GAL

Gerra zikina

Ate bat ireki, bestea ixteko. GALena erdizka irekitzearekin batera, auzitegiek itxi egin zuten 1983 arteko gerra zikinarena. Ikertu eta epaitu gabe gelditu ziren BVE, Triple A eta bestelako siglen izenean egindako atentatu gehien-gehienak. Auzitegiek eskura izan zuten hari mutur hari tiratzea. Baina gerra zikinarekin harremana izan zuen polizia bat, Manuel Ballesteros, absolbitu egin zuen Auzitegi Gorenak. Geroztik, itxita jarraitzen du ateak. Eta argitu gabe, GALen aurreko hilketak nortzuek erabaki zituzten.


Hendayais taberna, Hendaian (Lapurdi). 1980ko azaroaren 23a. Iluntzeko zazpiak laurden gutxi. Renault 18 berde bat Lafontaine bidean gelditu, bi gizon handik atera, eta taberna barrua metrailatu dute. Jean Pierre Haramendi eta Jose Camio hil dituzte; bietako inork ez du zerikusirik ETArekin. Zaurituak, dozenaren bat, bi errefuxiatu tarteko. BVE Batallon Vasco Españolen izenean aldarrikatuko dute gerora. Hiltzaileek autoaren bolanteari helduta zain dute beste gizon bat, eta ziztu batean abiatu dira Irun aldera, Gipuzkoara. Frantziako Poliziaren mugako kontrola autoarekin txikitu eta Irungo lurretan aparkatuta utzia zuten Renault 5aren kontra jo dute. Administrazioz, Espainiako lurretan.


Ordurako Frantziako poliziek badute Hendaian gertatu denaren berri, eta liskarra sortu da alde bateko eta besteko polizien artean. Hiru gizonezkoak autotik atera dira, eskuak gora dituztela, Jose Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niñorentzat lan egiten dutela esan eta esan. Poliziako komisarioa da Billy El Niño. Hiltzaileek badute telefono zenbaki bat. Espainiako polizien postuko burua telefono zenbaki horretara deika eta deika, azkenean hartu dioten arte, gaueko hamarretan. Manuel Ballesterosen ahotsa atera da ―Terrorismoaren kontrako Aginte Bakarreko burua da Ballesteros; Bilbon eta Donostian polizia komisario ibilia ordurako―. Telefonoa hartu eta erantzun duenerako aginduak bidaliak ditu Ballesterosek Irunera, telefonemaz: hiru gizonak aske uzteko, eta Madrilera eramateko, atxilotzeko itxura eginez baina galdekatu gabe. Azaroaren 24ko goizaldeko lauretarako, hiru hiltzaileak Madrilen daude, libre. Gilbert Perret, Mohamed Khiar Mehmed eta Vittorio Aldo dira; Ballesterosek eman nahi izan ez zituen izenak.


Miguel Castells abokatuak eraman zuen kasua auzitara, eta 1985ean aztertu zuten, Donostiako Auzitegian. 1983an Pauen egin zuten epaiketara ez joateagatik, eta Espainiako epaileei Hendayais tabernako hiru hiltzaileen izenak ez emateagatik, delitu txikiago bat leporatu nahi zioten Ballesterosi: justiziari laguntzarik ez ematea. Epaileak arrazoia eman zion Castellsi, eta hiru urtez funtzio publikoan aritzea debekatu zion poliziari, baita 100.000 pezetako isuna jarri ere (600 euro inguru).



Billy El Niñoren aitortza

Lehen aldia zen polizia bat epaitzen zutena gerra zikinari loturiko auziengatik. Segurtasun neurri eta tentsio handien artean igaro zen epaiketa. Sei egun lehenago, Espainiako Barne Ministerioak almortzu bat eskainia zion Ballesterosi, emandako zerbitzua eta egindako lana goratuz ―tarteko ziren Jose Barrionuevo eta Rafael Vera, gerora GALen ekintza batekin lotura izan zutela frogatuta zigortu zituztenak―. Epaiketan Ballesterosek zer esango ote zuen miraz ziren begi asko. Ez zituen eman hiru mertzenarioen izenak. Hargatik zigortu zuten.


Baina hori baino deigarriagoa izan zen, seguru asko, sekula ordura arte epaiketa batean aitortu gabekoa aitortu zuela beste polizia batek epaiketa hartan: Billy El Niñok onartu zuen mertzenario batekin elkartu zela, dirua emateko ―Argentinako Justiziak eskatua du Billy El Niñoren estradizioa, 1970eko tortura kasu batzuetan esku hartu zuelakoan―. Baina adierazpen haiek ez zuten beste ikerketarik ekarri.


Eta Ballesterozen zigorrak ere ez zuen luze iraun. 1986ko martxoan, hilabete batzuetara, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen, intentzio txarrik ez zuela, baina akats bat izan zela argudiatuta. Saria laster iritsi zitzaion; 1986ko urrian, Segurtasunerako Estatu Idazkaritzaren Informazio Kabineteko buru izendatu zuten. Veraren aholkulari izan zen Algerian, 1988an eta 1989an ETArekin egin zituzten negoziazioetan.


Gorenak interpretazio arinegia egin zuela iritzita, berriz iritsi zen kasua Donostiako Auzitegira. 1985eko epaiketan Ballesterosi argi esan zitzaiola izenak eman nahi ez bazituen delitua egingo zuela eta, beraz, prebarikazioa egin zuelakoan epaitu zuten ostera. Errudun jo eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zion epaileak. Helegitea aurkeztu zuen poliziak. Eta Auzitegi Gorenak berriro absolbitu zuen, bigarrengoz, 1994ko abenduaren 16an, GALen aurkako epaiketetan Barne Ministerioko agintariak zipriztintzen ari ziren garaian. Fiskalak ere babestu egin zuen Ballesteros epaiketa hartan, haren ibilbidea goraipatuz. Ate bat erdi irekitzen ari zen; bestea, itxita geratu zen.


"Inoiz ez zen antzeko ikerketarik egin UCDko [Adolfo] Suarezen gobernuaren, segurtasun indarren, eta lehenbiziko gerra zikinaren arteko harremanei buruz. Ballesterosen isiltasuna harrizko murru bat izan da, inork botatzea lortu ez duena". GALen aurreko urteetako gerra zikina ikertzeaz arduratu den kazetari bakanetako baten sententzia da hori, Paddy Woodworthena. Alferrik izan ziren Frantziako Justiziak bidalitako sei eskari eta zitazioak eta Frantziako Atzerri Gaietarako ministroaren eskakizunak. Denborak estali ditu Hendayaisko hilketak eta Espainiako Poliziak haietan izan zitzakeen loturak.


"Garai hartako hilketak ez dira argituko, ez daukagu daturik". Irribarrea galdu gabe, baina etsi doinu horrekin mintzo da Mikel Aramendi kazetaria. Garai haietako gertakariak zuzenean jarraitu zituen, eta jarraitzen ditu oraindik. Euskal Memoria fundazioarekin lan bat prestatzen ari da, hain justu, GALen aurreko gerra zikinari buruz. "Zer gertatu zen argitzeak ez luke izan behar gure erantzukizuna. Hori erantzukizun publikoa duenak egin beharko zukeen". Hala uste du Aramendik. Baina "erantzukizun publikoa" duten administrazio horiek ez dutela ezer ikertu sumatuta, eta "inpunitatearen" eredua zabaldu dela iritzita, lan horri eusten dio. "Ez da inoiz asmorik egon ikertzeko, parte bat konplizitate ideologikoagatik, beste parte bat beldurragatik. Eta, gainera, ez dutelako sentitu presio sozialik".


Garai hartako kasu batzuk auzitegietara eramateko ahaleginean aritu zen Miguel Castells abokatuak argi zuen zein baldintza bete behar zen justizia egitekotan: "Salaketak egin, artikuluak idatzi... Kasu galduak agerrarazteko balio izan du, ez askoz gehiagorako. Botere faktiko bat dago, eta demokrazia deitu honetan oztopoak jartzen ari da krimen horiek ikertzeko, eta, gainera, ukitu gabe mantendu nahi ditu, inpunitatean, krimen horiek egin dituzten aparatuak". "Estatu krimenak soilik epaitu dituzte aldaketa politiko erradikal bat egin denean".



40 hilketa zortzi urtean

GALek eraman ditu izena eta titularrak, baina 1975etik 1982ra askoz ere hilketa gehiago eragin zituen gerra zikinak. Erakunde eta ikertzaile batzuk saiatu diren arren, ez dago zerrenda ofizialik, "eta ez da inoiz egongo", Aramendiren esanetan: "Kasu ilun pila bat daude. Inpunitatearen dinamikak berak sortzen du hori". Kasu gehienak ikertu ere ikertu ez direnez, ezin da jakin seguru hilketa batzuk mertzenarioek egin zituzten, edo poliziek, edo beste arrazoiren batengatik eginiko hilketak gero eskuin muturreko ekintzaileek beretzat aldarrikatu zituzten. Ikerketarik ezean, ezin zerrenda ofizialik osatu. Hala ere, zortzi urtean 40 hilketa inguru izan zirela baiezta daiteke; bereziki gogorra izan zen 1980. urtea: 23 pertsona hil zituzten, gutxienez, gerra zikinari lotutako elementuek ―GALek 27 hil zituen hiru urtean―.


Baina mertzenarioek soilik ez, indar parapolizialek eta eskuin muturreko taldeek ere indarkeria erabili zuten urte haietan. Ikerketarik ia ez zen egiten haien jarduerei buruz, eta auzitegietara iritsi ohi ziren kasu gehienetan eskuin muturreko talde horiek ez zituzten banda armatutzat hartzen. Hego Euskal Herrian aritu ziren batik bat, eta dozenaka atentatu egin zituzten urte haietan. Herritarrak jipoitu eta txikizioak ere egin zituzten. Bi indarkeria horiek ―eskuin muturreko taldeen basakeria eta mertzenarioen hilketa eta bahiketak― uztartzetik sortu zen gerra zikina, 1973tik aurrera.


1936ko gerraren ostean Falange Españolak erabili zuen ereduari segitu zioten Guerrilleros de Cristo Rey, Fuerza Nueva eta antzeko beste talde batzuek hurrengo hamarkadetan, faxismoaren ezaugarri behinenekin. Ez zen arraroa herritarrak mehatxatzen ibiltzea kaletik. 1960ko martxoaren 27an, adibidez, Jose Antonio Agirre lehendakari zenaren aldeko hiletetatik ateratzen ari zirenei Cara al Sol kantarazten eta mehatxatzen aritu ziren herri bat baino gehiagotan. Gutxienez 1971ko martxoan, berriz, Guerrilleros de Cristo Rey taldeko kideek Juan Maria Bandres abokatuaren autoa erre zuten Donostian. Juan Jose Goenaga Donostiako Loiola auzoko parrokiako laguntzaileari ere erre zioten autoa, 1972ko urrian.


Lehergailuak erabiltzen ere hasi ziren urte haietan. 1969ko maiatzean, esaterako, Eibarko (Gipuzkoa) karmeldarren komentuko kapilauari pakete lehergarri bat iritsi zitzaion. 1973ko urtarrilean, Iruñazarra tabernan zartatu zen lehergailu bat, Iruñean. Bandresen autoan beste bat jarri zuten, egun berarekin, Donostian. Eta urte hartako abuztuan Donostiako Kresala elkartean lehertu ziren bi bonba. Bizkaian, berriz, Guerrilleros de Cristo Reykoek Portugaleteko parrokiako apaiz bat jipoitu zuten urte hartako martxoan, eta Galdakaoko parrokiaren etxea erre zuten abuztuan.


Bortizkeria egoera horri erantsi behar zaio, batetik, ETA lehen hilketak egiten hasi izana eta, bestetik, poliziek ere ETAkideak hiltzen hasteko erabakia hartu izana. Herritarrak ere dozenaka hil zituzten, ordea, poliziek eta militarrek. 1975 eta 1982 artean, 71 euskal herritar hil zituzten tiroz, haietatik hamasei errepide kontroletan, eta hogei manifestazioetan ―Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an, bost herritar hil zituzten langileen eskubideen aldeko protesta batean; larriak izan ziren, baita ere, amnistiaren alde antolatutako manifestazioetan poliziek erabilitako indarkeria eta eragindako hilketak―. Jose Antonio Saenz de Santamaria jeneralak aitortu zuen, bere memoriatan: "Poliziak eta Guardia Zibilak nahiko erraz eragiten zioten [pistolaren] katuari. Manifestazioak tiroka uxatzen zituzten eta ohikoa izaten zen kaleak odolez bustitzea". Beste hiru zibil ere hil zituzten poliziek, talde armatuen aurkako segadetan, eta bi pertsona hil ziren torturen ondorioz.


