Gauzatu da ETAren armagabetzea (apirilak 8). Txetx Etxeberrik, gizarte zibilaren parte handi baten izenean, gaurko jarri zuen ETAren armagabetze eguna, eta agenda guztiak astindu zituen. Eta ETA, armagabetu da. ETAk ostiralean esan zuen dagoeneko erakunde armagabea dela, eta, gaur, haren armak jaso ditu Frantziako Poliziak, behatzaile zibilen aurrean. Egun alaia izan da Baionakoa. Bihar ere halakoa izango da Iruñekoa, Korrikaren bukaeran. Euskal Herriko Itzuli hau –Iruñean hasiz aspaldiko partez–, herri galdeketak… Herri honek albiste onak behar ditu, dinamika, kolorea, parte hartzea, zentzuzko horizontaltasun bat… Oraindik orain filosofia desberdinak daude arrunt. Nola izan parte, parte sentituta, hor koska aurrerabide kolektibo nazionalerako. Luhusokoak eragin duenak ere, apika, aldaketa mental baten hasiera bultzatu du. Gauzatu da ETAren armagabetzea. Bukatu da atzerako kontaketa hau: 22, 21, 20… Baina hau ez da bukatu.
(ondoren daude martxoaren 17-apirilaren 7 artekoak)
Egun 1 falta da ETAren armagabetzerako (apirilak 7). ETAren armagabetzearen bezpera gaur. Bihar goizean goizetik izango denez martxa pixka bat, BERRIAko lankide batzuk lehentxo etorri gara Baionara, badaezpada eta zer gerta ere, hemengo ordezkaritzako kideekin batera eguneko lanak ahal den ondoen egiteko. Milaka lagun izango dira bihar Baionan. Haietako bat izango da Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko presidentea. “Behar-beharrezkoa da Baionan egotea”, esan du BERRIAko elkarrizketan. Kargu instituzional garrantzitsua du, are gehiago kontuan hartzen bada Nafarroako aldaketa historikoko parlamentuko lehen presidentea dela. Ados, ez da gobernuko lehendakaria, ez du den-dena zertan neurtu, bihar beste bat izango da, baina kontenplaziorik ez Aznarezek. Kargua ez da beti karga. ETAren armagabetzearen egunekoa iragarri zutenean, Ahotsak garaiko lagunekin harremanetan jarri zen Baionarako plana egiteko. Ea zer ikusten duen, dugun. Jendea kantuan da Baiona Ttipian, baina jende bat urduri ere bada. Egun 1 falta da…
2 egun (apirilak 6). Zineman larunbatean emango dute lehen aldiz Bakea orain, Herriaren aldarria dokumentala (La Paix Maintenant, une exigence populaire). Sarean martxoaren 17an jarri zuten, eta bost mila ikustaldi pasa izan ditu orain arte. Luhusoko operazioa du oinarri, eta bake prozesuari buruzko gogoetak ere jaso ditu Thomas Lacoste zuzendariak. Baionako Atalante zineman izango da emanaldia, 10:30etik aurrera. 23 minutuko iraupena du eta hainbat lagun ezagun mintzo dira: Raymond Kendall (Interpoleko idazkari nagusi ohia eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea), Pierre Joxe (Frantziako Barne ministro ohia), Jean François Blanco (bakearen artisauen abokatua), Serge Portelli (Versaillesko epailea), Jean Rene Etxegarai (Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza), Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana (Luhusoko ekintzaileak), Sylviane Alaux (PSko euskal diputatua), Anita Lopepe (EH Baiko kidea), Anaiz Funosas (Bake Bideko presidentea), Jean Pierre Massias (Zuzenbide irakaslea eta Europako Kontseiluko aholkularia), Max Brisson (LR alderdiko presidenteordea), Louis Joinet (epaile ohia eta NBEko Giza Eskubideen batzordekidea), Gabi Mouesca (IK-ko kide ohia eta Ipar Euskal Herriko Harrerako kidea) eta Xavier Crettiez (Zientzia Politikoetako unibertsitate irakaslea).
