezake, kudeaketa on batez lagundurik. Daukagun hoberentxoena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hizkuntza komunitate aktibo eta konprometituari hein handi batean zor diogulakoan nago. Herri ekimenaren formula ez dago iraungita. Ezta gutxiago ere. Globalizazioaren haizeteak dena berdindu, homogeneizatu, eta uniformetu behar duen honetan, are beharrezkoagoa da hizkuntza komunitate antolatuaren esku hartze zuzen eta proaktiboa. Guztiz konbentziturik nago, aurrerantzean ere, hizkuntzaren estatusa edozein delarik eta legeak aldeko izanik ere, hizkuntza komunitateak eutsi beharko diola hizkuntza gutxituaren normalizazio soziolinguistikoari».

Hor daude ekinaren emaitzak, begien bistan: Jakineko talde historikoaren belaunaldiak, ez talde horrek bakarrik —bistan da—, euskarak bizirik irauteko behar zituen egitura eta azpiegitura ugari sortu ditu. Hortxe laugarren lezioa: azpiegiturak. Horiek baitiote forma ematen gizarteri, eta horiek gabe aise galduko baitzen euskararen mundua. Azpiegitura izan liteke eskola bat, argitaletxe bat, jakintzaren biltegi bat, hiztegiak, euskara batua... Horrela ulertzen da Jakineko kideen ekarpen ugaria hainbeste alorretan, tartean Torrealdairena.

Arrakastari gorazarre

Eta helburu garbi batekin: egitea, irabaztea. Arrakastarik izan ezean euskarak amilzuloak leuzkakeelako aurrean. Ez du ahalegin hutsak balio, lortu egin behar da. Kritikoa zen horri buruzko zenbait jarrerekin ere Torrealdai: «Euskal kulturan, gehiegitan, arrakastak ez du izan izen onik, are, susmagarritzat hartu da, sozialki eta ekonomikoki arrakasta izatea ez zen ondo ikusia, kultura eta negozioa elkar ukatzaile balira bezala, kontu zikina. Porrotak, aldiz, biktimak, atxikimendua eta solidaritatea bereganatu izan ditu erraz. Arrakasta zigortu egin da, eta porrota babestu. Herri bateko kulturak behar dituen egitura eta azpiegiturak sortzeko orduan jarrera mesfidati horrek kalte handia ekarri du».

Eta puntu horretan elkartzen dira metodo zientifikoa eta herri jakintza: ezina, ekinez egina. Torrealdairen dotrina.

Eginkizun

Torrealdaik hasitako langintza batzuk zurtz gelditu dira. Tartean, adibidez, enkargu inplizitu bat utzi du: norbaitek jarraitu beharko du euskal liburugintzaren urteroko ikerketa egiten —berez edozein herrialdetako Kultura Ministerio bati legokiokeen lana, bere gain hartu zuena—. Zentsurari buruzko ikerketak baditu jarraitzaileak, unibertsitatean. Ezin handi bat gelditu zaio, ordea, eta akaso hori izango da haren azken ekarpena: euskal liburutegi nazional bat sortzea. Behingoz. Patxi Zabaleta idazle eta euskaltzainak, ez alferrik, utzi zuen proposamena joan den larunbatean, Usurbilgo (Gipuzkoa) beilatokian: sortuko den liburutegi nazional horrek izan dezala Torrealdairen izena.

Ezina ekinez egin litekeela frogatzeko aukera bat litzateke.

 

«Euskara batuan jaio eta euskalkian jaio direnen arteko batasuna beharrezkoa da»

Euskara batuaren osasunari buruz ere elkarrizketatu zuen Garikoitz Goikoetxea kazetariak Joan Mari Torrealdai, 2018an. Transmisioarekin kezka agertu zuen: «Norbere euskaratik euskara batura doan bidea nola egin ez dugu erakutsi. Ez eskolak eta ez akademiek. Baina ez da transmisioaren errua bakarrik. Esan dezagun garbi: jende bat diglosian goxo bizi da, euskara batuari errua emanda. Etxeko euskarak harreman hurbilerako balio dio, eta hortik gorako zereginetarako erdara batua du, beren euskara iristen ez den lekuetara erdara batua iristen da eta. Zertarako orduan euskara? Ikasi egin behar, gainera. Aitor dezatela egia: euskara batua baino natualagoa gertatzen zaie erdara batua».

Euskara batua gutxietsi eta mespretxatzea «atzerapausotzat» zuen, baina ez zitzaion iruditzen «peruabarkismo» hori gaindiezina zenik, euskara batua berez baita «inklusiboa». Etorkizunerako abisu argi bat utzi zuen: «Euskara biziko bada, jatorriz euskara batua dutenak izango dira estatistikoki nagusi. Txokoko euskararen defendatzaile itsuekin itsututa gaude agian, eta arazo handiagoak dauzkagu agian. Euskara batuan jaio eta euskalkian jaio direnen arteko batasuna beharrezkoa da. Eta egiteko hori ez da eskolaren lana bakarrik, gizartearena eta erakunde guztiena baizik. Eta hori baino larriagoa euskararentzat esparru berriak irabaztea dateke, hainbat eremutan euskara sustraitzea eta beste hainbatetan mamitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.