Josu Zabala gaztea 1976ko irailaren 8an hil zuten guardia zibilek, tiroz, Hondarribian amnistiaren alde egiten ari ziren manifestazio batean
Josu Zabala gaztea 1976ko irailaren 8an hil zuten guardia zibilek, tiroz, Hondarribian amnistiaren alde egiten ari ziren manifestazio batean.

GAL baino hamar urte lehenago

Bortizkeria giro horren erdian, 1973ko urte hartan kokatzen dute kazetari eta ikerlari gehienek gerra zikinaren sorrera; GAL sortu baino hamar urte lehenago beraz. Eta Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuaren Presidentetzara iristearekin lotzen dute. Melchor Miralles eta Ricardo Arques kazetariek Amedo: el estado contra ETA liburuan azaltzen dutenarengatik, Carrero Blanco ez zen gustura terrorismoaren aurkako borroka nola antolatua zegoen. Okertzat jotzen zuen pisu handiena poliziek edukitzea, militarrak baztertuak zeudelakoan. Informazio zerbitzuetan zegoen kaosa ere ez zuen egoki ikusten. Garai hartan, Guardia Zibilak bazituen bere informazio zerbitzuak, Polizia Armatuak bereak, eta militarrek bereak, euren arteko koordinaziorik batere gabe.


Arazo horiek konpondu nahian osatu zuen SECED, Gobernuko Presidentetzaren Dokumentazio Zerbitzu Zentrala ―1977tik aurrera CESID zenaren, eta gaur egun CNI denaren, aurrekaria―, inteligentzia poliziala eta militarra zuzendu eta kontrolatzeko. Aramendik dioenez, SECEDeko kideak izan ziren gerra zikinaren erabileraz hitz egiten hasi zirenak. "[Jose Ignacio] San Martin komandanteak bere memorietan azaltzen du hitz egin zutela horretaz, eta bera odol isurketaren aurka zegoela kristautasunaren kontrakoa delako. Mahaiaren gainean zegoen". Miralles eta Arquesen arabera, txosten bat ere egin zuten, halako ekintzetan funtzionarioek ezin zutela inplikatu nabarmenduz.


1973ko abenduan hil zuen ETAk Carrero Blanco, lehergailu batekin autoa airean jaurtita. Baina presidenteak zerbitzu sekretuei buruz zituen asmoak ez ziren eten horregatik. Gerra zikina abiatzeko ezinbesteko elementua izango den pertsonetako batekin San Martinek berak egin zuen harremana, Mirallesen eta Arquesen arabera. Stefano delle Chiae faxista italiarra Espainian zegoen 1970eko hamarkada hasieratik. San Martin Falange Española eta Guerrilleros de Cristo Rey taldeen bidez sartu zen harremanetan Delle Chiaerekin. Garai hartan Italiako justiziaren eskuetatik ihes egindako 70 bat faxista baziren Espainian. Gehienak, Avangoardia Nazionale eta Ordine Nuovo talde faxistekin atentatuak eta hilketak egindakoak. Babesa eskaini zieten, trukean Ipar Euskal Herrian ETAren aurkako ekintzak egiteagatik eta informazioa lortzeagatik.


ETAk Carrero Blanco hil ostean, gerra zikina erabiltzeko ideia indartu egin zen, militarren artean bereziki, mendeku emateko gogoarengatik, baina baita beldurragatik ere, pentsatuz ETAren aurka erabiltzen ari ziren baliabideak ez zirela aski. Aramendi: "Estatuko aparatuek erabakitzen dute legearen barruko baliabideak ez dituztela nahikoak, eta bestelako tresna batzuk behar dituztela. Ez dute erreparo ez moralik ez judizialik, baina seguru asko eskema zehatz bat gabe hasten dira".



Editorial bat, 1975eko maiatzeko txikizioen aitzindari

1975eko maiatzaren 8ko El Alcazar argitalpen ultraeskuindarraren editorialak aurreratu zuen urte hartan gertatzen hasiko zena: "Frantzian babesa eta geriza dituzten kriminalen aurkako neurririk hartzen ez bada berehala, ordua iritsi da hizkuntza berarekin erantzuteko. (...) Teknikoki horren zaila al da muga zeharkatu eta erabateko inpunitatez Espainian ekintza terroristak programatzen ari direnak in situ hiltzea? Zer itxaroten ari dira erabaki hori hartzeko? Espezialistak falta ote dira? Edo estimulu kontua da?". Editorial hori argitaratu baino egun batzuk lehenago, 1975eko apirilaren 23an, Mugalde liburu dendari eraso egin zioten Hendaian ―ETA(pm)-k erabiltzen zuen bere argitalpenak egiteko―. Mertzenarioak lanean hasiak ziren.


Mugalde liburu dendaren aurka egin zuten mertzenarioek lehen atentatua, 1975eko apirilaren 23an.
Mugalde liburu dendaren aurka egin zuten mertzenarioek lehen atentatua, 1975eko apirilaren 23an.

Baina estrategia orokorragoa izan zen. Bizkaian eta Gipuzkoan salbuespen egoera ezarria zuen Espainiako Gobernuak 1975eko apirilean, eta Hego Euskal Herrian ultraeskuindarren erasoak biderkatu egin ziren maiatzean: Zarautzen (Gipuzkoa), Luis Landa Altunaren taxia eta Ramon Aginaga abadearen autoak erre zituzten. Pedro Ibarra abokatua eta bere familia egurtu eta Chekia denda metrailatu zituzten. Bilbon, Herriak, Verdes eta Iker liburu dendak eta Zubiri denda metrailatu zituzten. Agata erloju dendan, Gotzon tabernan, Landatxueta klubean eta Clemente dendan lehergailuak jarri zituzten, eta abertzale batzuen txaleta lehertu zuten Plentzian.


Ofentsiba betean, Bizkaian ia egunero egin zituzten gisa horretako erasoak 1975eko maiatzean: Mundakako eta Bakioko taberna banatan, Bakioko udaletxean, Kanpazarreko Etxabetarren tabernan eta Gernika-Lumoko denda batean lehergailuak jarri zituzten. Bilboko kooperatiba bati eta abokatu laboralista batzuen bulegoari, Ondarroako denda bati eta Gernika-Lumoko biltoki bati ere eraso egin zieten. Nabarmenak izan ziren oinarrietako kristauen aurkako erasoak ere: Estibalitzeko monasterioari eraso egin zioten, Ibarrangeluko abadearen etxea eta autoa erre zituzten eta Ondarroako abadearen etxea tirokatu zuten. Atea itxita zegoen Francorekin bat egin nahi ez zuten kristau komunitateko kideentzat ere. Haiekin bortizkeria erabiltzeko errukirik ez zuten izan Guerrilleros de Cristo Rey taldeko kideek.


1975 eta 1976 artean, ohiko bihurtu ziren ultraeskuindarren erasoak. Bizkaian, nabarmenak izan ziren era horretako atentatuak Algortan eta Getxon (bederatzi eraso baino gehiago), Bilbon, Zornotzan eta Portugaleten. Gasteizen ―Jesus Obrero zentroak, esaterako― eta Iruñean ―El Parnasillo liburu dendak hiru eraso jaso zituen denbora gutxian, adibidez― ere egin zituzten era horretako atentatuak. Gipuzkoan, sakabanatuagoak egin zituzten erasoak, baina gehien-gehienak Donostian egin zituzten hala ere. Familia abertzaleen txaletak lehergailuz txikitzen ere orduan hasi ziren, Bizkaian (Bakion, Foruan, Muxikan) bezala Gipuzkoan (Hondarribian, Zarautzen).


1975eko ekainean agertu ziren lehen siglak: ATE Antiterrorismo ETA. Ordura arte Ipar Euskal Herrian gertaturiko atentatu batzuk bere gain hartu zituen. Hura izan zuen lehen agerraldia. Abuztuan beste agiri bat kaleratu zuen, Bilbon ekintza gehiago egingo zituela iragarriz eta Frantziako Gobernuari eskaera eginez, "ETAko hiltzaileei" babesik ez emateko. Bi urte eskas horietan, 150 ekintza inguru egin zituzten talde ultraeskuindarrek, indar parapolizialek eta mertzenarioek. Helburuen artean: abertzaleak, ezkertiarrak, abokatuak, ikastolen sustatzaileak, EAJko kideak, presoen eta errefuxiatuen senideak, liburu dendak...


ATE Antiterrorismo ETA siglen izenarekin dozenaka atentatu egin zituzten abertzaleen eta erzkertiarren aurka, 1975eko udaberritik aurrera.
ATE Antiterrorismo ETA siglen izenarekin dozenaka atentatu egin zituzten abertzaleen eta erzkertiarren aurka, 1975eko udaberritik aurrera.

Urte haietan egin zituzten atentatuen artean, esanguratsuak dira Etxabetarren tabernaren aurka egin zituzten erasoak, Kanpazarren ―urte hartan hil egin zuten anaietako bat―, Iñaki Garai eta Blanca Salegiren estankoaren aurkakoak ―matrimonioa Guardia Zibilaren segada batean hil eta gero―, Juan Paredes Manot Txiki-ren amari eta arreba bati etxean, Zarautzen, egin zieten erasoa ―Paredes fusilatuta hil eta hilabete eskasera― eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en gurasoen etxeari birritan egin zizkieten erasoak, Moreno desagertu aurretik. Militante ezagunen senideak zigortzen ari ziren, presio modura.



Clocwork orange

1975ean eta 1976an Hego Euskal Herrian egin zituzten atentatu horiek ez zuten heriotzarik eragin hasieran, Iñaki Etxaberena salbu. Herritarrak izutzea eta mendekua hartzea, horiek ziren asmoak. 1976ko urriko gertaerek balio dute adibide modura: hilaren 4an Juan Maria Araluze Villar Gipuzkoako Diputazioko presidentea hil zuen ETA(m)-k. Egun berean, hilketa mendekatzeko, identifikatu gabeko pertsona batzuek izua zabaldu zuten Donostiako kaleetan: batzuk pistolekin eskuetan, beste batzuk barra eta kateekin, adin eta sexu guztietako pertsonei eraso egin zieten, dendak itxiarazi zituzten, instalazioak apurtu, garraio publikoan zihoazen bidaiariei eraso egin eta "Viva Cristo rey" (gora kristo erregea) buila eginarazi, kalean aparkatutako autoak puskatu... Txikizio handiak egin zituzten talde haiek. Baina, aldi berean, poliziek 300 pertsona interrogatu zituzten Araluzeren hilketari buruz. Populazioa izutzeko estrategia integral baten itxura hartu zuen.


Era horretako razziak sarri egin zituzten urte haietan. Iruñean, Durangon, Donostian... Clocwork orange filmaren irudi basatienak ekartzen dituzte gogora talde haien ibilerek. Basauri, Berriz, Durango (Bizkaia) eta Legorretako (Gipuzkoa) alkateek edo udal taldeek dimisioak ere eman zituzten, ekintza horien aurkako protesta gisa. Herritarrak autodefentsa taldeak antolatzen ere hasi ziren gaira haietan. Herritar batek 1977an aurkeztutako salaketa batek adierazten du zer-nolako loturak zituzten: talde haietako bat Donostiako parte zaharrean estututa sentitu zen aldi batean ―pistolekin tiroka, erakusleihoak txikitzen, dendak ixten... ibiliak ziren, herritarrak aurka jarri zitzaizkien arte―, Konstituzio plazako etxe batean babestu zen. Handik laguntza eskatu zuten antza, laster poliziak iritsi eta plaza hustu baitzuten. Polizia Armatuaren jeep batean sartuta egin zuten ospa.


Baina izuaren estrategiaren parte bat baino ez zen hori guztia. Iñigo Iruin abokatuak, Tolosan (Gipuzkoa) 1994an eman zuen hitzaldi batean, bi epe bereizi zituen "estatu terrorismoaren" barruan: lehena, frankismoaren azken urteetan sortua, zehazki 1975 erdian hasi eta UCDren gobernuaren garaian garatu zena; eta bigarrena, 1983an hasi eta PSOEren gobernuaren garaietan garatu zena. Lehen epealdi horren barruan, Jose Migel Beñaran Ordeñana Argala bonba batekin hil ostean (1978ko abenduan), ETAren aurkako gerra zikinak "jauzi kualitatibo bat" egin zuela uste zuen Iruinek. Aldi berean, bi "terrorismo" mota bereizi zituen: "inkontrolatua" ―eskuin muturreko taldeek eta polizia zein militarrek zerbitzuz kanpo egiten zutena― eta "mertzenarioa" ―diru truke, "etsaia ezabatzeko helburuarekin" egiten zena, beste norbaiten aginduetara―.