3 egun (apirilak 5). Luhusokoak, Bake Bidea, Ipar Euskal Herriko beste eragile sozio-politikoak, Euskal Elkargoa, Eusko Jaurlaritza eta honen Bizikidetza idazkaritza nagusia, Nafarroako Gobernua, Foro Sozial Iraunkorra, EAJ, Sortu, Hego Euskal Herriko beste eragile sozio-politikoak, ETA, bake taldeetan ibilitako norbanakoak, nazioarteko egiaztatzaileak eta beste eragileak, epaileren bat, Espainiako Gobernua, PP, Frantziako Gobernua, gobernutik kanpoko Frantziako autoritate bat, bateko eta besteko Polizia indarrak… eta Euskal Herriko hedabideak, Espainiako eta Frantziako hedabideak, BBC –erne honi–… ETAren armagabetzearen lapikoan –bidoian ez dugu esango—, ale asko, ele asko, ETAk jarduera armatua bukatzean berez, funtsean, haren eta bi estatuen artekoa soilik izan behar zuenean. Era batera edo bestera tartean hainbeste jende eta interes egonda, azken hiru asteetan sortu dira krakatekoak, ustekabeak, atsekabeak, baina badoa! 3 egun falta dira…
4 egun (apirilak 4). Ipar Euskal Herriko EAJk atzo arratsaldean prentsa deialdi batean zioen datorren larunbatean EGI Eguna aurkeztuko dutela, Arrosan, 11:30ean, eta prentsaurrekoan izango zela Andoni Ortuzar, EGIko arduradun batzuekin batera. Gaur eguerdian Iparraldeko EAJk berak beste e-mail bat igorri du: “Kasu! Azkenean Andoni Ortuzarrek ez du parte hartuko prentsaurrekoan”. Baionan izango ote da ba Ortuzar orduantxe? EBBk ezetz dio, Baionan EAJko zuzendaritzaren ordezkaria Pako Arizmendi izango dela, Ipar Buru Batzarreko presidentea. Bide batez, gaur arratsaldean jakin denez, Ortuzarrek bihar Bilbon ETAren armagabetzeaz prentsa agerraldi bat egingo du EH Bildu, Ahal Dugu, PSE, ELA, LAB eta beste batzuekin. Josu Erkorekak, berriz, gaur iragarri du Jaurlaritza larunbatean, apirilaren 8 famatuan, ez dela izango 10:30etik aitzinako ekitaldi publikoetan; “armagabetzeari dagokionez Jaurlaritzaren egitekoa egun horretan 10:30ean bukatuko da”, esan du, baina ez du argitu Jaurlaritza izango den 10:30 baino lehenagoko agerraldi instituzionalean —”momentu instituzionalean”, deitu dio Mixel Berhokoirigoinek gaur—. Iñigo Urkullu zapatuan Bilboko Metroko 3. linearen inaugurazioan egotekoa da —Deia-k eta EITBk esana dute—, baina Jaurlaritzaren Irekia.eus-eko Agendan oraindik hutsik da apirilaren 8a, hileko aurreko egunak edota 10a eta 12a ez bezala. Halaber, gaur zabaldu dutenez, Jonan Fernandezek bihar aurkeztuko du Jaurlaritzaren 2017-2020ko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana; ea zer dioen armagabetzeaz, formatu horretan horretaz zerbait esan nahi badu beti ere. Euskal Herriko alderdi politiko nagusia izanki, oso garrantzitsua litzateke EAJ, eta haren Jaurlaritza, ordezkaritza gorenarekin Baionan izatea, zera instituzionalean eta zera publikoan; apirilaren 8koagatik, eta, batez ere, handik aurrera datorrenagatik.
