begona del teso
Eppur si muove

Hodei madarikatua, kamioi kabroia

2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Euripean, ekaitzak bilduta iritsi zen Debara Juan Pablo Zaramella argentinarra, Donostian atzerabegirako arras interesgarria duen Isabel Herguerarekin eta Esloveniako Animateka zinemaldiko Igor Prassel zuzendariarekin. Bera izan da Animadeba jaialdiaren gonbidatu nagusia.

Iritsi zen eta Kutxa Zuria izeneko karpapean (non dena gerta litekeen: esaterako, Esanezin taldearen entsegu bitartean, zerbeza bat hartu ahal izatea aipatu gonbidatuekin eta zinemaz hizketari ekitea, gozo/gazi, kanpoan euria goian behean ari zela) bere lan guztien bilduma ikaragarria eskaini zigun ikusleoi.

Zer-nolako altxorrak ziren Juan Pablok irekitako kutxan? Ba, pazientzia pixka batez armaturik sareetan, bideo kanaletan, Interneten erraz samar aurki ditzakezuen batzuk. Esaterako, El guante. Esaterako, Viaje a Marte. Esaterako, Sexteens. Esaterako, Pasajero. Esaterako, Lapsus. Esaterako, gure egunerokotasunean dauden objektuekin egindako labur labur oso laburrak diren laburrak. Berba egiten zuten bertan aulkiek eta komunontziek. Segundo batzuk besterik irauten ez zuen Zinema bihurri horretako iskinetatik mintzo ziren etxeko altzariak. Eta iraultza egin nahian lurrean bukatuko zuten domino piezak.

Ekarri zuen Debara Juan Pablok Luminaris laburra, 324 sari eskuratu dituen pelikula. Benetakoak direla ematen ez badu ere, haragi eta hezurrezko gizakiekin kontaturiko ipuin animatua. Errealak diren aktoreak, askotan erreala ez dirudien arren, errealitate magiko/infernuzko antzeko batean existitzen den hiri batean. Kasik panpina bihurturiko antzezleak non eta Buenos Airesen lanean. Diru gutxiko aurrekontuarekin borrokan zen etengabe zuzendaria eta beharrezkoak zein egokiak ziren agintari zibilen baimenik gabeko ekoizpen batean guda bizian lantalde teknikoa.

Luminaris-ek munduan eta mundutik isolaturik dagoen eremu urbano/utopiko/distopiko batean bonbillak sortzen dituzten funtzionario zorigaiztoko batzuen istorio kasik erromantikoa kontatzen du. «Sortzen» idatzi dut, bai. Ez «fabrikatzen». Izan ere, beira mastekatuz egiten dituzte anpoilak eta enplegatu zenbaitsuren begi indar sorgindu samarrez pizten.

«Ez zuen [Juan Pablo] Zaramellaren ekoiztetxe pribatu eta partikularrak ahal nahikoa kaleak mozteko (ekoizpen handiek badute, jakina) edo bat-batean trafikoa desagerraraztekoa. Beraz, goizaldeko ordu arraroetan filmatu behar»

Esandakoa. Ez zuen Zaramellaren ekoiztetxe pribatu eta partikularrak ahal nahikoa kaleak mozteko (ekoizpen handiek badute, jakina) edo bat-batean trafikoa desagerraraztekoa. Beraz, goizaldeko ordu arraroetan filmatu behar. Asteburuetan, aktoreak ez ziren haragi-hezurrezko gizakiak lotan edo amodio jardunetan zeudelarik.

Argiak du garrantzi osoa zuen etxe barruko zinema saloietan erraz asko ikus dezakezuen Luminaris-en. Argiaren bila, eguzkiaren zain, itzalen ehizan ibiltzen ziren denak, zorioneko, ero moduan. Argi egokirik gabe, eguzkirik pe, itzalek ihes egiten bazuten, hartualdirik ez. Pentsa ezazue behin baino gehiagotan hartualdi bakar baterako aukera zegoela, zutela.

Geroxeago munduko bost kantoietan izango zuen arrakastari esker, ahal izango luke Juan Pablok Onión bezalako atrebimendua filmatu, baina une hartan Buenos Airesen geunden, dirurik eta baimenik pe. Eguzkiaren, itzalen eta argien esklabo. Behin batean (eta hau ez da ipuin gozo baten hasiera) pozez beterik zen Luminaris aurrera atera nahi zuen jendaia markaz fuerakoa; eguzkia hor zegoen, hor goian, nahitaezko kokapen zerutiar-zinematografikoan. Hori goian. Behean, asfaltoan bertan, filmatzeko tresneria osoa martxan… Ekin! Ba ez, boteprontoan, derrepentean, laino bat agertu zen. Ez, zerua ez zen lainotu. Laino bat bakarra. Zeruan. Eguzkiaren parean. Pikutara. Pikutara dena. Ez, eguzkia hor zegoen. Ez, zerua ez zen ez hodeitu ez goibeldu.  Baina laino bakar hura hor zegoen. Alde egin zuen gero. Baina ordurako, eguzkia ez zen noraezeko posizio zerutiarrean.

Bigarren behin batean (eta hau ere ez da ipuin baterako sarbidea) eraikin bat argitan uzteko beharrezkoa zen argia zuten harrapatua. Derrepentean, boteprontoan, edari banaketako kamioi bat pausatu zen etxearen aurrean. Kamioi bakar bat. Zebra bidean. Eguzkiaren errainuak estaliz, desbideratuz. Kamioi bakar bat. Aieneka eta oihuka hasi ziren zinemak zaurituak. Kamioilariak ezer gutxi ulertzen zuen. «Minutu bat baino ez da izango», esaten zien negar egitear ziren horiei. Baina 60 segundo horiek ere ez zituzten zinemak (eta Patuak) torturatuek.

Segundoak. Minutuak. Orduak. Egunak. Asteak. Hilabeteak. Pasa zituzten zorabio horretan, amore eman gabe, «errendizio» hitza ahoskatu barik, eguzkiaren-lainoen-kamioien joan-etorrien esperantzaz, beldurrez, kalkulatuz, neurtu nahian.

Bukatu zuten azkenean abentura. Bonbilla ikaragarri jigante bat, baloi gidatua bilakaturik, zerurantz igo zen gau batean, saskian bi maitale zirela musuka. Eta Luminaris-ek Guinness Marka hautsi zuen beste inork ez baitzituen inoiz 324 sari lortu. Inoiz, inon, inork, eguzkiak berotzen duen planeta lainotsu honetan.

Hori guztia kontatu zuen Zaramellak Animadeba zinemaldian. Euripean kontatu ere. Zeru lainotu/lanbrotu/goibeldu baten azpian. Baina eguraldiak ez zuen inportik. Jendea, aterkiaz armaturik arrimatu zen karpara eta Luminaris egina zen aspaldian. Interneten aurkituko duzue erraz asko, ez ahaztu.

Luminaris pelikulako fotograma bat. BERRIA
'Luminaris' pelikulako fotograma bat. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.