Telesforo Monzon Anai Arteako kidea eta Jose Migel Beñaran ETAko kidea.
Telesforo Monzon Anai Arteako kidea eta Jose Migel Beñaran ETAko kidea.

Kalean izua barreiatzen ari ziren talde horiei, eta argitu gabeko hilketak egin zituzten beste batzuei, "inkontrolatu" esaten hasi zitzaizkien. Ez identifikatzeak eta inkontrolatu edo kontrolik gabeko gisa sailkatzeak ekartzen zuen haien gaineko ikerketa zailtzea. Esapide bat ere sortu zuten herritarren artean, gaztelaniaz: "De noche incontrolados, de día uniformados" (gauez inkontrolatuak, egunez uniformatuak). Talde horietan ibiltzen ziren asko poliziak zirela ohartuak baitzeuden herritarrak.


Inkontrolatu kontzeptu horrekin oso kritiko da Mikel Aramendi: "Eduki semantiko oso zamatua dauka". Onartzen du eskuin muturreko kide batzuen ekintzak autonomoak izan zitezkeela: "Nik garbi dakit ekintza batzuk, dudarik gabe, ez zituztela Estatutik zuzendu". Baina badu kontrapuntua horrek ere: "Orain, jarraitu eta ikertu ez zituzten heinean, estrategia beraren parte izan dira". Halako erasoetan sarri poliziak identifikatu zituztela ekarri du gogora Aramendik, eta garai hartan guardia zibilen buru ziren pertsona batzuekin lotu ditu gertakariok.


Donostian Antonio Tejero zen guardia zibilen buru, eta Antiguan eta Donostian urte haietan gertatu ziren era horretako erasoen berri bazuela uste du Aramendik: "Antiguan 1976an izan zen olatu hura... Nabarmena zen komandantziatik heldu zela, eta seguru asko poliziek ere parte hartu zutela". Bizkaian, Gernika-Lumo aldean gertatu zirenek, berriz, Manuel Hidalgo Salas kapitainarekin zerikusia bazutela uste du. Kontuan hartu behar da, Aramendiren arabera, Guardia Zibila zerbitzu "kaotiko bat" zela garai hartan: "Mando bakoitza erregetxo bat da, zerbitzu zentralak apenas existitzen dira...". Kuartel bakoitza "erreinu" bat zen. Bestalde, Euskal Herrian faxisten mugimendua "marjinala" dela eta izan dela zehaztu du Aramendik: "Hemen ez dago faxismo lokal antolatu bat". Horregatik susmoa, gertaera horiek guztiek antolaketa estuago bat ez ote zuten atzean.



Mertzenarioen lehen aitortzak

Francoren heriotzaren aurretxoan, 1975eko udaberrian, Hego Euskal Herriko kaleetan izua barreiatzeko erasoak hasi ziren bezala, Ipar Euskal Herrian errefuxiatuen aurkako lehen atentatuak hasi ziren. Apiril bukaeran Mugalde liburu dendari eraso egin bazioten, Hendaian (Lapurdi), maiatzean erasoa errepikatu zuten. Urte hartan, lehergailuak jarri zituzten, besteak beste, Baionan ―Zabal liburu dendan, Udalaitz tabernan―, Hendaian ―arkitektoen bulego batean, Villa Sokoan―, Miarritzen ―Nafarroa liburu dendaren kudeatzailearen autoan eta liburu dendan bertan, birritan―, Hazparnen ―eskola batean―, eta Donibane Lohizunen ―Anai Artearen egoitzan, Axular inprimategian, Marie liburu dendan, Mingo tabernan―. 1975ean hogei atentatu egin zituzten Iparraldean, eta beste hogei bat 1976an. SECEDek, faxista italiarrekin harremana egin ostean, OASeko kide ohiekin eta Espainiako talde ultraeskuindarrekin ere egin zituen harremanak ―Armada Sekretuaren Erakundea zen OAS, eskuin muturrekoa, 1961ean Frantzian eta Algerian sortua, koloniak metropoliaren mende jarraitzearen alde ekiteko―. Mertzenario horien lehen ekintzak izan ziren 1975eko horiek, hildakorik eragingo ez zutenak hasieran.


Nahiz eta errefuxiatuen aurkako zuzeneko atentatuak egiten ere hasi ziren. Txomin Iturberen autoaren azpian lehergailu bat jarri zuten 1975eko azaroan, eta Tomas Perez Revilla eta Feli Ziluaga tirokatu zituzten azaroan. Ekainean, berriz, Jose Antonio Urrutikoetxea eta Mikel Mugiro bizi ziren etxearen aurka saiatu ziren atentatua egiten. Bonba lehertu eta bertan hil zen mertzenarioetako bat, Michel Cardona. OASeko kidea zen Cardona. Erakunde horretako beste kide bat, Jean Pierre Cherid, 1973rako Bartzelonan zen, eta laster Espainiako zerbitzu sekretuekin harremanetan sartu zen. Cherid izango da, BVErekin aurrena eta GALekin ondoren, gerra zikinaren bi belaunaldiak lotuko dituen mertzenarioetako bat.


Urrutikoetxearen eta Mugiroren aurkako atentatuan zauritu egin zen beste mertzenario bat, David Edwards ―Mario Silvasi zuen egiazko izena―. Harekin batera, beste bi mertzenario atxilotu zituzten Frantziako poliziek: Dominique Poulidoro eta Miguel Sanchez Pajares. Epaileari aitortu zioten Julio Conde Espainiako Armadako komandanteak eta Candido Acedo Guardia Zibileko kapitainak kontratatu zituela ―zigorra beteta irten zenean, Sanchez Pajares Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusira joan zen, Madrilera, agindu zizkioten zortzi milioi pezetak eskatzera―. Ez ziren horiek izan mertzenarioen eta polizia-militarren arteko harremanak agerian utzi zituzten bakarrak. Ekainaren 28an, Udalaitz tabernaren aurkako atentatua egin eta gero, OASeko beste kide bat atxilotu zuten Frantziako Poliziek, François Chabessier. Espainiako militar baten aginduetara ari zela aitortu zion epaileari, hark eman zizkiela armak eta dirua.


Mario Silvasi (David Edwards izena erabiltzen zuen) mertzenarioa, atentatuan zauritua, Frantziako polizien artean.
Mario Silvasi (David Edwards izena erabiltzen zuen) mertzenarioa, atentatuan zauritua, Frantziako polizien artean.
Josu Urrutikoetxearen eta Mikel Mugiroren aurkako atentatuan lehertu zuten ibilgailua.
Josu Urrutikoetxearen eta Mikel Mugiroren aurkako atentatuan lehertu zuten ibilgailua.


Baionako kontsularen baimenarekin

Ikertu nahi zuenarentzat, ez ziren horiek izan argibide bakarrak. Poliziak ere atxilotu eta sumatu zituzten urte hartan Lapurdin, nahiz eta SECEDek berak hasieratik argi izan funtzionarioek ez zutela busti behar gerra zikineko ekintzetan. Atentatuak hasi eta berehala, 1975eko maiatzaren 25ean, Bilboko Brigada Politiko Sozialeko polizia bat, Sebastian Gallega ―Gallego eta Pallego deiturekin ere agertzen da, iturrien arabera―, atzeman zuten Miarritzen, Lapurdin. Polizia baten bitartekaritzarekin, preso sozial bat aske utzia zuten, ETAkideen aurkako ekintzak egiteko baldintzarekin. Poliziarekin Miarritzera joana zen preso hura, baina aukera izan zuelarik ihes egin, gertatzen ari zenaren berri eman, eta ETAkide batzuk polizia atzematen saiatu ziren. Miarritzeko hotel batean ostatu hartua zen polizia hura. Tira-biran hasita, ihes egin zien poliziak, baina handik laster Frantziako poliziek atxilotu zuten. Bazuten prokuradorearen agindu bat, Frantziako poliziei esan zieten autoan armak eta dokumentuak zeramatzala Espainiako poliziak... baina aske utzi zuten. Frantziako Barne ministroak berak eman zuen agindua, eta Espainiak Baionan zuen kontsul nagusiaren autoan eraman zuten Gallega Iruneraino. Ez zuen beste arrastorik utzi.


Ez zen kasu bakarra izan; beste askotan ere esku hartu zuen Baionako kontsuletxeak. 1976ko urrian, esaterako, Salvador Grau Lloret mertzenarioa atxilotu zuten, Hendaian. Armak eta errefuxiatuei buruzko informazioa zeramatzan autoan. Istripua izan zuen. Espainiaren Baionako kontsuletxea arduratu zen, orduan ere, mertzenarioaz. Dokumentazio faltsua eman zion. Hala ere, Frantziako poliziak ohartu ziren atzenerako, eta istripua gertatu eta handik egun batzuetara atxilotu zuten. Angel Arias Alonso polizia, berriz, Hendaian atxilotu zuten, mugan. Bilbon destinatua zegoen. Baimenik gabe armak zeramatzalako, bi hilabeteko zigorra jarri zion Frantziako Justiziak.


Beste hiru mertzenario ere atxilotu zituzten Frantziako poliziek, 1976ko maiatzean: Annie Billart, Robert Nani eta Jose Fernandez del Barrio. Azaroan, epaiketan, Iturbe edo Argala bahitu eta mugan Espainiako poliziei eman behar zizkietela aitortu zuten, horiek zituztela aginduak. Lehen urte haietan, izan ere, errefuxiatuak bahitzen egin zituzten saiakerak. Jesus Maria Zabarteren neskalaguna bahitzen saiatu ziren 1975eko ekainean. Donostian ere beste emakume bat, Maite Amilibia, bahitzeko saiakera egin zuten ezezagunek, 1976ko ekainean. Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ere garai hartan desagertu zen, 1976ko uztailean, desagerketa horri buruzkoek argitu gabe jarraitzen duten arren oraindik. Handik aurrera bahiketa gehiago egiten saiatu ziren mertzenarioak, askotan helburua lortu gabe. Baina beste hiru pertsona ere desagertu ziren, gutxienez, garai honetan: Tomas Hernandez, 36ko gerrako errefuxiatua (1979ko maiatzaren 15ean); Joxe Migel Etxeberria Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea (1980ko ekainaren 11); eta Jean Louis Larre Popo, IK Iparretarrak-eko kidea (1983ko urriaren 7an, Lasa eta Zabala desagertu baino astebete eskas lehenago). Ez da gehiago haien berririk ezagutu.


stippled-photo-53079285


Kanpazartik Andoainera, Jurramenditik igaroz

Arrazoi batengatik edo bestearengatik, 1975 eta 1978 arteko mertzenarioen lehen ekintza haiek ez zuten hildakorik utzi. Baina hilketak izan, izan ziren. Iñaki Etxabe Orobengoarena izan zen lehena. Kanpazarren, Arrasate (Gipuzkoa) eta Elorrio (Bizkaia) artean, taberna zuten Etxabetarrek. Zortzi senide ziren, haietako bat zinegotzia Arrasaten, eta beste bi errefuxiatuak. Lehendik ere atentatuak eginak zizkioten etxeari. 1975. Urriaren 5a. Zortzi bat lagun daude tabernan. Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), ETAk bonba bat leherrarazi eta hiru guardia zibil hil ditu bezperan. Autoa taberna aurrean utzita, hiru gizon armatu sartu dira tabernara. Lurrera botatzeko agindu diete barruan daudenei, eta aerosol gisako batekin erdi lo utzi. Iñakiren anaietako batengana, mostradorearen atzean baitago lanean, abiatu dira. Lasterka alde egin, eta gela batean itxi du bere burua. Atea botatzen saiatzen ari direla agertu da Iñaki tabernan, eta metrailatuta hil dute erasotzaileek. Ez dute beren burua identifikatu, eta inork ez du hilketa bere gain hartuko. Bizkaira, Elorrio aldera ihes egingo dute, bi autotan, etxeari tiro batzuk bota eta gero.


Iñaki Etxaberen gorpua. 1975eko urriaren 5ean hil zuten, Kanpazarren familiak zuen tabernan.
Iñaki Etxaberen gorpua. 1975eko urriaren 5ean hil zuten, Kanpazarren familiak zuen tabernan.