5 egun (apirilak 3). Biharko BERRIAn Agus Hernan (Foro Soziala) eta Anaiz Funosasen (Bake Bidea) elkarrizketa argitaratuko dugu. Haiek ordezkatzen duten mugimendu sozialak ez dira ETAren armagabetzean ikusle soil, aktore garrantzitsu baino. Elkarrizketan bada Funosasen esaldi bat gogoetara eramaten zaituena. Dio Ipar Euskal Herriak aurten arte instituzio propio bat ez izateak onurarik ere ekarri duela, askotariko eragileak espazioak sortzera eta elkarlan bat izatera behartu dituelako. Aldeak alde, hor da Euskal Elkargoaren beraren sorrera prozesua, hor Batera, edo hor desarmatze mota honen aldeko mugimendu kolektiboa. Herri gisa ari dira jokatzen. Zergatik ez, salbuespenak salbuespen, Hego Euskal Herrian azken 35-40 urtean? Positibismoaren sortzaile Auguste Comte frantziar filosofoarena da: “Sentimendu onek soilik batu gaitzakete; interesak sekula ez ditu sortu batasun iraunkorrak”.
6 egun (apirilak 2). Irmo ageri da ETAren armagabetzearen gaian Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Hor egongo da hilaren 8an, bakearen artisauekin. “Ez ditugu bakarrik utzi behar”. Egunotan Korrikan ere fuerte dabil: hasieran Otxandion izan zen, eta gaur ere eraman du lekukoa, Ortzaizen eta Baionan. Baina politikoki euskararen alorra du ahulenetakoa Etxegaraik, hura ezagutzen dutenek diotenez. ETA armatu zen, ETA desarmatuko da, eta euskara hor da, lehen, orain eta gero. Amets Arzallusek duela bi urte eta erdiko solasaldi batean: “[Gatazkaren] Fase luze bat itxi da, eta beste bat hasi da politikoki, nahiz eta sakon-sakonean doan erreka beti den bide bera: izan nahiaren bidea, herriari forma eman nahia, eta hizkuntzari eutsi eta zabaldu nahia. Hori sakon-sakonean beti egon da, eta, aroaren arabera, gatazkak forma bat edo bestea izan du. Erreka horiek dira benetan garrantzitsuak. Mapetan ematen zaion forma horrek barruan sustantzia pixka bat izan dezala eta euskaldun izatea izan dadila zerbait berezia. Zerbaitegatik daukagu amets hori. Batzuetan iruditzen zait oso baliabide gutxirekin ari garela ejertzito kultural handien kontra”. Apirilaren 9tik aitzina hor ere beharko da gizarte zibil indartsua.
7 egun (apirilak 1). Aurten 10 urte egon ziren ETA eta Espainiako Gobernua azkeneko aldiz aurrez aurre hizketan. 2000ko hamarkada hasieran zeukan saio hark sorburua, Barajaskotik aurrera (2006-12-30) agonia batean zen arren. Jesus Egiguren parte izan zen hastapenetik bukaera arte. Duela hiru urte hark, Azpeitiko solasaldi batean: “Desarmatzeaz ari garela, [aurreko bake prozesuan] ideia ez zen [ETA] desarmatzea. Nik laguna nuen Alec Reid; lekuko izan zen IRAren desarmatzean, eta erdi barrez azaldu zidan ekarri zutela zaku bat balaz beteta, pisatu zutela eta hainbeste bala; gero ekarri zituztela beste zaku batzuk, baina inork ez zuela begiratu zaku haietan zer zegoen. Baina Erresuma Batuari komeni zitzaion desarmatu zirela esatea eta ontzat hartu zuen”. Solasaldi berean, pixka bat lehenago: “Nik gaur egun ez dut ETAren arazoa ikusten; presoen arazoa ikusten dut nik”. Aldatu egin dira prozesuko tarteko helmugak, eta protagonistak.