Handik astebetera, argitu gabeko beste kasu bat. Legution, Araban. German Arregi Irasuegi hil zuten identifikatu gabeko pertsona batzuek. Taxilaria zen Arregi, eta Santa Engraziako urtegiaren ondoan hil zuten, 23:30 aldera. Bizilagun batek bi tiro entzun zituen. Geroago, tiro gehiago, eta ibilgailuen mugimendua. Guardia zibilen kuartela hilketa gertatu zen lekutik ehun metro eskasera zegoen, eta gertaeren lekuan Tejero agertu zen hurrengo goizean ―Gasteizko Guardia Zibilaren komandantziako burua zen garai hartan―. Agirreren hilketak Etxaberenarekin loturarik ba ote zuen ez da argitu oraindik, susmoa behin baino gehiagotan agertu den arren. Agirrek Arrasaten zuen taxi lekua. Etxaberen hilketari buruz zer edo zer ba ote zekien zabaldu zen, eta horregatik hil ote zuten.


Triple Aren izenean hil zuten David Salvador taxilaria, 1997ko urriaren 7an, Andoainen.
Triple Aren izenean hil zuten David Salvador taxilaria, 1997ko urriaren 7an, Andoainen.

Arregiren ondorengo bi biktimak ere, 1977an eta 1978an, taxilariak ziren. BVEk eta Triple Ak (Alianza Apostolica Anticomunista) aldarrikatu zituzten hilketa horiek. Baina, tartean, estatu aparatuek beste bi lagun hil zituzten, Jurramendiko karlisten topaketan. Mugimendu karlistaren barruan demokraziaren eta diktaduraren alde egiten ari ziren frakzioen arteko liskarrean kokatzen dira gertaerak. Karlistak Francoren erregimenaren aldera lerratzeko asmoz, ekintza prestatu zuen SECEDek, karlismoaren alderdi integristarekin. Guerrilleros de Cristo Rey, Fuerza Nueva, faxista italiarrak, OASek mertzenarioak ―Jean Pierre Cherid tarteko―... zerrenda luzea osatu zuten, ordura arte gerra zikinean aritzeko kontrataturiko mertzenarioekin eta zaleekin. Militarrak eta poliziak ere baziren tartean.


1976ko maiatzaren 9an liskarra sortzeko asmoz joan ziren Jurramendin karlistek egin ohi zuten topaketara. Tiroka hasi ziren, eta bi pertsona hil zituzten: Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos ―hiru egunera hil zen Jimenez―. Inputatu eta epaitu bai, baina hurrengo urteko urtarrilean fidantzapean aske utzi zituzten Jurramendikoarengatik auzipetutako bi pertsona. Santiago Belloch kazetariaren hitzetan esateko, "praktikan, terrorismoaren aurkako borrokari lotutako legez kanpoko ekintzen entsegu orokorra izan zen Jurramendiko Birkonkista Operazioa". Izena ere horixe hartu baitzuen.


Aurrekari horiekin guztiekin, 1977an Triple A siglak agertu ziren aurreneko aldiz. Urriaren 5ean Punto y Hora aldizkariaren egoitzan lehergailu bat jarri zuten, Iruñean. Bi egun geroago, urriaren 7an, David Salvador Jonio hil zuten, Andoainen (Gipuzkoa). Ondoko herri batean, Hernanin, bizi zen Salvador, eta taxilaria zen. Renfeko tren geltokiaren inguruetan aurkitu zuten haren autoa, eta barruan, gorpua, bederatzi milimetroko sei balazorro zituela inguruan. Atzeko aulkitik egin zioten tiro. Handik zazpi hilabetera, 1978ko maiatzaren 23an, beste taxilari baten hilketa bere gain hartu zuen BVEk; ETAkide bati ihes egiten laguntzea leporatu zioten. Martin Merkelantz Sarriegi zuen izena eta Irungoa zen. Oiartzun eta Irun artean, Gipuzkoan, aurkitu zuten, buruan bi tiro emanda hilotz. Taxia handik ez urrun, Pasaian, agertu zen, bala bat zuela barruan.


Punto y Hora aldizkariaren aurkako atentatua, 1977an. Triple Ak aldarrikatu zuen.
Punto y Hora aldizkariaren aurkako atentatua, 1977an. Triple Ak aldarrikatu zuen.


Mertzenario talde berriak

Estatu aparatuek ekin zioten gerra zikinari, baina ez zituzten beren helburuak lortzen, Miralles eta Arques kazetarien arabera. Bide berriak ireki zituzten, beraz. Roberto Conesaren, SECEDeko garai hartako buruaren aginduetara ari zen komisario batek Jose Maria Boccardo bisitatu zuen Carabanchelgo kartzelan, eta hiru egun geroago kalera atera zen Boccardo, txosten judizialak-eta desagertuta; Argentinako Triple A talde ultraeskuindarreko kidea zen Boccardo, erakunde hura han sortua baitzen berez, gerora Euskal Herrian ere sigla berak agertu ziren arren. OASeko buruekin ere bildu ziren zerbitzu sekretuetako ordezkariak, Frantzian. Jean Pierre Cheridekin ere bai. Eta Mario Ricci eta Giusseppe Calzona ultraeskuindar italiarrekin; baita Perret anaiekin ere. Kontaktu horiek eginda, 1978rako prest zituzten beste bi mertzenario talde, Perret anaiek gidatua bata, eta Cheriden eta Ricciren esanetara bestea. Iñigo Iruinek aipatzen zuen "jauzi kualitatiboa" egiteko prest zeuden BVE eta haren adarrak.


BVEren adarrak. Ikerlari gehienak bat datoz, izan ere: sigla ezberdinen erabilera guztiz interesatua egin zuten. Askok BVEri egozten dizkiote garai hartako atentatu gehienak, atentatuak sigla baten izenean edo bestean aldarrikatu zituzten arren. "Zakur berak ziren, lepoko ezberdinekin. Taktika hori erabiltzen zuten iritzi publikoa eta ETAkideak nahasteko, eta, bide batez, Poliziaren irudia salbatzeko", aipatzen dute Mirallesek eta Arquesek. "Erreibindikazioari ez diot kasurik egiten", esan du Mikel Aramendik: "Kalean zeuden txorimalo batzuek terrorismo telefonikoa egiten dutelako dira siglak ugariagoak; periodikoen bidez jakin dutena erreibindikatzen dute". Antzera ikusten zuen Iruinek ere: "Guzti-guztiek erakunde bakar bati erantzuten zioten". 2003an El Mundo kazetari elkarrizketa eman zion militar bat ere oso argi mintzatu zen: "BVE, ATE, Triple A. Horiek siglak besterik ez dira, ateratzen diren izenak eta komenientziaren arabera erabiltzen direnak".


Perret anaien taldearen lehen atentatua, 1978ko uztailaren 2an, Triple Ak erreibindikatu zuen, esaterako. Gero askotan egingo zuten bezala, huts egin zuten lehendabiziko hartan ere: Juan Jose Etxabe errefuxiatuaren autoa tirokatu zuten, baina Agurtzane Arregi hil zuten, Etxabe zauritua utziz. Carrero Blancoren aurkako atentatua egin zutenak hiltzea zuten lehenbiziko helburua bi mertzenario talde berriek. Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala, Txomin Iturbe eta Jose Manuel Pagoaga Peixoto hiltzeko agindua jaso zuten. Baina Beñaran zen lehentasuna. Mirallesen eta Arquesen arabera, Cheriden taldeari eman zioten haren aurka ekiteko zeregina, Perret anaien hutsegitearen ondoren.



Helburua: Argala

Carrero Blanco 1973ko abenduaren 20an hil zuten, Madrilen; mendekuaren erakusgarri, bost urte geroago egun berarekin hil nahi izan dute Beñaran. Etxe atarian aparkatuta utzi ohi duen R5 laranjari hilaren 19ko gauerdian jarri diote lehergaia. Baina egun hartan autorik hartu ez, Beñaranek. Hurrengo goizean, 21ean, sartu da autoan. Giltzari eman, eta mugitzen hasi denean aktibatu du lehergailua. Txiki-txiki eginda gelditu dira autoa eta gorpua. Hilketa aldarrikatzeko telefono deiak Madrilgo Poliziaren Informazio Zerbitzuaren bi bulegotatik egin zituztela ziurtatu zuten Mirallesek eta Arquesek. Atentatua Cheridek, Riccik eta Boccardok egin zutela ere berretsi zuten. Eta zehaztu zuten Pedro el Marino (Pedro Martinez) deitzen zuten gizon batek kontratatu zituela mertzenarioak, Martinezek beti halakorik ukatu zuen arren.


Baina militar batek bertsio horri ñabardura batzuk egin zizkion, El Mundo kazetari 2003an eman zion elkarrizketa batean. Cheridek-eta aurreko lan zikina egin zutela, baina atentatuaz beste zortzi pertsona arduratu zirela adierazi zuen; militarrak ziren sei, eta guardia zibila beste bat. Haien artean, inteligentzia zerbitzuetakoak hiru bederen baziren. "Ez genuen ulertzen nola eman ziezaieketen amnistia eta nola barka zitzaketen gobernuko presidentea hil zutenak", adierazi zion kazetariari. 1984an, Javier Garcia kazetariak sinatutako artikulu batean, El País kazetak aipatzen zuen polizia espainiar bat, polizia frantziar bat eta "espezialista" italiar batek jarri zutela lehergailua. Hipotesiak baino ez dira, ikerketarik ezean eta agiri ofizialak desklasifikatu ezean argituko ez direnak, oraingoz bederen.


Era batera edo bestera, mertzenario belaunaldi berria dagoeneko lanean ari zen. Cherid eta Ricci gutxienez beste lau mertzenariorekin ari ziren: Justo Aleman, Jose Maria Boccardo, Vladimir Vit ―Andre Pervins izena erabili ohi zuen― eta Giusseppe Calzona. Aurreko atentatuetan aritutakoa zen Calzona, 1976an Tomas Perez Revillaren aurkakoan, adibidez; Feli Ziluaga haren bikotekidea zauritu zuten. Perret anaien taldeak, bitartean, Jose Manuel Pagoaga tirokatu zuen, 1979ko otsailaren 13an, Donibane Lohizuneko bere etxearen atarian. Otsailaren 21ean Arantxa Sasiain errefuxiatua bahitzen saiatu ziren Cherid eta Ricci. Maiatzaren 4an Txomin Iturbe tirokatu zuten, eta hanka batean zauritu. Mohamed Khiar Mehmed argeliarrak, Maxime Szonek poloniar jatorriko frantziarrak eta Jacques Debesa marokorrak egin zuten azken atentatu hori. Hutsegiteak pilatzen zihoazen.


Feli Ziluaga, mertzenarioen atentatua jaso eta gero, 1976ko martxoaren 21ean.
Feli Ziluaga, mertzenarioen atentatua jaso eta gero, 1976ko martxoaren 21ean.

Kasualitateak eragin zuen hurrengo hilketa, 1979an. Maiatzean, Cheriden taldea beste helburu batekin bidali zuten Parisera, baina hark ere huts egin zuen, eta GRAPOko bi kide hiltzeko aukera suertatu zitzaien ustekabean. Javier Martinez Eizagirre Parisko jatetxe batean hil zuten, afaltzen ari zela. Aurelio Fernandez Caro hurrengo egunean hil zuten, bere etxea tirokatuta. Ekainean Enrike Gomez Alvarez Korta errefuxiatua hil zuten, tiroz, Baionan. Abuztuaren 2an, berriz, mertzenario talde horietako bat bilduta zegoen ostatutik pasatu zen Angel Iturbe errefuxiatua, espero ez zutela. Ezagutu egin zuten, jarraitu, eta beste bi errefuxiaturekin, Jon Lopategi Carrasco Pantu eta Arantxa Sasiainekin, elkartu zenean tiroka hartu zituzten. Lopategi hil zuten. Irailaren 13an, berriz, Justo Elizaran Sarasola tirokatu zuten, Miarritzen; urriaren 5ean hil zen, erietxean. Frantziako Poliziak bost mertzenario atxilotu zituen Elizarani atentatua egin zioten egunean bertan: Jose Perez, Henri Berger, Alexis Perhun, Marc Obadia eta Maxime Szonek. Abuztu-irailetan Teodoro Izar eta Santiago Ocio errefuxiatuak ere tirokatu zituzten, Hendaian, eta Juan Jose Etxaberen jatetxean bonba bat leherrarazi zuten, Baionan. Egin kazetaren egoitza lehertzeko, Xavier Vinader Interviú aldizkariko kazetaria desagerrarazteko eta Juan Mari Bandres abokatua bahitzeko planak ere egin zituzten garai hartan. Atzera egin zuten azken unean. Hala ere, abiada betea hartzen ari zen gerra zikina.



Etxeko mertzenarioak

Hego Euskal Herrian ere hasi ziren hilketak egiten 1979an, baina, gaur ezagutzen deneraino, horietan ez zuten parte hartzen, normalean, Ipar Euskal Herrian ari ziren mertzenarioek. Garai hartan aski ezagunak egin ziren bi gizonek, Ignacio Iturbide Piti-k eta Ladislao Zabalak egin zituzten hilketa haietako asko, Heriotzaren triangelua izena hartu zuen eremuan, Hernani, Andoain eta Errenteria artean, Gipuzkoan. 1981ean atxilotu zituzten Iturbide eta Zabala. Aitortu zuten zazpi pertsona hauek hil zituztela: Jose Ramon Ansa Etxeberria (1979ko maiatzaren 5ean, Andoainen), Tomas Alba Irazusta (1979ko irailaren 28an, Astigarragan), Felipe Sagarna Ormazabal (1980ko apirilaren 19an, Hernanin), Miguel Arbelaitz Etxeberria eta Luis Mari Elizondo Arrieta (1980ko irailaren 7an, Hernanin), Joaquin Antimasbere Eskoz (1980ko azaroaren 14an, Hernanin) eta Javier Ansa Zinkunegi (1981eko martxoaren 3an, Andoainen).


Jose Maria Zabala Diputazio frankistako presidenteorde izandakoaren semea zen Ladislao. Eskuin muturreko taldeen giroan mugitzen zen. Iturbide, berriz, salatari batek sartu zuen polizia giroan. 1981eko martxoan, Javier Ansa hil eta gero, beste kide batekin atxilotu zituzten, Rogelio Gonzalez Medranorekin. Gonzalez damutu egin zen, eta salaketa itxurako agiri bat idatzia zuen atxilotu baino lehenago. Miguel Castellsen bulegora iritsi zen agiri hura, eta auzitegian aurkeztu zuen abokatuak.


Gonzalez Medranoren salaketen arabera, Iturbidek Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en gurasoen etxea metrailatu zuen eta Juan Paredes Manot Txiki-ren senideak jipoitu zituen 1975ean. Donostiako Alaya tabernaren aurkako atentatu batean parte hartzea eta Bizkaian bi txalet lehertzea ere leporatu zion, besteak beste. Hain justu, Bizkaia aldean ibilia zen Iturbide. 1979an heriotzaren triangeluko lehen hilketak egiten hasi zirenean, Andoainen batzordea osatu zuten herritarrek, ikerketa egiteko. Laster atzeman zituzten Iturbideren eta Zabalaren arrastoak. Batzorde haiek bildutako informazioari esker ezagutu zen Zornotzan (Bizkaia) udaltzain gisa soldata kobratzen egona zela Iturbide, horretan lanik egin gabe ere. 1978an atxilotu ere egin zuten, sute eta leherketa batzuk egotzita ―PCEren Donostiako egoitza txikitzea, adibidez―. Gernika-Lumoko Guardia Zibilak, Hidalgo kapitainaren agindupean zen destakamenduak alegia, emandako pistola bat eta dokumentazio faltsuak zeramatzan berarekin atxilotu zuten hartan. Aske utzi zuten.


Herritarren artean, beraz, laster zabaldu zen Iturbideren eta Zabalaren ibileren berri. Gonzalez Medranoren salaketak ez zuen inor harritu, beraz, baina auzitegian ikerketa zabaltzeko aukera ematen zuen. Baina salaketa hura ezagutu zenerako, Iturbide eta Zabala preso zeuden. Auzia 1985eko ekainaren 11n epaitu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak 231 urteko kartzela zigorra eman zion bietako bakoitzari. Atxilotu zituztenean, BVE desegin zutela zabaldu zuten poliziek; eta Auzitegi Nazionalak, lotura organiko guztiak ukatuz, "beren kasa" jardun zutela erabaki zuen. Kito. Harekin bukatu ziren mertzenarioek Hego Euskal Herrian egin zituzten atentatuen gaineko ikerketak. Gonzalez Medranoren salaketak ere itxita aurkitu zuen atea, dozenaren bat kide inplikatu zituen arren.


Eta BVEren izenean, gainera, Antxon Etxebesteren eta Xabier Agirreren aurkako atentatuak egin zituzten Iturbide eta Zabala atxilotu eta geroago ere. Eta, gehiago dena, Iturbidek eta Zabalak egin zituzten atentatuetako batzuk Triple A eta GAE (Grupos Armados Españoles) taldeen izenean ere aldarrikatu zituzten. Gonzalez Medranok salatutako beste ultraeskuindarretako bat, Ignacio Arteaga, 1982ko uztailean atxilotu zuten, Irunen (Gipuzkoa), udaltzainei tiro egiteagatik. Jose P. Perez Tronco Espainiako Poliziarekin zihoan, ustez ETAk bahitutako pertsona bat askatu asmotan, ikerketak egiten. Pistolak zeramatzaten biek eta, salaketak salaketa, aske zebilen Arteaga.


Espetxean hamahiru urte egin zituzten. 1992an hirugarren gradua eman, eta 1994an kaleratu zituzten biak. Zabala Madrilen egokitu zen, eta Patria Libre talde faxista eratu zuen 1990eko hamarkadan. Iturbidek gaizkilegintzan jarraitu zuen; 1998an berriz atxilotu zuten, baimenik gabe armak edukitzeagatik. Lapurreta batzuk egiten-eta aritu zela uste dute. Bilbon bizi izan zen azken urteetan, eta aurten hil da; Bilbo aldeko mendi batean aurkitu zuten haren gorpua. Bihotzekoak emanda hil zela azaldu zuten.


Iturbidez eta Zabalaz aparte ere ari ziren beste batzuk Hegoaldean atentatuak egiten. 1977tik 1979ra, ultraeskuindarrek eta indar parapolizialek jarraitu zuten kalean txikizioak egiten eta jipoiak ematen, Iruñean eta Donostian nabarmen. Ordiziako denda batean, Ugaoko taberna batean, Donostiako Askatuak taldearen egoitzan... lehergailuak jarri zituzten. Baina eraso gogorragoak ere ari ziren prestatzen, militante abertzale eta ezkertiarren aurka. 1979ko irailaren 24an, Juan Jose Uria Hernaniko alkateari lehergailua jarri zioten auto azpian, lehertu ez zena. Emilio Goitia Euskadiko Ezkerrako kidea bere autoan tirokatu zuten urri hartan; hamar bala sartu zizkioten autoan. 1980ko urte beltza irekiko zuen lehen hilketaren aurrekariak izan ziren: ETAkideak soilik ez, zibilak hiltzeko helburua agertu zuten gerra zikinaren egileek.



Urterik beltzena: 23 hilketa

Aldana tabernaren aurkako atentatuan, 1980ko urtarrilaren 19an, lau herritar hil zituzten.
Aldana tabernaren aurkako atentatuan, 1980ko urtarrilaren 19an, lau herritar hil zituzten.

Konfirmatutako 21 hilketa eta guztiz argitu gabeko beste bi egin zituzten mertzenarioek 1980an. Hego Euskal Herrian ia denak. Karlos Saldise Korta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea urtarrilaren 15ean hil zuten, Lezon (Gipuzkoa). GAE siglen izenean aldarrikatu zuten hilketa. Tomas Alba Astigarragako zinegotzia ere sigla horien izenean hil zutela zabaldu zen, baina Iturbide eta Zabalak aitortu zuten Albaren hilketa, eta ez zuten hitzik egin Saldiseren hilketari buruz. Siglak bereizteak edo ez bereizteak esanahirik ba ote duen argitzerik ez dagoen arren, GAE sigla horien izenean jarri zuten lehergailu bat Lezoko udaletxean egun batzuk lehenago. Eta GAEren izenean egin zuten garai honetako gerra zikinaren sarraski handienetako bat, Bizkaian, Alonsotegin (Barakaldo); lau pertsona hil zituzten. Bilboko Ametzola plazan, berriz, haurtzaindegi baten atarian, lehergailu bat jarri zuten urten hartan, hiru herritar hilez, Triple Aren izenean.


Urtarrilaren 19an, lehergailu bat utzi dute Alonsotegiko Aldana tabernaren atarian. Ospakizun batetik heldu diren dozenaren bat lagun tabernara iritsi direnean, haietako batek lehergailua ukitu edo erabili du, eta zapartatu egin da. Lau lagun hil dira: Pacifico Fika Zubiaga eta Mari Paz Armiño Baron senar-emazteak, Manuel Santacoloma Velasco eta Liborio Arana Gomez. Sei kilo goma-2 zituen paketeak. Hildakoak EAJ ingurukoak dira. Ikerketak ez du emaitzarik; 1981eko maiatzaren 12an sobreseituko dute. Mikel Aramendik ez du argi posible ote den, baina iturri batzuen arabera Jose Amedo Fouce polizia arduratu zen ikerketa hartaz. GALentzat arituko da, 1983tik aurrera, Amedo.


Handik sei hilabetera, antzeko beste ekintza bat. Lehergailu indartsu bat, jende asko dabilen beste leku batean: Bilboko Ametzola plazako Iturriaga haurtzaindegian ―HBko zinegotzi baten bikotekidearena da―. Zapartatu da bonba, eta hiru pertsona hil ditu: Maria eta Antonio Contreras Txabarri anai-arrebak eta Anastasio Leal Serradillo. Maria haurdun zegoen, erditzear. Antzeko beste lehergailu batzuk ere erabili zituzten garaitsu hartan, Berrizko (Bizkaia) eta Elgetako (Gipuzkoa) taberna banatan eta Lemoako udaletxean (Bizkaia), adibidez. Errenterian, Gipuzkoan, Jesus Urkijo eta Mari Karmen Illarramendi hiltzen ere saiatu ziren, martxoan, autoan lehergailu bat jarrita.


Karlos Saldise, 1980ko urtarrilaren 15ean hila Lezon. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea zen.
Karlos Saldise, 1980ko urtarrilaren 15ean hila Lezon. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea zen.


Hipotesi bat, "irudipen bat"

Lehergailu haien inguruan "irudipen bat" badu Mikel Aramendi kazetariak. Francisco Javier Molins Artola tartean izan ote zen. Garai haietan Bilboko gobernu zibilean funtzionario ibilitakoa zen Molins. Fernando Mugika kazetariak, 1990eko hamarkada hasieran, El Mundo kazetan idatzi zuen artikulu bat ekarri du gogora Aramendik; artikuluan, hurbilekoak zituen iturriak aipatuz, idatzi zuen BVErentzat ekintzak egiten aritu zela Molins. Bada xehetasun bat: Jesus Mari Zubikarai Badiola Jhisa, ETA(pm)-ko eta EIAko kide oiha, bahitu egin zuten, eta gorputzean bederatzi bala zituela agertu zen haren gorpua, Eibarren (Gipuzkoa). 1980ko otsailaren 2an gertatu zen hori. Polimiliek, handik sei hilabetera, abuztuaren 2an, Trapagarango (Bizkaia) soldatzaile bat bahitu, interrogatu eta Zubikarai hilda agertu zen leku berean hil zuten. Mario Gonzalez Blasco zuen izena, Agruminsa mehatze-enpresaren tailerretan egiten zuen lan, eta lehergailuak eskuratzeko aukera zuela azaldu du Aramendik. ETA(pm)-k, ekintza bere gain hartzeko argitaratu zuen agirian, adierazi zuen Bizkaian ziharduten ultraeskuindarrekin lotura zuela Gonzalezek, eta informazioa atera ziotela.


Jesus Mari Zubikarai Eibarren agertu zen hilda, 1980ko otsailaren 2an. Egun berean hil zuten Yolanda Gonzalez, Madrilen.
Jesus Mari Zubikarai Eibarren agertu zen hilda, 1980ko otsailaren 2an. Egun berean hil zuten Yolanda Gonzalez, Madrilen.