8 egun (martxoak 31). Eneko Goia Donostiako alkateari iruditzen zaio aurrerapauso bat dela ETAren armagabetzea, baina aitortu du ez daukala “ospatzeko gogorik” eta ez dela apirilaren 8an Baionan izango. Goiak, agian, ez du jaso edo ikusi bakearen artisauen afixa hau, eta ikusita ere ondoko oharraz ez da ohartu, menturaz, letra ttikian baitator: “Bazkaria ekartzea kontseilatua da”. Bihar zortzikoaren nolakotasunaren pista bat da. Esan nahi baita, ez dela txosnarik egongo. Baionako arratsaldeko elkarretaratzea ere ez baita festa bat izango, ez baita, EAJren bazkide Idoia Mendiak iragarri bezala, “erromeria” bat izango. Atzoko esaldi bat doa berriro, bakearen artisauena: “Gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduen errespetuan burutuko da”. Haiek, kapazitate latza izateaz gain, sinesgarritasuna daukate.
9 egun (martxoak 30). Hasi da Korrika, eta berriz ere Euskal Herrian Euskal Herria ikusgarri egingo du, hamar egunez bada ere. Korrika bukatu bezperan izango da ETAren desarmatzea, eta gertakari honek ere ikusgarri egingo du Euskal Herria gurean; kasu honetan, munduan ere bai. Armagabetze bat ez da egunero gertatzen; are gutxiago iragarri duten bezalakoa. Bakearen artisauek gaur aurreratu dute “armagabetze operazioak” Baionatik kanpo izango direla, eta, orobat, esan dute Baionarako deitu duten mobilizazioa “anitza eta duina” izatea nahi dutela; “gatazkaren alde guziek pairatu dituzten sufrimenduen errespetuan burutuko da”. Irudi positiboa, integratzailea eta eraikitzailea zabalduko da. Zaila litzateke ulertzea Euskal Herriko arduradun instituzional gorenak inolako formatotan ez izatea apirilaren 8an Baionan. Ikusiko. Bukatuz doa garai historiko gogor hori. Etorkizuna langai da, Euskal Herria beste era batera egiteko ikusgarri.
10 egun (martxoak 29). EAEko PPk gaur esan du ETAren “errendizioaren ekitaldi alternatiboa” egingo duela berak apirilaren 8an bertan edo bezperan [post scriptum: 7an izango da]. Ondo. Ekitaldi “alternatiboa” eginda, ulertzen da ETAren armagabetzea gauzatuko dela, Frantziak eta Espainiak ez dutela oztopatuko; bestela, PPren hori ekitaldi osagarria litzateke eta ez zuen iragarriko —dena dela, hauek halako kontuetan badute arterik gauzak aurretik esateko: kolonbiarren ezusterako eta kabreorako, Mariano Rajoyk iazko abuztu bukaeran Kongresuan bota zuen irailaren 26an sinatuko zela Kolonbiako Gobernua-FARC bake akordioa, eta Barne Ministerioak duela hiru urte euskal presoen eremuko operazio bat aurretik iragarri zuen jendaurrean—. Ekitaldi alternatiboa, beraz; ikusiko dugu non bilduko den jende gehiago…
11 egun (martxoak 28). Iñigo Urkullu joango al da apirilaren 8an Baionara? Edo, hura ezean, Jaurlaritzako beste inor bai? Oraindik ez dute argitu. Urkullurentzat garrantzitsua da lanak ondo egitea, ETAren armagabetzea “erabatekoa, sendoa, aldebakarrekoa, egiaztatua eta legezkoa” izateko, eta “lan asko” egin behar omen da oraindik. Uneotan (martxoak 28, 22:45) Jaurlaritzaren Irekia.eus-eko Agendan ikusten denez, gobernuko ordezkariek apirilaren hasieran badituzte hitzorduak 1ean, 3an, 4an, 6an eta 7an; 8an ez. Behintzat, apirilaren bigarren astebururako Urkulluren planean ez dago AEBetarako bidaiarik.