"Fetxak kontrastatuta", Mario Gonzalez hilda agertu zen garai berean eskatu zuen Molinsek Afrikara trasladatzeko. Hainbat herrialdetatik pasatu ondoren, Liberiara bidali zuten, enbaxadara, eta han galdu zen Molinsen arrastoa, 1990ean, Samuel Doeren aurkako matxinoek Monrovia hartu zutenean. "Nire irudipena da...", esaldia bukatu gabe utzi du Aramendik, baina ulertzen zaio pentsabidea. "Hilketa saio indiskriminatuak izan ziren", nabarmendu du: "Mekanismo horren atzetik seguru SECED edo antzeko zerbait zegoela, hori ez zen, inondik ere, aktibitate inkontrolatu bat. Horrelako bonba bat jarri eta sei hilabetera ez diote utziko beste bonba bat jartzen, inkontrolatuak baldin badira". Ez zutela ikerketarik egin, behintzat, begien bistakoa da. Aramendi: "Alonsotegiko eta Ametzolako kasuak jarraitu ditut, eta hor ez da ezer ikertu. Pentsa: familiartekoek kontatzen dute noizean behin Polizia joaten zitzaiela, galdetuz ea zerbait ba ote zekiten".


Gisa horretako eraso "indiskriminatu" gehiago ez ziren gertatu 1980an zehar, bederen. Leherketa haietan hildako zazpi pertsonen eta Saldiseren hilketez aparte, eta Iturbidek eta Zabalak aitortuta 1980an egin zituzten lau hilketez gainera, BVEk beste hiru pertsona hil zituen Hego Euskal Herrian urte hartan: Zubikarai, Jose Maria Etxebeste Toledo (Irunen, 1980ko abuztuaren 27an) eta Angel Etxaniz Olabarria (Ondarroan, 1980ko abuztuaren 30ean). Horrez gain, Yolanda Gonzalez Martin ―PSTko eta ikasle mugimenduko kidea― hil zuten Fuerza Nueva taldeko ultraeskuindarrek eta poliziek Madrilen, Emilio Hellin tarteko zela ―edozein kasutan, BVEk aldarrikatu zuen hilketa―. Ipar Euskal Herrian, Joxe Martin Sagardia Zaldua Usurbil izan zen hil zuten azken errefuxiatua. Miarritzen gertatu zen erasoa, lehergailu batekin, urte hartako abenduaren 30ean. Tartean gertatu zen Hendayais tabernaren tiroketa, 1980ko azaroaren 23an, Jean Pierre Haramendi eta Jose Camio hilez.


Baina urrunago ere iritsi zen BVE urte hartan. Caracasen, Venezuelan, errefuxiatuei harrera egiteaz arduratzen ziren bi euskal herritar hil zituzten Cheridek eta haren laguntzaileek azaroaren 14an: Esperanza Arana eta Jokin Etxeberria. ETAko kideak eta errefuxiatuak inon ez zirela mertzenarioen eskuetatik libre izango, hori adierazi nahi zieten. Cherid eta haren taldea uztailean izan ziren Caracasen, ingurua ezagutzen. Mirallesek eta Arquesek bildutako datuen arabera, lau milioi pezeta (24.000 euro inguru) gastatu zituzten zerbitzu sekretuen kontura. Azaroan, atentatua egiteko, bi poliziak eraman zituzten armak Caracasera. Cheridek, Boccardok eta Riccik jaso dituzte armak, hotelean. 13:30ean, Arana eta Etxeberriaren etxera joan dira. Espero zuten errefuxiatuen bilera batekin topo egitea, baina senar-emazteak baino ez daude etxean. Etxeberriak ireki du atea, eta hura hil dute aurrena, eta Arana gero, zer gertatzen ari den ikustera agertu denean. Hiltzaileek hegazkin pribatu batean ihes egin dute, Paraguaira bidean. Han egongo dira gordeta, puska batean, giroa baretu arte.


Esperanza Arana eta Jokin Etxeberriaren gorpuak Caracastik ekarri zituen kutxa. Argazkian ageri dira, besteak beste, Txomin Ziluaga, Santi Brouard,
    Tasio Erkizia eta Jokin Gorostidi ezker abertzaleko kideak.
Esperanza Arana eta Jokin Etxeberriaren gorpuak Caracastik ekarri zituen kutxa. Argazkian ageri dira, besteak beste, Txomin Ziluaga, Santi Brouard, Tasio Erkizia eta Jokin Gorostidi ezker abertzaleko kideak.


Emakumeak jomugan

Tartean, 1980an bertan, beste bi hilketa ilun ere gertatu ziren, emakumeen aurkakoak. Urtarrilean lau emakume bortxatu zituzten gizon armatu batzuek, galdeketak egin ostean. Haietako bat hil ere egin zuten. Ana Teresa Barrueta Alvarez; 17 urte zituen. Loiun gertatu zen, Bizkaian. Ultraeskuinari egotzi izan zaio kasua, baina inoiz ez da argitu. Barruetaren kasua hartu zuen abokatuak eskuin muturraren mehatxuak jaso zituen, eta urtarrilaren 25ean Fuerza Nuevako kide batzuk Ana Ereñoren etxera sartu ziren, Bilbon. Egin kazetako langile eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea zen Ereño. Kasuak salatzen aritua zen. Marxista, cerda: te vamos a violar idatzi zioten etxeko horma batean (marxista zerria: bortxatu egingo zaitugu). Auzi hura argitu gabe, urte bereko maiatzaren 8an, Maria Jose Bravo del Valle bortxatu eta hil zuten, Donostiako Loiola auzoan. 16 urte zituen. Burezurra txikituta zuela aurkitu zuten haren gorpua. Kasu hartan, BVEk bere gain hartu zuen hilketa, baina hilketa hura ere ikertu gabe gelditu zen. Datu bat: abortua legeztatzeari buruzko eztabaida puri-purian zegoen garai hartan.


1980ko hilketen gorakada eta gero, mertzenarioen eta gerra zikinaren jarduna moteltzen joan zen, Hego Euskal Herrian bezala Ipar Euskal Herrian. Iturbidek eta Zabalak Javier Ansa Zinkunegi hil zuten Andoainen, 1981eko martxoaren 3an. Hurrengo egunean atxilotu zituzten. Otsailean, ezezagunek jipoi bat eman zioten, BVEren izenean, Victor Fernandez Otxoari, Hernanin, Gipuzkoan. Martxoan, Ipar Euskal Herriko azken atentatuak egin zituzten. Mikel Lujuaren auto azpian lehergailu bat aurkitu zuten, Hendaian, eta Eugenio Etxebeste Antxon tirokatu zuten, Donibane Lohizunen. Vladimir Vit atxilotu zuten orduko hartan, baina berehala utzi zuten aske ―berriz atxilotua eta Fresnesko kartzelan espetxeratua, handik urtebete ingurura hil zen, kartzelan bertan. Orduan ezagutu zuten haren benetako izena, Andre Pervinsen identitatearekin bizi baitzen; Madrilen, Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiarentzat itzultzaile gisa lan egin zuela ere orduan jakin zuten―. Apirilean Jose Javier Zabaleta Baldo errefuxiatua bahitzeko saiakerak egin zituzten. Cheriden taldeak, berriz, Parisen egin zuen garai honetako azken atentatua; Xabier Agirre larri zaurituta utzi zuten. Hura izan zen BVEk aldarrikatu zuen azken atentatua. Estatuaren arreta beste leku batean zegoen 1981erako, aginteari buruzko tira-biretan, Madrilgo barne gatazketan, eta gerra zikina itzaltzen joan zen, berez bezala.



"Isilik mundu guztia!"

1981eko otsailaren 23a. Guardia zibil batzuk sartu dira Espainiako Kongresura, Madrilen. Tiro batzuk egin dituzte airera. Tejero teniente koronela sartu da eta, pistola eskuan, buila egin die aztoratuta dauden parlamentariei: "Isilik mundu guztia!". Estatu kolpeak guztiz baldintzatuko du Espainiako politikagintza hurrengo urteetarako, baina irratietan garai hartan eman zituzten albisteak ez zeuden osatuta. Gerora ezagutu den informazio asko falta zen garai hartan.


Antonio Tejero, Espainiako Kongresuan, 1981eko estatu kolpean diputatuei builaka.
Antonio Tejero, Espainiako Kongresuan, 1981eko estatu kolpean diputatuei builaka.

1980ko urria. Estatu kolpe bat gertatuko ote den hotsak aditzen hasiak dira Madrilen. Estatu kolpe gogor bat, erregimena aldatuko duena, atzera egiteko. Armadako koronel eta teniente koronel batzuk hizketan hasiak bide dira. Sistema politiko berriarekin eta haren moduekin deseroso sentitzen dira. Hots horien berri izanik, beste militar eta politiko batzuk estatu kolpe bigun bat emateko aukera aztertzen hasi dira. Aurrea hartuz gero, militarren kolpea indargabetzeko aukera ikusten dute. Izena ere jarri diote: De Gaulle Operazioa. Asmoa dute muturreko militarrei aurrea hartzea, beren kolpea emateko ezinduz. Kolpe bigun hori kontrolatzeko bitartekoak ziurtatuz, aldi berean. Muturreko militarrak prest daude, eta jarri dute eguna: 1981eko maiatzaren 2a. Aurrea hartu beharrez, estatu kolpe biguna eman nahi dutenek martxoaren 2rako jarri dute eguna. Madrilgo zerbitzu sekretu eta informazio zerbitzu guztiak liskar politiko-militar horiei begira jarriak daude azken hilabeteetan, ahaztuta bezala daukate euskal arazoa.


Gertakizunak errekan behera heldu direla, Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko orduko presidenteak dimisioa ematea erabaki du. Urtarrilaren 29a da, eta edozer gauza gerta liteke. Leopoldo Calvo Sotelok hartu du presidente kargua. Dena bizkortzen hasi da. Jaime Milans del Bosch teniente jeneralak Antonio Tejerori eskatu dio estatu kolpea emateko. Eta azkenean, otsailaren 23an, kongresuan sartu da Tejero, apenas guardia zibil eta polizia batzuk dituela segika. Tanke batzuk kalera ateratzeko agindua eman du Milans del Boschek bitartean. Miralles eta Arques kazetariek ez dute zalantzarik: "Tejero, 1981eko otsailaren 23an Kongresuan sartu zenean, jakin gabe, askoz ere arriskutsuagoa zen kolpe militar bat abortatzen ari zen".


Euskal herritarren eta ETAren aurkako gerra zikinean zerikusia izan zuten pertsona bat baino gehiagok parte hartu zuten otsailaren 23ko kolpe hartan. Tejeroz aparte, han zen Billy el Niño ere, mertzenario bati dirua eman ziola aitortu zuen hura bera. Han zen, baita ere, Juan Montero Ramirez infanteriako sarjentua. 1980ko uztailean atxilotu zuten Montero, lehergailuekin. BVErentzat zirela ondorioztatu zuten, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behineko askatasuna eman zion. Zerbitzu sekretuekin lotura estuak zituzten gizonak agertu ziren kolpean. Cherid bera ere erabili zuten, momentu jakin batean, barne gatazka haren erdian; CESIDen lau eraikinetan lehergailuak jarri zituen, Madrilen, 1982ko ekainaren 14an. Atxilotu ere egin zuten Cherid, baina aske uzteko eskatu zien poliziei, behingoagatik, zekien guztia kontatzen hastea nahi ez bazuten. Eta hala irten zen kalera, bost egun eskas pasatuta atxilo.


1981ean gertatu zenari buruzko azterketa argi dauka Mikel Aramendik: "Gerra zikinaren etena gertatzen da orkestra zuzentzen duen mundu horren barruan kaosa dagoelako". SECED ―gero CESID izango dena― "orkestrako buru" izateko pentsatutako tresna zela ohartarazi du: "Gerra zibil bat zegoen CESIDen barruan. Eta han hori guztia gertatzen ari den bitartean, hemen ez da ezer gertatzen. Beraz, demostratzen ari zara orkestra batean ari zarela. Baliteke tronboi jole batek noiz edo noiz bere kabuz zerbait egitea, baina... Negatiboan jarritako froga bat daukazu esateko: hau beti egon da orkestratuta. Beste pieza bat jotzen hasi direnean, hau isilik egon da".



Tronboi joleen azken doinuak

1981eko ekainetik 1983ko urrira. BVE isildu zenetik, GALen hotsak hasi ziren arte. Bi urte pasa, gerra zikineko ekintza argirik gabe. Mikel Aramendik aipatzen dituen tronboi jole haietako batzuen hotsak entzun ziren tartean. Aurreko urteetako hilketa asko ilunpean gelditu baziren, oraindik eta ilunagoak izan ziren 1982an gertatu zirenak. Zerrenda ixten ere taxilari bat dago: Pablo Garaialde Jauregizabal. Berastegiko lurretan (Gipuzkoa), herritik bost bat kilometrora, Leitzarango trenbide zaharraren bidean aurkitu zuten Garaialderen gorpua. Eskuak lotuta zituen, eta aurpegira egin zioten tiro, moztutako eskopeta batekin. Autoa hurrengo egunean aurkitu zuten, Tolosa inguruko gurdibide batean. Dokumentazioa eta dirua ez ziren agertu. Egun batzuk lehenago, azaroaren 6an eta abenduaren 31n, milaka DNI huts lapurtu zituzten Tolosa inguruetan; gisako arma bat erabili zuten lapurrek. Ekintza Triple Ari egotzi zioten, baina ez zuen inork aldarrikatu, berez.


Ekainaren 16an, beste heriotza ilun bat. Mirallesek eta Arquesek Amedo: el estado contra ETA liburuan aipatzen dute Jose Angel Uriagereka hil zutela Amerikako Estatu Batuetan. Euskadi Ta Askatasuna entziklopediak ere aipatzen du erbesteratu bat "baldintza arraroetan" hil zela, poliziak atxiloturik zeukanean. Mirallesek eta Aquesek zehazten dute BVE izan zela, baina datu gehiago eman gabe. Zerrendetatik desagertua dago Uriagerekaren kasua. Oraindik eta arraroagoa izan zen martxoaren 19an gertatua: Frantziako bi polizia, CRSak, hilda aurkitu zituzten Baigorrin, Nafarroa Beherean. Inork ez zuen bere gain hartu hilketa hura. ETAri egotzi zizkioten hasieran, baina hark laster ukatu zuen. Azkenean, Filipe Bidart IK-ko kideari leporatu zizkioten hilketak; epaitu eta bizi osorako espetxe zigorra eman zioten auzi harengatik. Baina ez Bidartek ez IK-k ez dituzte inoiz onartu akusazio horiek, eta ukatu egin dute beti bi polizia haiek hil izana. Argitu gabe jarraitzen du auzi horrek ere.


Hilketa horiek gorabehera, barne gatazkak argitzen jarraitzen du Madrilek. Otsailaren 23ko estatu kolpearekin militarrei eskuak lotuta, hauteskundeak egin dituzte, eta PSOEk irabazi ditu. Abenduaren 1ean Felipe Gonzalez presidente aukeratu dute. Frantziako Presidentetzan François Mitterand sozialista dagoenez 1981eko maiatzetik, elkar ulertzeko bideari ekingo diote bi gobernuek. Polizien goi karguak-eta berritzen hasiko da PSOE Madrilen. Baina zerbitzu sekretuek eta informazio zerbitzuek, barne arazoak bideraturik, berriro ere euskal arazoan jarriak dituzte begiak eta gogoak. Gerora GAL izango dena sortzeko eztabaidak hasiak dituzte PSOEk agintea hartzerako.



Lehengo lepotik burua

"Kontratatzaile bat, bisagra gisa egiten duena... Hori izan zen BVEren lan eredua. Polizia batzuk, kontratazioak egiten zituztenak, eta gero mertzenarioak. Baina giltzadura funtzionario batzuek egiten zuten, eta kontratatuek ez zekiten zeinek eta zergatik agintzen zuen". GAL diseinatzerakoan, aurreko urteetako gerra zikinaren esperientziak izango du eragina, aktore batzuk aldatu arren, hala pentsatzen du Aramendik, ez baitu funtsezko aldaketarik sumatzen BVEren eta GALen artean: "Nik uste oso berdinak direla. BVEk era berdintsuan funtzionatzen zuen. Amedo, Planchuelo... zeuden lekuan Ballesteros eta konpainia egongo ziren seguru asko".


Ezberdintasun bakarra sumatzen du: GALi erakunde baten itxura eman nahi izan ziotela hasieratik. "GALen kasuan gertatzen dena da hasieratik norbaitek erabakitzen duela erakunde baten irudia ematea interesgarria dela. Hori, Amedok esaten duenez, [Julian] San Cristobalen eta [Ricardo Garcia] Danborenearen ateraldi bat da, besteak beste pentsatzen dutelako ETAkoak beldurtu egingo direla horrela eginda". Oker, Aramendiren ustez. Nabarmendu du BVEk "kalte gehiago" egin ziola ETAri. "BVEk lortu zuen zuzendaritzako kide batzuk hiltzea edo larri zauritzea. GALek, ordea, apenas ekintzaile batzuk, baina zuzendaritzako ia inor ez".


PSOEk polizia eta informazio zerbitzuetako agintari gehienak aldatu zituen arren, jokatzeko eta pentsatzeko moduan ez zela aldaketarik egon uste du Aramendik: "Ez dago aldaketarik. Aparatu errepresiboan izendapen berriak egon daitezke, baina ez dago ideologia aldaketarik". Eta adibide bat eman du: "Galindo Saez de Santamariak ekarri zuen Donostiara". Alegia, lehen belaunaldiko gerra zikinarekin loturak izan zituen pertsona batek eskutik ekarri zuela bigarren belaunaldiko gerra zikinaren oinarrietako bat.


Helburuetan ere ez du alde funtsezkorik sumatzen Aramendik: "BVEren aktibitateak, 1970eko hamarkadan, gerora GALek egin zituenen antzekoak ziren. Batzuek ebidentzia hori ukatu nahi duten arren, lotura argia dago bi erakundeen eta aurrena batean eta gero bestean aritu ziren pertsonen artean". Bi adibide baino ez emateagatik: Tomas Perez Revilla errefuxiatua hiltzen behin baino gehiagotan saiatu zen BVE; GALek hil zuen, azkenean, 1984ko uztailaren 28an. Etxaberen Baionako tabernari eraso egin zion GALek 1984ko abuztuan; BVEk hamaika eraso eginak zizkien ordurako etxabetarrei.


Lotura horien berri, eta arduradunen erantzukizunari buruzko zertzelada batzuk, mertzenario batek eman zizkien Miralles eta Arques kazetariei, 1985eko udan. Dirua lortu nahirik jo zuen haiengana. Ez zuten tratua itxi, baina kazetariei hitzaldia eman zien Giusseppe Calzonak, urteetan Cheriden lankide izan zenak: "Begira, BVE eta GAL hiru bulegotan jaio dira. Bat Gobernuaren Presidentetzan dago, beste biak, Barne Ministerioan. Gobernuak pagatzen du, eta Barne Ministerioak errekrutatu egiten du. Nik izenak eta deiturak eman ditzaket. Baina egun horretan Espainiatik joan beharko dut. Kazetariok asko dakizue, baina gugana baino ez zarete iritsiko. Inoiz ezingo duzue demostratu ministro bat edo presidente bat erakunde horien atzean dagoela. Hurrengo mailara ere ez zarete iritsiko, aginduak ematen dizkiguten polizien mailara. Guri bakarrik ematen diguzue egurra, eta hori ez da justua. Espainiako Gobernuak, lehen UCDrekin eta orain PSOErekin, antolatu eta finantzatzen ditu ETArren hilketak. Ez dizut gehiago esango ez badidazu gehiago ordaintzen, baina ongi hartu zaitut, eta denbora gehiago emango dizut pentsatzeko". Horretan gelditu zen.



Ebidentziarik ez, "negatibozko frogak"

GALen auzian, arrazoi batengatik edo bestearengatik, ikerketa batzuk egin eta galdera ikur batzuk argitu baziren, gerra zikinaren aurreko kapituluei buruzko ebidentzia gutxi daude. Aramendik dioen bezala esateko, "negatibozko frogak" daude. Alegia, estatu batek zerbait ikertzeari uko egiten dionean agerian uzten duela zerbait ezkutatu nahi duela.


"Negatibozko frogak" baino datu gehiago badaude mertzenarioen eta estatuko aparatuen arteko loturak bilatzeko. Begien bistakoa da Espainiak Baionan zuen kontsuletxeak egin zuen lana mertzenarioak babesteko. Mariano Baselga zen garai hartako kontsula. Beste enbaxada asko bezala, Baionako kontsuletxea ere "espioitzaren tresna bat zen, argi dago", Aramendiren hitzetan. Mertzenarioak aske uzteko, mugara eramateko, paper kontuak konpontzeko... lanak egin zituen urte haietan. Poliziei dagokienez, Ballesteros bera zipriztindu zuen Hendayais tabernaren aurkako atentatuak, baina polizia gehiago ere ikusi eta atzeman zituzten urte haietan Lapurdin, arma ez erreglamentuzkoekin, errefuxiatuei buruzko informazio eta argazkiekin... Atxilotu ere egin zituzten haietako batzuk.


1980ko hamarkada aurreratu ahala, lehen belaunaldiko gerra zikina egiten aritu ziren mertzenario haietako gehienak, hilda ez zeudenak bederen, diru beharrean aurkitu ziren, zerbitzu horietarako kontratatzen ez zituzten neurrian. Komunikabideetara ere jo zuten haietako batzuek, dirua erraz eskuratu nahian. Baina mertzenarioen artetik informazio gehien izan zezakeena ere baldintza arraroetan hil zen. Jean Pierre Cherid paraxutista zen, militar profesionala, lehergailuekin trebezia zuena. Horregatik, bat baino gehiago dira zalantzan jartzen dutenak nolatan hil zitekeen lehergailu bat zapartatuta. Hil zuen leherkaria, gainera, Poliziak emana zion. Susmoak handitu baino ez ditu egiten horrek. 1984ko martxoaren 19an hil zen, Miarritzen (Lapurdi). Txikituta gelditu zitzaion gorpua.


Zalantza gutxi daude Cheriden parte hartzeari buruz; ia hasieratik (BVErekin) 1984 arte (GALekin) iraun zuen gerra zikineko jardunetan. Andre Noel Cherid haren anaiak ―OASeko kide zen hura ere; atxilotu eta bizi osorako zigorra eman zioten, Algerian― azaldu zuen Espainiako Poliziaren eta OASen arteko zubilanak egin eta SECEDentzat lan egin zuela. Bestalde, Cherid hil zenean, Teresa Rilo haren bikotekideak kalte-ordaina eskatu zion Estatuari; gogora ekarri zuen Vladimir Vit mertzenarioaren senideei eman zietela kalte-ordain bat, 1981ean, mertzenarioa espetxean hil ostean. El País kazetari esan zionez, Cherid 1978tik ari zen Espainiako poliziekin lanean. Ministerioak guztiz ukatu zuen.


Rilok kalte-ordaina eskatu zuen hartan, Miralles eta Arques kazetarien arabera, Billy El Niño izan zuen interlokutore Barne Ministerioan. Hain justu, Ballesterosen aurkako epaiketan mertzenario bati dirua ordaindu ziola onartu zuen Billy El Niñok. 1975 eta 1977 artean, gainera, Informazio Brigada Zentralean aritu zen, Roberto Conesaren aldameneko gisa. Aramendiren esanetan, "Conesa eta horiek ziren errepresio politika zuzentzen zutenak". Mirallesentzat eta Arquesentzat, Conesaren "eskuin eskua" zen Billy El Niño. 1979an Ballesterosek hartu zuen Conesaren lekua, eta lehengo postuan eutsi zion Billy El Niñori. Bestalde, gerra zikina hasi zuten urte haietan, Andres Casinello izan zen SECEDeko burua 1997 arte, eta CESIDekoa 1979tik aurrera. Aramendik ere hortxe jarri du galdera ikurra: "Mertzenarioen gaineko diseinua nondik dator? Dena jakin behar lukeen gizona Casinello da".


Andres Casinello, SECEDeko burua izan zen 1977 arte, eta CESIDeko burua 1977tik 1979ra.
Andres Casinello, SECEDeko burua izan zen 1977 arte, eta CESIDeko burua 1977tik 1979ra.

Militar-polizien eta mertzenarioen arteko loturak bazirela agerikoa da, beraz. 1985ean, Jose Luis Cervero Carrillo GOSSIko (Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzu Sekretuen Talde Operatiboak) kidea elkarrizketatu zuten Interviú aldizkarian: "ATE talde misto bat zen, guardia zibilekin eta ultrekin osatua. ATE ez zen erakunde bat. Erabiltzen ziren sigla ugarietako bat zen, Guardia Zibilaren Estatu Gorenetik aginduak jasotzen zituzten taldeek asmatutako siglak. Guardia Zibilarekin, OASeko kideak ere bazeuden, eta Italiako Ordine Nuovokoak, Gobernuko Presidentetzaren zerbitzu sekretuentzat lanean ari zirenak, garai hartan Andres Casinellok gidatuak".