12 egun (martxoak 27). Euskal instituzioak, gizarte zibila eta nazioarteko egiaztatzaileak apirilaren 8an elkarrekin aritzeko lanak fruitu onak emango balitu ere, horrek ez du esan nahi ordurako Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak iragarri duen Baionako mobilizazioan —”milaka lagun izango gara”— Iñigo Urkullu izango denik. Dena dela, gaur Idoia Mendiak iradoki du bi parte izan ditzakeela larunbatean zortzikoak: ETAren armagabetzeari buruzkoa eta, haren hitzetan, “folklorea, erromeria” bestea —aipatutako mobilizazioa—. Honela esan du Mendiak Bilboko prentsaurreko batean (bideoan, 26:09-26:23), euskaraz —gazteleraz ez da “ezberdintasun” horretaz mintzatu—: “Nik [Urkullu] lehendakariari entzun diodana izan da bera edo bere gobernuko norbait egongo dela armak uztearen momentuan, baina ez bereziki ekitaldi [mobilizazio] horretan”. Kontuan hartu beharko Mendiaren iragarpen hori, EAJ eta PSE-EE bazkideak baitira Jaurlaritzan.
13 egun (martxoak 26). Politikan-eta ematen da 100 eguneko denbora bat balantzea egiteko. Luhusoko operazioa gaur 100 egun izan zen; abenduaren 16an, ostiralarekin. @bakeaEHan Twitter kontutik ohartarazi zuten, 20:31n. “Gizarte zibilak bere gain ardura hartu, eta ETAren armategia desegiteari ekin dio. Operazio poliziala martxan Luhuson. Etorri bake prozesua babestera”, idatzi zuten lau txiotan –frantsesez laurak–. Ez da mezu gehiagorik izan. 267 jarraitzaile dauzka kontuak. Orduan hasi zen mugida zibil kolektibo hau dena. Baina bakearen artisauek abenduaren 11n sortu zuten @bakeaEHan.
14 egun (martxoak 25). BERRIAko Armagabetzea, eta beste artikulu informatibo-baloratiboaren laburpena: Etxeberrirentzat-eta afera ez da ETAren armagabetzea gauzatzea bakarrik; jarrera hori prozesu honetako lehen minututik argi azaldu dute, ETAko zuzendaritza batzordeari estreinako eskutitza igorri ziotenetik. Euskal presoen auzia ere hor da, esan dutenez. Orain, ETAren armagabetzea tokatzen da, eta hori ongi atera dadila nahi dute, gatazkaren beste ondorioetan eragina izango duela iritzita. Eta ongi ateratzea da Frantziako Gobernuak —ere— parte hartzea; badirudi ez duela oztopatuko. Espainiak, oraingoz, ez du taula nahastu. ETAren desarmatzea berehala gertatuko dela jakitun, eragile batzuk posizioak hartzen dabiltza. Azken aste honetan ez da armagabetzeaz soilik hitz egin. Baina orain, lehendabizi, armagabetzea. Horri sostengu legala, politikoa, instituzionala eta soziala emateko, euskal instituzioek, gizarte zibilak eta nazioarteko eragileek elkarrekin aritzeko lanean dihardute. Urkulluren jokabideak eragina izango du Barkosengan. Etxegaraik argi azaldu du parte hartuko duela, eta apirilaren 8korako Euskal Elkargoaren babesa jasotzen saiatuko da.
15 egun (martxoak 24). Jonan Fernandezek uste du hedabideetan ETAren armagabetzeari buruz gehiegi agertzeak “arriskuan” jar dezakeela prozesua. Fernandezek berak pare bat elkarrizketa behintzat eman ditu aste honetan. Aldiz, Iñigo Urkulluk ez du elkarrizketarik emango apirilaren 8kora arte; Lehendakaritzaren arabera, apirilaren 23rako du hitzartuta hurrengoa.
16 egun (martxoak 23). Lehengo larunbatean Miarritzen egotekoa zen Frederique Espagnac, ETAren armagabetzeari buruzko jardunaldietan, entzule modura. Gainera, bazeukan hitzordurik lotuta. Frantziako Presidentziarako hauteskundeak direla-eta lanpetua dabil Ipar Euskal Herriko PSko senataria, Benoit Hamon hautagaiaren kanpainako eleduna baita, baina Miarritzera etortzekoa zen. Ez zen etorri azkenean. “Sentitzen dut”. Ostiral eguerdian jakin zen ETA apirilaren 8rako armagabetuko dela, eta Paris isilik egon zen larunbat gauera arte. François Hollande presidentearen gertuko kolaboratzailea da Espagnac duela hogei bat urtetik. Kasurako, 2011ko urrian Aieteko Konferentziaren biharamunean Moncloan egon zen, Hollandek berak eskatuta. Gaur Baionako prentsaurrekoan izan da, bigarren lerroan, Mixel Berhokoirigoinen atzean. Ondoren, prest azaldu da Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetariari galdera batzuk erantzuteko. Esan duena da Frantziak “baikorki” hartu duela apirilaren 8ko iragarpena, eta desarmatzea ahalbidetzeko egin duela “proposamema”: Justiziari emateko arma biltegien informazioa. Eta hori, publikoki esan duela gobernuak: Bernard Cazeneuve lehen ministroak, astelehenean. Informazio gehiago, biharko BERRIAn, Erremundegiren artikuluan.
17 egun (martxoak 22). Ikusmin handia dago bihar 11:00etan Baionan gizarte zibilak egingo duen agerraldirako. Deitzaileek iragarri dute jende ezaguna azalduko dela, aurpegi berriak tartean. Haien artean ez da izango Txetx Etxeberri, gaur berak esan digunez. Luhusokoetatik, Mixel Berhokoirigoin da egotekoa. Luhusokoek ezin dute elkarrekin egon, epaileak galarazita. Horrez gain, joan den ostiraletik —hots, Le Monde-koaz geroztik— telefonoa kasik “lehertu” egin zaio Etxeberriri; Wall Street Journal-etik, BBCtik, Australiatik… deitu diote, eta uste du protagonismo handiegia hartu duela. Elkarrizketei ezetz esaten hasi da.
18 egun (martxoak 21). Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak dio, ETAren armagabetzeak armagabetze, Moncloaren partetik ez dela aurreikusten espetxe politikan aldaketarik. Euskal presoen “sakabanaketaz”, adibidez, besterik uler daiteke Espainiako Gobernuak EH Bilduren Kongresuko taldeari joan den urtarrilaren 30ean helarazi zion idatzizko erantzunean. Dokumentuak dio presoak erakunde armatua eta jarduera “terrorista” uzten baditu, sakabanaketa “indarrik gabe” geratuko dela. Hala ere, sakabanaketak eta urrunketak ez dute oinarri juridikorik, eta, hasi bezala, Moncloaren erabaki politiko batek amaituko ditu, amaitzekotan. Ordea, amaiera emateko eragin daiteke han. Presoek “espetxe onurak” izateko beste hiru baldintza dakartza gobernuaren idatziak: “Beren delituetako biktimei espresuki barkamena eskatzea, bere ekintza kriminalen ondorioz izandako erantzukizun zibilari aurre egitea eta autoritateekin kolaboratzea”. EPPK-k barne eztabaidan segitzen du. Armagabetzeaz gain, badator presoen gaia, eta intentsitate handia hartuko du.