Hil zenean, Cheriden gorpuaren puska guztiak biltzeko denbora behar izan zuten poliziek. Baina erabiltzen zituen nortasun agiriak eta telefono zenbaki batzuk topatu zituzten. Esaterako, Manuel Pastrana Guardia Zibileko sarjentuaren telefono zenbakia; baita Barne Ministerioko Ekintza Berezien Kabinetekoa ere; eta egile askok gerra zikinaren lehen belaunaldiko "giltzaduratzat" jotzen duten Pedro Martinez Pedro el Marino-rena; eta beste polizia batzuenak. Tartean, GOSSIko kide baten nortasun agiria ere bazuen Cheridek. Cheriden heriotzarekin, lekuko deseroso bat betirako isildu zen. Gerra zikinaren ia hamar urteko historiaren berri bazuen lekuko deseroso bat. BVEri buruzko ikerketak, beraz, horretan gelditu dira: polizia batzuen eta mertzenarioen artean harremana izan bazen, hortik aurrerako guztiak argitu gabe jarraitzen du.



Salbuespenetarako, baina itzali gabe

Iñaki Esnaola, Jon Idigoras eta Josu Muguruza, Madrilen, 1989ko azaroaren 20an. Esnaola larri zauritu eta Muguruza hil egin zuten argazki hau
    hartu eta ordu gutxitara.
Iñaki Esnaola, Jon Idigoras eta Josu Muguruza, Madrilen, 1989ko azaroaren 20an. Esnaola larri zauritu eta Muguruza hil egin zuten argazki hau hartu eta ordu gutxitara.

GALek 27 euskal herritar eta militante hil zituen iraun zituen hiru urteetan. Hura desagertu eta geroztik gertatu dira hilketa ilun bat baino gehiago, hala ere. Sonatuena, eraginarengatik, Josu Muguruza HBko mahaikidearen hilketa izan zen. 1989ko azaroaren 20an, Franco diktadorea hil eta justu hamalau urtera, ultraeskuindarrek hil zuten, Madrilen. HBko ordezkariak han ziren, parlamentari eta senatari kredentzialak hartzera joanak. Eguneko beharrak bukatuta, Alcala hotelean ari ziren afaltzen. Gaueko hamaiketan, bi gizon sartu ziren, eta bizkarretik tiro egin zioten Muguruzari, metrobete eskasera. Bertan hil zuten, eta Iñaki Esnaola abokatua zaurituta utzi, larri. Bederatzi milimetroko balak erabili zituzten, Lurreko Ejertzitoak erabili ohi dituenen tankerakoak. Ricardo Saenz de Ynestrillas ultraeskuindarra eta Angel Duce polizia atxilotu zituzten, eta atentatua talde ultraeskuindar batek bakardadean antolatua izan zela zabaldu zuen bertsio ofizialak. Epaiketan akusazioa eraman zuten abokatuek eta HBren garai hartako ordezkariek argi zuten, baina, hilketa gertatu zen moduan egitea ezinezkoa zela laguntza zabalago bat gabe. Azkenean, Ducek baino ez zuen kartzela zigorra jaso.


Bi hilabete lehenago, irailaren 20an, beste pertsona bat hil zuten, Errenterian (Gipuzkoa). Postari bat zen, Jose Antonio Cardosa, eta 22 urte zituen. Postontzian pakete bat sartzen ari zela hil zen, eskuetan lehertu zitzaiolarik. Ildefonso Salazar HBko kideari bidali zioten paketea berez. Aldi berean, argitu gabe gelditu diren beste gertaera batzuk ere izan dira azken urteetan, GAL desagertu eta gero ere. 1988ko azaro hasieran, Fermin Urtizberea Ugartemendia HBko Hondarribiko (Gipuzkoa) zinegotziak salatu zuen sei gizonezkok bahitu eta torturatu zutela. Urtizbereari autoan lehergailu bat jartzen saiatu ziren urtebete lehenago, eta mehatxuak eta bestelako erasoak ere jasoak zituen ordurako. 1994ko maiatzean, berriz, poltsa lehergarri batzuk agertu ziren, Artxandan (Bizkaia), abandonatuta bezala. Hiru herritar zauritu ziren. Larriagoa izan zen Donostiakoa: 2001eko abuztuaren 20an, Txioka tabernan utzitako jostailu bat lehertu zen. Maria Francisca Eraunzetamurgil Alkorta hil egin zen, eta zauritu egin zen haren biloba.


1997ko martxoaren 27an Josu Zabala Basajaun ETAkidea agertu zen hilda Punta Mendatan, Itziar eta Deba artean, Gipuzkoan. Mendizale batzuek atzeman zuten. Bihotzean tiro bat zuen, eta bere buruaz beste egin zuela zabaldu zuen bertsio ofizialak. Hilda agertu baino egun batzuk lehenago desagertu zen, Bilbon, zita batera zihoala. Orduan ere zalantzarako tarte gehiegi agertu ziren, ordea: hilda aurkitu zuten lekuan ez zegoen odolik; ustez hil zuen balaren zorroa ere ez zuten aurkitu; oinetakoetan itsatsia zuen lurra eta aurkitu zuten lekukoa ez ziren klase berekoak; Itziarko inguru haietan inork ez zuen tiro hotsik sumatu; ustez hil zuen armak ez zuen atzamarren markarik; desagertu zenean zeramatzan giltzak, dokumentazioa eta dirua ez ziren agertu... Eibarko epaileak artxibatu egin zuen auzia.


1999ko martxoaren 20an, 06:30ean beste ETAkide bat aurkitu zuten hilda, Joselu Geresta Ttotto. Bezperan hila zen. Errenteriako Zamalbide auzoan agertu zen, tiro batekin buruan hura ere, eta bere buruaz beste egin zuela zabaldu zuen, orduan ere, bertsio ofizialak. Auzitegiko medikuen azterketak ez zuen bertsioa baieztatu, eta ideia hura kontrajartzen zuten datu bat baino gehiago agertu ziren: Geresta eskuina izanik, heriotza eragin zion pistola gorpuaren ezkerraldean agertu zen, tiroa ere buruaren eskuinaldean zuela; pistola 6,35 kalibreko Astra bat zen, ETAk ordura arte inoiz erabili gabeko mota batekoa; gorpua, hil ostean, mugitua eta manipulatua izan zela zabaldu zen; bi hagin falta zituen, eta beste bat moztu egin zioten, hil eta gero; eta eskuin eskuko hatz bat patrikan erdi lotua zuen. Geresta bera noraezean ikusia zuten herritar batzuek aurreko egunetan; haginetan txip bat jarri ziotela eta jarraika ari zitzaizkiola esaten aritu zela ezagutu zen. Sei egun ziren haren arrastoa galdu zutela; Hernani, Andoain eta Errenteria arteko mendietan ikusi zuten egun haietan.


Beste heriotza ilun bat ere gertatu da geroztik, baina. Jon Anzak 2009ko apirilaren 18an hartu zuen Tolosarako trena (Okzitania). ETAko kide batzuekin biltzekoa zen han. Baina arrastoa ere orduan galdu zioten. Ez zen inoiz zitara ailegatu. Handik hamabi egunera agertu zen Anza, Okzitaniako Tolosako Estrasburgo etorbidean, osasun egoera kaskarrean; minbizi bat zuen, izan ere. Osasun zerbitzuetako langileek hartu, eta Purpan erietxera eraman zuten. Ia urtebetez desagertuta egonik, erietxean hil ote zen edo hilda atzeman zuten ere ez da argitu. Erietxeko gorputegian agertu zen gorpua, 2010eko martxoaren 11n. Tolosako auzitegiak artxibatu egin zuen kasua, minbiziak eragindako enbolia batengatik hil zela ebatzita. Ikerketa behar bezala ez zutela egin salatu dute behin baino gehiagotan Anzaren senide eta gertukoek. Gertaera gerra zikinarekin lotzea bera ere zigortzen saiatu zen Espainiako Gobernua.


Jon Anzaren desagerketa salatzeko manifestazio bat, 2010ean.
Jon Anzaren desagerketa salatzeko manifestazio bat, 2010ean.

ETAkoak ziren, edo izanak ziren, edo ustez informazioa izan zezaketen pertsonak behin baino gehiagotan erretenitu izan dituzte poliziek. Baita azken urteetan ere. 2008an Juan Mari Mujikak salatu zuen poliziek bahituta eduki zutela, Donapaleun (Nafarroa Beherea), eta 2009an Daniel Saralegik antzeko beste salaketa bat egin zuen. Bi adibide baino ez dira. Jon Anza ere poliziek bahitu zutela defendatu izan dute ezker abertzaleko hainbat eragilek. Iñaki Etxaberen hilketak (1975ean) argitu gabe jarraitzen duen bezala jarraitzen du argitu gabe Jon Anzaren heriotzak (2009an).



Izua tatuatzen

Mehatxu anonimoak, egoitzak erretzea... halako gertaerak errepikatu dira denboraren joanean; eta herritar ugarik salatu dute, GAL desagertu eta gero ere, poliziek bahitu egin dituztela galdekatzeko, horretarako auzitegien agindurik izan gabe. Baina, GALek bere atentatuak bukatu ostean, beldurra eragiteko beste bitarteko bat erabiltzen ere hasi ziren sekula identifikatu ez dituzten pertsonek. Herritarrei gorputzean GAL siglak eta ikur faxistak grabatzen hasi ziren. 1987ko maiatzaren 30ean, Jose Ramon Iriarte LKIko eta Komite Antinuklearretako kideari egin zioten. Irailaren 10ean, Falange Españolaren siglak grabatu zizkioten Delfin Laguerari Iruñean. Irailaren 12an, Edurne Sampedrori gurutze gamatu bat grabatu zioten, Gasteizen. Irailaren 25ean, Agustin Celihuetak eta Juan Ramon Iriartek egin zuten salaketa hori bera. Azaroaren 26an, Iranzu Mugetak salatu zuen gurutze gamatua grabatu ziotela. Adibide batzuk baino ez dira. 1991 arte ohikoak izan ziren halako erasoak eta jipoiak, gazteen aurka erabiliak batik bat. Asier Gozategi trikitilariak Egin egunkariari kontatu zion bere aurkako Poliziaren jazarpena, 1989an hasi zena, esate baterako.


Gerora ere ez ziren erabat desagertu halako atentatuak. 2009tik aurrera indarra hartu dute gainera; ultraeskuindarrek hainbat eraso edo ekintza egin zituzten Nafarroan 2009an, ezker abertzalearen kontra, baina, bereziki, memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten pertsona eta kolektiboen aurka. 2009ko martxoan eta apirilean bi lehergailu txiki zartatu ziren Tuteran eta Argedasen, herriko tabernan eta gaztetxean, hurrenez hurren. Iruritan, frankismoko esklaboen oroigarria puskatu zuten; Ahaztuak 1936-1977 taldeko kide bati mehatxuak egin zizkioten; Artikan, frankismoko biktimen plaka hondatu eta Viva Cristo Rey pintatu zuten bertan; Arbizuko eta Orkoiengo zinegotziek hiltzeko mehatxuak jaso zituzten; Ezkaba mendiko presoen omenezko mausoleoa txikitu zuten; Txinparta taldeko kide bati ere mehatxuak egin zizkioten. Urte hartako irailaren 22an, Falange y Tradicion taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herriko lau herrialdeetan eginiko 25 eraso. Faxismoa goratuz ere pintaketa ugari egin dituzte gerora.


Eta azken urteotan ere jarraitu dute. Gipuzkoan, 2011ko uztail-abuztuetan, Lasarte-Oriako eta Andoaingo alkateei mehatxuak egin zizkieten ultraeskuindarrek; urrian, Iñaki Errazkin Bilduko kideari Azpeitiko udaletxera heldu zitzaion mehatxua. Eta aurten Bilduko beste bi hautetsiri, Baztango eta Elizondoko alkateei, iritsi zaizkie heriotza mehatxuak. Sonatua izan zen, baita ere, Sonia Polo Bilboko jaietako txupinerak jaso zuen mehatxua; haren argazkia eta balazorro huts bat zituen gutuna jaso zuten Bilboko udaletxean, 2009an. Gerra zikinak eta haren inguruko inpunitateak izua tatuatzen jarraitu dute urte askoan. GALen aurretik eta GALen ondoren. Baina itxita segitzen dute ate batzuek.