19 egun (martxoak 20). Iñaki Arriolak (PSE-EE) galdetu du ea non zeuden bakearen artisauak ETAk 2002an Juan Priede Orioko zinegotzi sozialista hil zuenean. Rodolfo Aresek ez zekien non dagoen Elizondo. Arriola ba ote daki zein diren Mixel Berhokoirigoin edo Txetx Etxeberri? Euskal hiztuna denez Arriola, apika badu irakurtzea Etxeberriren elkarrizketa hau, Argia-k 2006ko otsailaren 26an argitaratutakoa: “ETAk su-etena bertan behera uztea hutsegite historikoa izan zen. (…) Lizarra-Garaziko prozesuaren etena eta ABren zatiketa (…) Hausturak militanteen arteko tentsioa areagotu zuen, desmobilizazio giroa indartu zen euskal kultur eta gizarte eremuan. (…) Euskal militante eta eragileek ez dugu burua makurtu, ez dugu amore eman. Hau da, agintetik ez badute deus aldatzen eta mugitzen, gu gure egiturak altxatzen saiatuko gara, hartara, erakutsiko dugu indarkeria ez dela Frantziako Estatuaren mesprezuaren eta inmobilismoaren aitzinean alternatiba bakarra”.
20 egun (martxoak 19). Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak esan du ETAren armagabetzea “legezkoa” izango dela, bitartekariek “biltegien berri Frantziako Justiziari helaraziko diotelako”. 2011ko udaberrian Espainiako Auzitegi Konstituzionalak mahai gainean Bilduren legeztatzea zeukala, Iñigo Urkulluk –orduan EAJren EBBko presidente– “ultimatuma” eman zion Espainiako gobernuburuari, legeztatzea ahalbidetu zezan. Publikoa da hori. Publiko egin den bezala Urkullu –Jaurlaritzako lehendakari egun– asteartean Espainiako presidentearekin bildu zela, armagabetzea oztopatu ez dezala eskatzeko. Apirilaren 8a ere udaberria da.
21 egun (martxoak 18). 08:15erako BERRIAren Baionako egoitzan ginen, pare bat gauza egiteko, gero Miarritzera joateko ETAren armagabetzeari buruzko jardunaldira. Egoitzaren ondo-ondoko ostatu batean zen Txetx Etxeberri gosaltzen, egunkari bat arretaz leitzen. Miarritzeko aretoan atzealdean eseri da Etxeberri, eta etengabe aritu da orritxo batean zituen apunteak gainbegiratzen, eta berriak hartzen. Halako batean, jardunaldiko lehen mahai ingurua ari zela, une batez aretotik atera da, eta kazetari eta telebista kamera askok inguratu dute, haren harridurarako. “Komunera joateko atera naiz, ez prentsaurrekoa emateko”, esan du, eta azaldu jardunaldian ekintzaileen aldetik Mixel Berhokoirigoinek eta Michel Tubianak esango zituztela esan beharrekoak. Baita esan ere: armagabetzea “gardena, publikoa eta egiaztatua” izango dela, eta instituzioek, hautetsiek, gizarte zibilak eta nazioarteko eragileek hartuko dutela parte. Lanetik etxera, 23:30ean.
22 egun (martxoak 17). Txetx Etxeberrik Le Monde-n ETAren armagabetzea datorren apirilaren 8rako jakinarazi ondoren –22 egun falta dira—, hedabide batzuek iragarri dute ordu gutxira BBCk ETAren bideo bat emango zuela, eta bideoan esango zela arma biltegiak non dauden. Pare bat orduz heldu diote horri. Arratsaldeko laurak aldera, ETAren armagabetzeaz BBCn albistea egitekoa zen kazetariak Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariari deitu dio, armagabetzeari buruz hitz egiteko. BBCkoak aitortu dio Le Monde-k argitaratutakoa baizik ez dakiela. Ez da bideorik izan. ETAk Luhusoko gutunetan idatzitakoa kontuan hartuta —”armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa, gizarte zibilaren esku”—, ez zukeen logika handirik izango bideo horrek. Gainera, eta batik bat 2014ko otsailean armagabetzeko lehen ekinaldiaz nazioarteko bi egiaztatzailerekin egindako bideoaren ostean, indarra hartzen joan da prozesua ETAren presentziarik gabe burutzeko aukera.♦
Azken iruzkinak